Jesusen porrota Nazareten (Lukas 4,21-30)

Urteko 4. igandea C 2019-02-03

Telesaio batean bezala, igande honetako ebanjelioa gaur zortzi kontatuaren azkena gogaraziz hasi da. Jesusek Isaiasen testu bat irakurri du sinagogan; berri on bat aldarrikatzen duena pobreentzat, itsuentzat, presoentzat, zapalduentzat. Bukatzean, esan du: «Gaur bete da entzun berri duen Idazteun hau». Nola erantzungo diote entzuleek hitz hauei? Erantzun horixe dakar gaurko ebanjelio honek, zeinetan hiru une bereiz baititzakegu: entzuleen hasierako erreakzioa, Jesusen eraso nahasgarri bat, eta nazaretarren azken erreakzioa.

Lukasen kontaera

Isaiasena irakurtzeaz aparte, ezer gutxi esan du Jesusek. Halaz guztiz, Lukasek berehala aipatu du bertaratuen erreakzio hirukoitza: onespena, miresmena eta nahasmena. Itxuraz, gustatu zaie entzundakoa, baina ezin ulertu dute txikitatik ezagutzen duten batek esan izana.

Jesus, politiko bat izan balitz, abaguneaz baliatu zen entzuleak bere alde jartzeko, oraindik ere gehiago, beraren aginpideaz zituzten dudak argituz. Badaki beragandik zer espero duten: ez Bibliako testuak irakurtzea, baizik eta mirariak egitea. Aski izango luke Kafarnaumen burutakoen antzeko batzuk egitea, guztien txaloak irabazi eta beragan sinets dezaten.

Baina ez, uko egin dio bide horri eta, are gehiago, jarrera oldarkor bat hartu du. Nazaretarrek horretarako arrazoirik eman gabe, Jesusek jakintzat eman du uko egingo diotela. Ez da oinarritu egina edo esana luketen inolako gauza zehatz batean, baizik eta, soilik, esaera batean: «Profeta bakar bat ere ez da onartua bere lurraldean». Ondorioz, berak ere ezin ikusi ditu begi onez nazaretarrak, eta ez du han mirarik egingo. Eliasek bezala. siriar emakume alargun bati laguntzera bidali batzuen Jainkoak, eta Eliseok bezala, siriar lepradun bati laguntzera, Jesusek ere Jainkoak paganoengana bidali duela sentitu du.

Zein izango zen nazaretarren erantzun logikoa? Zutitu eta sinagogatik alde egitea, Jesusen aurka hainbat maldizio botaz, agian. Baina ez; Lukasek dakarrena askoz ere bortitzagoa da: hain sumindurik sentitu dira, Jesus hiltzea erabaki baitute, amilduz.

Kontaera nahasgarri bat

Lukasen kontaera arretaz irakurtzean, hainbat galdera sortzen dira:
Zer dela-eta hartu du Jesusek jarrera hain oldarkor hori?
Zergatik eman du jakindakotzat uko egingo diotela?
Zergatik konparatu du bere jarrera, paganoengana bidaliak izan ziren Elias eta Eliseorenarekin, Kafarnaumen mirariak egin dituela aitortu arren, paganoa ez baizik israeldarra den hirian?
Zergatik erreakzionatu dute nazaretarrek era hain bortitzean, bera hil nahiz?
Galdera hauei erantzuteko, komeni da gogoratzea nola kontatu duen Markosek Jesusek Nazaretera egindako bisita.

Markosen bertsioa (6,2-6)

Markosek era oso desberdin batean dakar bisita hori. Jesus aski ezaguna da jada bere ikasleekin Nazaretera itzuli denean. Eta hona zer gertatu den:

«Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok honela zioen harriturik: “Nondik du honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Ez al da, bada, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi?”
Eta honengatik, ezin zuten sinetsi harengan.
Jesusek esan zien: “Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik”.
Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen eskuak ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesmenik ezaz.

Aldeak bistan daude. Markosengan, entzuleen erreakzioa ez da izan, ez onespen, ez miresmen, baizik eta ezin ulertua eta ukoa. Orduan du Jesusek esaera jaulkitzen: «profeta bat bere lurraldean bakarrik gutxiesten dute». Baina inori ez zaio burutik pasatu bera hiltzea. Eta Jesus zur eta lur dago jendearen sinesgabetasunaz.

Nazaret sinbolo gisa

Zergatik idatzi du Lukasek kontaera hain desberdin bat? Bere asmoa ez duelako gertatua kontatzea, baizik eta Jesusek Nazaretera egin duen bisita sinbolo bihurtzea, judu-herriarekin eta paganoekin izan dituen harremanen sinbolo.

Horretarako, egin duen lehenengo gauza, bisita hori Jesusen jardueraren hasieratzat ematea izan da. Mateok eta Markosek diote, Galileako herrietan eta herrixketan predikatuz hasi zuela Jesusek bere jarduera, leku horiek zehaztu gabe. Lukasek, berriz, Nazareteko sinagogara eraman gaitu. Badaki nazaretarrek ez dutela onartu Jesus, ezta beraren familiak berak ere, erdi zorotzat baitaukate. Uko hori hartu eta muturreraino eraman du Lukasek, judu-herriko gehiengoaren sinbolo bihurtuz, Jesusen heriotza eragiteraino iritsi baitzen.

Itun Berrian hainbat arrazoi desberdin aipatu dira, Jesusen eta judu-agintarien arteko gatazkaren jatorritzat: larunbata ez betetzea, ikuspuntu politikotik Jesus arriskugarri izatea… Lukasen kontaeran, gatazkaren arrazoi nagusia nazionalismoa da, Israelen zerbitzura bakarrik jarriko litzatekeen Mesias baten zain daudenen nazionalismoa; Jesusek, berriz, gizadi osoaren onerako bidalia dela sentitu du. Alabaina inor ez litzateke eskandalizatu behar Jesusen uste honetaz; askoz gutxiago juduak; Elias eta Eliseo ere paganoengana bidali zituen Jainkoak, israeldarrak laguntza-premia handi batean zeudenean.

Azken gogoeta

Gaurko ebanjelio hau, judu-nazionalismoaren aurkako erasotzat har liteke. Halaxe da hein batean, juduek gauza bat beratzat ematen baitzituzten erlijioa eta politika. Baina Jesusen erasoa, «nazionalismo» erlijiosoaren aurka doa nagusiki. Geure egunoi esleituz, Jainkoaren hautatuak direla eta arreta merezi duten bakarrak direla uste dutenen aurka doa. Gerta daiteke, bai, gu ere nazaretarren antzeko izatea; gerta daiteke, bai, gu ere, Jainkoaren salbazioaz hitz egitean , esklusibista izatea.

José Luis Sicre