URTEKO BOSGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Dohakabeari emaiten diona argi bat da )

Izai profetaren liburutik 58,7-10

7 Hunela mintzo da Jauna:
Zure ogitik emozu gose denari,
har zure etxean aterberik gabe den behartsua,
jantz biluzirik ikusten duzuna,
ez huts egin zure haurrideari.
8 Orduan zure argia egunsentia bezala zabalduko da,
eta zure sendatzea laster obratuko.
Zure zuzentasuna zure aitzinean ibiliko da,
eta zure ondotik Jaunaren aintza.
9 Orduan, zuk dei egin, eta Jaunak ihardetsiko;
zuk oihu egin eta harek erranen: “ Hemen nauzu.”
Zure herritik baztertzen baditutzu
uztarri, mehatxu-jestu eta ele gaixtoak,
10 gose denari zure ogitik ematen badiozu,
eta behartsuaren premia asetzen baduzu,
zure argia ilunbetan ilkiko da,
eta zure ilunbea eguerdi bete bilakatuko.

Lerro hauek Biblia guziko ederrenetarik dira, eta guretzat idatziak. Alta Jesu Kristo
aitzineko seigarren mende azkenekoak dira.
Desterrutik itzuli berriak diren izraeldarrak lehengo pratiketan hasiak dira berriz :
sakrifizioak tenpluan, barur eta otoitz. Bainan Izaik garrazki erasiatzen ditu : “Aharran eta
kalapitan egiten duzue barur, elkarri ukabil ukaldika…Hori ote da maite dutan barura ? “
(58,4-5)
Eta horra hemen errepostua Jainkoak zer nahi duen galdegiten duteneri : “ Zeure ogitik
emozu gose denari, har zeure etxean aterberik gabe den behartsua. Jantz biluzirik ikusten
duzuna, ez huts egin zeure haurrideari.” Zenbait lerrotan dena errana da : profeten
erakaspenaren bilduma dugu hau. Abrahamen denboratik zer bidea eginik ! Lehenago Izraelek
uste zuen Jainkoari abereak sakrifikatzea atsegin zitzaiola, barur egitea, otoitzak luzatuz.
Bainan profetek besterik oihukatzen zioten : kultua ez da aski, Jainkoarekilako elkargoa bizi
behar da. Hots, hemen gainean irakurri dugun hori pratikatu. Aldeko laguna zerbitzatzea,
horra Jainkoari atsegin zaiona. Orduan du kultuak bere balio guzia hartzen.

Salmoa 111

Leloa: Gizon zuzena zaiku jeiki,
Gaupean barna denen argi.

Bai dohatsua Jaunaren beldur den gizona,
Haren nahian goza gozatuz dabilana.
Ilunbetan du zuzenen argi dirdiratzen,
Hain baita ezti, bihotz oneko eta zuzen.
Denentzat badu bai ele ona, bai laguntza,
Dauzkanak oro zuzenkienik badabiltza.
Ezta sekulan lerratu eta eroriko
Gizon zuzena aipatua da sekulako.
Ez berri beltzen beldurrik nehoiz pizten hari;
Haren bihotza osoki dago Jainkoari.
Bihotza dauka bakean eta beldur gabe,
Bere etsaiak ahalgetuak ikus arte.
Behartsuentzat badu laguntza, badu argi;
Kopeta gora agertuko da lorioski.

Lehen lerroak salmo guziaren gakoa emaiten du, eta aldi berean, Jainkoaren alderateko
gure harremanek nolakoak izan behar duten argitzen :“Bai dohatsua Jaunaren beldur den
gizona. “
Beldur hori Biblia guzian alha da. Zer erran nahi du, xuxen ? Izialdura ? Ikara ? Salmoko
bigarren bertsetak argitzen gaitu : “Haren nahian goza gozatuz dabilana. “ Beraz Jaunaren
beldurra Jaunaren nahian gozatzea da, hura onartzea, haren nahiaren maitatzea. Amodioak
beldur-ikara kanpo ezartzen du. Jainkoa boteretsua da, bainan amodioaren botereaz. Zoriontsu
nahi gaitu. Guri da onartzea Jainkoak maita gaitzan.

