Urteko 4. igandea C 2016-01-31
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioa oso pasarte gogorra da. Lukasek kontatzen diguna da. Joan den igandeko pasartearen segida. Joan den igandean bere egitaraua zein izango zuen agertu zigun Jesusek Nazareteko sinagogatik: batez ere pobreez, itsuez, presoez, zapalduez arduratuko zela esan zuen eta Jainkoaren onginahiaren urtea predikatuko zuela, Isaias profetaren pasarte bat (61,1,2) bere buruari aplikatuz. Baina tranpatxo egin zion Isaiasi; ez zuen aipatu Isaiasen testua osorik: «Jainkoaren onginahiaren urtea eta MENDEKATUKO DEN EGUNA», dio Isaiasek. Jesusentzat, ordea, Jainkoagan ez du ikusten mendekurik. Tranpatxori bera harrigarri gertatu zitzaien nazaretarrei. Baina hori baino gehiago hitz egin zien Jainkoaren onginahiaz, nahiz ez dakigun zer.
Nolanahi ere, Lukasen arabera, jendea harriturik utzi zuen Jesusek, Jainkoaren onginahiaz esan zuenagatik. Halaz guztiz, nazaretarrak ez ziren gai izan Jesusengan Jainkoaren eskua ikusteko. Mirariak ikusi nahi zituzten. Jesusen hitza sobera ziren haientzat.
Jesusek orduan aski zorrotz erreakzionatu zuen: ez da bere herrian ondo hartua den profetarik. Eta, hori baiesteko, Itun Zaharreko bi adibide eman zizkien: Elias eta Eliseo ere ez zituzten onartu beren herritarrek, eta erbestera jo zuten.
Hori entzutean, Sinagogako jendea bere onetik atera zen, eta Jesus mendian behera amildu nahi izan zuten. Baina Jesusek, jendearen artetik joanez, alde egin zuen.
Lukasek Markosek ez bezala azaldu digu pasadizo hau. Markosek ez du esaten Jesus hil nahi izan zutela. Baina Lukasek bere bideari jarraitu dio. Bere asmoa ez du Jesusen historia kontatzea. Jesusez hitz egin nahi digu, baina haren jarrera zein izan den eta herriaren jarrera zein izan den kontatuz. Lukasentzat Nazaret sinbolo bat da: Jesusek egin duenaren eta Jesusi egin diotenaren sinbolo. Jesus Jainkoaren onginahia agertzera etorri, eta jendeak bera haizatu, berari uko egin, bera hil.
Jesus politiko bat izan balitz edo egoista bat, gauza erraza izango zuen jende hura guztia bere alde jartzea: aski zuen mirari batzuk egitea. Baina ez. Ez zen horretara etorri.
Profeta izatera etorri zen. Jainkoaren izenean hitz egitera. Baina ez urruneko Jainko baten hitzak. Hurbileko batenak.
Profeta zenez, mundura argia dakarren argi izan behar zuen. Esperantza dakarren esperantza-emaile izan behar zuen. Pertsegitzen bazioten ere, adoretsu izan behar zuen. Heriotza bera ere onartuz, bizi-emaile izan behar zuen.
Profeta hilko du gizakiak. Behin eta berriz. Askotan. Baina profetaren hitzak bizirik jarraituko du mendez mende.
Jesusek ezaguna zuen bere egitekoa. Bere egitaraua. Aukera egin behar izan zuen pobrearen eta zapaltzailearen artean. Ez zen hori jolas bat. Zapaltzaileak ez zion barkatuko. Baina ezaguna zuen Jainkoak Jeremias profetari esandako hura: «Borroka egingo dizute, baina ezin garaitu zaituzte, ni zeurekin nauzulako».
Senideok, denok gara profeta: geure keinu batez, geure jarrera batez, geure hitz batez, geure bizitzeko moduaz… Ezagutzen al duzue norbait, zuzenaren alde hitz egiteagatik, pertsegitu egin dutena? Oroitzen al gara, norbaitek behar bezala hitz egin duelako, hartaz gaizki esaka aritu izan garela noizbait?
Profeta bezala ari dena anima dezagun; esaiogun: Jainkoaren hitza ez da hiltzen. Otoitz egin dezagun behar bezala jarduteagatik, behar bezala hitz egiteagatik pertsegitua denaren alde.

DIONISIO AMUNDARAIN