Gatza eta argia

Urteko 5. igandea A (2020-02-09)

Joan den igandean, Jesusen Aurkezpenaren jaia ospatzean, ez genuen irakurri Mendiko Hitzaldiaren, Zoriontasunen, hasiera. Eta funtsezkoa da hura segidan datozen bi parabola labur hauek ulertzeko.

Parabolak eta zoriontasunak

Zoriontasunak Jesusen mezuaz ardura duen eta bera ulertu nahi duen jendeaz mintzo dira; kristau-elkarteko (Jainkoaren erregetzaren hasieran) kide izan daitekeenaz. Baliorik ezohikoenak aldarrikatuz, esperantza-kantu dira zoriontasunak, gizarteak eta jendetza erlijiosoak zokoraturik dauzkala sentitzen duten guztientzat: Jainko Erregeak bere herritartzat onartzen ditu.

Baina Mateok, beti hain errealista, ez du nahi kriskitinka joka dezagun, ez du nahi miresgarri eta guztiz seguru senti gaitezen. Horregatik, Mendiko Hitzaldiaren erdigunean sartu aurretik, bi abisu eman dizkigu bi parabola hauekin.

Bi arriskuak (Ebanjelioa: Mt 5,13-16)

Testuaren izaera orokorra ez da mehatxuzkoa, baizik eta bihotz emaile Entzuleak gogo alaitu nahi ditu, gogararaziz, Jainkoak gogo gizon-emakume guztiei eman diela gustua edo zaporea eskaintzeko gaitasuna eta guztiak argitzeko energia, guztia Jainkoaren aintzarako izango delarik.

Baina bi arrisku gerta daitezke: lehena, energia galtzea (gatzaren parabola) eta, bestea, argi hura ezkutatzea (munduaren argiaren parabola).

Nola gal daiteke energia? Ereilearen parabolan, pista bat eman digu Mateok, sasi artean ereindako haziaz mintzo delarik: mundutar kezkak eta aberastasunen lilurak ito egiten dute hazia, eta ez du fruiturik ematen (Mt 13,22).

Nola gorde daiteke energia? Eredutzat Jesus bera hartzen badugu, bi hauek dira beraren bi energia-iturriak: otoitza (lau ebanjelioek azpimarratu duten gaia) eta lagun hurkoarekin zuzeneko harremanak izatea, bereziki premiarik handiena dutenekin (gaixoak, zokoratuak).

Nola ezkutatu argia? Erosotasunak eta erraztasunak eraman gaitzaten utziz. Jesus munduaren argia izan bazen, bere mundutxoan hesitu ez zelako izan zen, nahiago izan zituelako ahalegina, arriskua, nekea, areriotasuna eta heriotza.

Nola distirarazi gure argia (Lehen irakurgaia: Is 58,7-10)

Lehen irakurgaia, Isaiasen 58. kapitulutik hartua, bikain ahokatzen da argiaren parabolarekin. Kultuaren eta zuzentasunaren inguruko testu mamitsu batatik hartua da. Jerusalem suntsitu eta jendea Babiloniara erbesteratu ondoren (K.a. 586. urtean), tragikoa izan zen judu-herriaren egoera, baita erbestetik itzuli ondoren ere (K.a. 538. urtean). Hiriburuak, esateko, jendeztatu gabe jarraitu zuen V. mendearen erdialde edo azkena arte (Nehemiasen garaia), eta egoera ekonomikoa tragikoa zen.

Adorerik gabeko gorabehera horietan, zeremonia erlijiosoen multzo batean bilatzen dute aterabidea, batez ere barauan (janaria uzteaz gain, berekin zituen beste erritu batzuk ere: zakukiz jantzi eta errautsa, etab.); guztia, Jainkoaren onginahia irabazteko. Baina Jainkoak ez du ezer egiten. Eta herria kexu da eta protestaka. «Zertako barau egin, kasurik egiten ez badiguzu?» Profetaren bidez erantzun dio Jainkoak: zure egoerak hobera egitea nahi baduzu, zure argiak ilunpean argi egitea nahi baduzu, zure argiak urra dezala egunsentiak bezala, konprometitu zaitez gose denarekin, egarri, biluzik, etxerik gabe denarekin (erruki-egintza famatuak, antzinako Egipton jada ezagunak); desegin ezazu zapalkuntza eta gaitzesan oro.

Bada ideia nagusi bat Isaiasen irakurgai honetan. Premian direnez mintzatu denean, honela bukatu du: «ez ukatu laguntzarik zeure haragiari» (Is 58,7). Gose, biluzik edo etxerik gabe dena ez da atzerritar bat, neurekin zerikusirik ez duen bat, faborea gogoak ematen badit bakarrik egiten ahal diodana. Neure haragia da, ardura eta arreta eskatzen dit, neure gorputzeko beste edozein atalek bezala.

Nola distirarazi zuen Paulok bere argia? (2. irakurgaia: 1 Ko 2,1-5)

Irakurgai honen eta ebanjelioaren artean erlazioa bilatu nahia bada, Paulok korintoarrak distiratzeko nahi duen argia Jesu Kristo bera da eta beronen mezua. Baina testuaren indarra argi hori distirarazteko eratik dator. Korintoko kristau-elkartea Paulok fundatu zuen. Baina Apolok, kristau bihurtua zen juduak, han agertu zenean, guztiak liluratu zituen bere jakinduriaz eta aparteko oratoriaz. Askok hobetsi zuten bai Apolo, bai ebanjelioa eskualdetzen zuen era. Paulok zakar erreakzionatu zuen, esanez, berak ez zuela sekula agertu nahi izan Korinton jakintsu eta ele-eder, baizik eta Jesu Kristo hots egin nahi izan zuela, eta ez edonola, baizik eta beraren alderik eskandalagarrienean: gurutziltzatu bezala. «Zuen fedea sostenga dadin, ez gizakien jakindurian, baizik eta Jainkoaren ahalmenean.

José Luis Sicre