Bigarren irakurgaia

( Paulo Mesias gurutzefikatuaren predikari )

Jondoni Paulok Korintiarreri 2,1-5

1 Haurrideak,
ni zuenganat etorri nintzanean, Jainkoaren mixterioa iragartzera,
ez nintzen giza zuhurtziazko hitz ederrez mintzatu.
2 Alabainan, zuen artean ez nuen deusik jakin nahi izan,
Jesu Kristo , Mesias gurutzefikatua baizik.
3 Nihaur, ahul, herabe eta ikara handitan
agertu nintzen zuen aitzinean.
4 Nere hitza eta predikua ez ziren giza zuhurtziazko ele sarkorrak,
bainan Izpirituaren indarra erakusten zuten,
5 zuen fedea ez zadin giza zuhurtzian finkatua izan,
bainan Jainkoaren indarrean.

Jondoni Paulok kontrajartzen ditu Jainkoaren mixterioa eta giza zuhurtzia. Jainkoaren
mixterioak erran nahi du Jainkoaren onginahia. : Jesusen inguruan gizadi guzia maitasun
osoan biltzea. Jesusek berak zer egin zuen maitatzeaz besterik ? Bainan Izrael ez zagon
kurutzean itzatu Mesias baten beha. Haren ustetan Mesiasek errege boteretsu izan behar zuen.
Bizkitartean Paulok kontrakoa oihukatzen du : Mesias apaldua, laidostatua, kurutzefikatua.
Hori da Jainkoaren egiazko zuhurtzia, gizakiak, berez, konpreni ez dezakena.
Paulok kontrajartzen ditu ere mezuaren oihukatzea eta aho-eder izaitea. Berri ona ez da
ele ederrez mezutzen. Mesias pobre eta kurufikatua apaltasunean predikatzen da. Mesias
zerbitzariaren zerbitzari da mezularia. Ez dituzte ele ederrek hunkitzen bihotzak, bainan
Izpirituaren hatsak, beti xumetasunean ufatzen duenak. Izpiritu Saindua gu baino predikari
hobea da. Hari behar diogu utzi ahoa.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ni naiz munduaren argia, dio Jaunak
Argia badu ene ondotik dabilanak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik
5,13-16

Egun hartan, Jesusek erran zioten bere dizipulueri:
13 “ Zuek zirezte lurraren gatza.
Bainan gatza gezatzen bada, nola gazi berriz?
Deusetako ez da on,
kanporat bota eta jendeak zangopilatzeko baizik;
14 Zuek zirezte munduaren argia.
Ezin daiteke gorde mendi gainean den hiria
15 Argi-untzia ere ez da pizten gaitzurupean ezartzeko,
bainan argimutilaren gainean ,
eta etxean diren guziak argitzen ditu.
16 Halaber, zuen argiak argi beza jendeen aitzinean,
zuen egintza onak ikusiz
zeruko zuen Aita gorets dezaten.”

Jesusek bere dizipuluak misiolari egiten ditu erraiten diotelarik gatz eta argi direla mundu
hunentzat. Ez da Elizarik munduarentzat baizik. Jadanik Izrael Herri Hautatu zen, bainan
munduaren zerbitzuko.
Zer dute elgarrekilakorik gatzak eta argiak ? Biek “argitan emaiten” dutela. Gatzak
jatekoa jangarri egiten du, eta argiak munduaren edertasuna erakusten. Jatekoa bada gatzik
gabe ere; mundua bada argitua izan aitzin. Izaiteko, nehork ez du gure beharrik; hala ere,
Jesusen arabera, badugu hor zerbait egitekorik.
“Lurraren gatza” gira jendeeri erakusteko beren biziaren zaporea. Jendea ez dago gure
beha amodioa bizitzeko hainbat gisetarat. Ebanjelioa mezutzea hau da : “Jainkoa zuen artean
da amodiozko ele eta ekintza orotan.” Amodioa den lekuan han Jainkoa. “Munduaren argia”
gira munduaren edertasuna agerian ezartzeko, itsuskeria guzien gatik eta gainetik. Bainan hori
ez daiteke egin apaltasunean baizik. Argi eta gatz izaiteko anitz maitatu behar da.
Jondoni Matiuk argi eta gatzaren aipamena Dohatsutasun-en segidan ezarri du. Lokarri
bat badaiteke bi pasarte hauen artean : argi eta gatz izaiteko Dohatsutasun-en arabera bizi
behar da (erran nahi baita errotik munduaren izpirituaren kontra) : apal, ezti, garbi, zuzen …