URTEKO 5. IGANDEA A 2017-02-05

SARRERA

Senideok, mezara etortzea gauza pozgarria bezain konpromiso handikoa da; hori bizi-bizi ikusteko, Jesusen Espirituaren argia beharko genuke.
Alde batetik, gauza pozgarria da Meza bizitzea. Zergatik? Mezakoan, sagarapenaren ondoko otoitzean esaten dugun bezala, Jainkoak misterio handi hau ospatzera deitu gaituelako; zer poza ez zuten izango Jesusek Azken Afarira gonbidatu zituen haiek?!
Bestetik, konpromisoa da Meza bizitzea. Zer konpromiso? Jesusek ez zituen gonbidatu Azken Afari hartara afaltzera bakarrik; baizik hau agindu zien: «Egizue hau nire oroigarri».
Haren oroigarri egite hori zertan datzan, argi eta garbi adierazten digute, bai gaurko ebanjelioak, bai lehenengo irakurgaiak. Ebanjelioak esango digu: izan zaitezte munduarentzat argi eta gatz. Lehenengo irakurgaiak, berriz, esango digu: lagundu beharrean den zeure lagun hurkoari: «partekatu zeure ogia gose denarekin, ireki zeure etxeko atea aterperik ez duen behartsuari, jantzi biluzik dena».
Mezakoan, «hau da sinesmenaren misterioa» esaten dugunean, zer esaten dugu? Hauxe: mundua salbatzeko Jesus bidali digun zeruko Aita, Jesus ebanjelaria, Jesus gurutzean hila, Jesus piztua, Jesusek bidali digun Espiritua, Jesusek eman digun egitekoa, Jesusek agindu digun piztuera.
Senideok, Jesusen Espirituak bete gaitzala bere argiaz eta bere indarraz, misterio handi hori adoretsu eta suharki bete ahal izateko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (58,7-10)

Lerro hauek Biblia guztiko ederrenetarik dira, eta guretzat idatziak. Jesu Kristo aurreko seigarren mendearen azken aldikoak dira.
Desterrutik itzuli berriak diren israeldarrek lehengo jokabidera jo dute berriz ere; hau da: tenplua sakrifizioz bete, baraua eta otoitza barra-barra egin. Baina Isaiasek garratz aurpegiratu die: «Liskar eta haserre artean egiten duzue barau, errukirik gabe elkar joka… Hori ote da nik atsegin dudan baraua?» (58,4-5)
Eta hona Jainkoaren erantzuna, zer nahi duen galdegiten diotenei: «Emaiozu jaten zeure ogitik gose denari, har ezazu etxean aterperik ez duen behartsua. Jantzi biluzik ikusten duzuna, ez huts egin zeure senideari». Lerro gutxi batzuetan dena esan du: profeten irakaspenaren bilduma edo laburpena dugu hor. Abrahamen denboratik zer bide eginik! Lehenago, Israelek uste zuen Jainkoari abereak sakrifikatzea atsegin zitzaiola, barau egitea, otoitzak luzatzea. Baina profetek beste hau oihukatzen dute: kultua ez da aski, Jainkoarekiko elkartasuna bizi behar da. Hau da, irakurri dugun hori praktikatu behar da. Lagun hurkoa zerbitzatzea: horra Jainkoari atsegin zaiona. Orduan du kultuak bere balio guztia hartzen.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (2,1-5)

Paulo santuak bi gauza hauek kontrajartzen ditu: Jainkoaren misterioa eta giza zuhurtzia. Jainkoaren onginahia esan nahi du Jainkoaren misterio horrek; Jainkoa maitasun da, eta maitasunez eta maitasunerako sortu du gizakia. Jesusen inguruan gizadi guztia maitasun osoan biltzea esan nahi du Jainkoaren misterioak. Hain zuzen, Jesusek berak zer egin zuen maitatzea besterik?
Baina Israel ez zegoen gurutzean iltzez jositako Mesias baten zain. Beste zerbait espero zuen. Haren ustetan, Mesiasek errege boteretsu izan behar zuen.
Alabaina, Paulok kontrakoa oihukatu du: Mesias apaldua, laidoztatua, gurutziltzatua. Hori da Jainkoaren egiazko zuhurtzia: gizakiak, berez, konpreni ez dezakeena; Espirituaren argirik gabe konprenitu ezin duena.
Paulok kontrajartzen ditu beste biok ere: mezua oihukatzea eta aho-eder izatea. Berri ona ez da hitz ederrez hots egiten. Mesias pobre eta gurutziltzatu hori apaltasunean predikatzen da. Zerbitzari agertu eta izan den Mesiasen zerbitzari da mezularia. Ez dute hitz ederrek hunkitzen bihotza, baizik Espirituaren hatsak, Espirituaren arnasak, beti xume-xume ufa egiten duen Espirituak. Gu baino predikari hobea da Espiritu Santua. Hari behar diogu utzi geure ahoa.

JESU KRISTOREN EBANJELIOA San Mateoren liburutik (5,13-16)

Jesusek ikasleak misiolari egin ditu, eta esan die gatz eta argi direla mundu honentzat. Eliza ez da ezer, munduarentzat ez bada. Israel bera Herri Hautatua zen, baina munduaren zerbitzari izateko. Gatza ere zertako da? Eta argia?
Zer dute ikustekorik gatzak eta argiak elkarrekin? Jatekoa dena jangarri egiten du gatzak; argiak, berriz, mundua eder erakusten du. Jesusen arabera, badugu hor egitekorik aski.
«Lurraren gatza» gara: jendeari agertzeko, giza bizitza bikaina dela, zapore edo gustu ona duela, behar bezala biziz gero. Ebanjelioa hots egiteak hau esan nahi du: «Jainkoa zuen artean da maitasunezko hitz eta ekintza orotan». Maitasuna den lekuan han da Jainkoa.
«Munduaren argia» gara: mundua ederra dela agerian ezartzeko, itsuskeria guztien gainetik.
Hori ezin egin da apaltasunez baizik. Argi eta gatz izateko, asko maitatu behar da: bai Jainkoa, bai jendea, bai mundua.
Mateo ebanjelariak, argiaren eta gatzaren aipamen hau, Zoriontasunen segidan ezarri du. Lotura handia dute bi irudi hauek: argi eta gatz izan nahi badugu, Zoriontasunen arabera bizi behar dugu; bekatuari emana den munduaren espirituaren kontra bizi behar dugu: apal, ezti, garbi, zuzen, ustetsu …

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: bizitzak zentzurik ba ote duen galdezka bizi den jendearentzat, argi eta gatz izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Biziaz etsirik, kaskoan beren buruaz beste egiteko asmoa darabiltenen alde: benetako argia den Jesus maitatzeko aukera izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Sufritzen ari diren guztien alde: familiakoak, adiskideak, borondate oneko jendea inguruan ikustea kontsolagarri izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gatzak eta argiak zentzurik baldin badute, jendearekin lotura dutenean bakarrik duten bezala, kristauok ere geure helburua jendearentzat lagungarri izatea izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.