Bi erreakzioa Jesusen aurrean
Urteko 4. igandea B (2015-02-01)
Markos 1,21-28

Galilean barna dabilela aurkeztu digu Markosek Jesus, Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten ari dela. Alabaina, ez du ezer esan jendearen erreakzionatzeko moduaz.
Badakigu, lau mutilek, Jesusen nortasunak erakarririk, dena utzi dutela hari jarraitzeko. Eta gainerakoek? Nola erreakzionatu du gainerako jendeak? Hauxe izango du Markosek bere ebanjelioaren lehen kontakizun zabal honen gaia.

Entzuleen harridura.
Galileako herririk inportanteenetako batera garamatza Markosek, Kafarnaumera, Damaskorekiko komunikazioen gunera. Larunbat batean, Jesus sinagogara joan eta irakasten hasi da.
Markosek, ordea, ez digu zehaztu zer irakaspen eman duen Jesusek. Axola zaiona, entzuleen erreakzioa da, haren irakaspenaz eta irakasteko moduaz harriturik baitaude: «Ez lege-maisuek bezala, baizik aginpidez». Bitxia da ideia; izan ere, lege-maisuak ez ziren jende prestatu gabea eta ezjakina, ez zuten esaten edozein zorakeria arazoari izkina egiteko. Formazio luze eta sakona izan ohi zuten.
Baina, jendearen iritziz, aginpiderik gabe irakasten zuten lege-maisuek, ez ziren gai ideia propio bat izateko, ez ezer berririk adierazteko.
Jesus, aldiz, harrigarri gertatu zaie bere aginpideagatik. Zer esan zuen, ordea, Jesusek jendeagan uste hori eragiteko? Markosek ez du zehaztu; bere taktika, izan ere, irakurleagan jakin-mina esnatzea du eta ebanjelioa gustura irakurriz jarrai dezan animatzea.

Deabru gizajo baten ukoa
Alabaina, denak ez datoz bat entzundakoarekin. Bada Jesusen kontra atera den bat: deabrudun bat. Egia esateko, deabrudun gizajo bat da. Ezin du kontra egin. Soilik, protesta egin dezake; soilik, beraren lagunak suntsituak izan direla aitortu, eta bertan behera utzi gudu-eremua, iraulkatuz eta alde eginez.
Halaz guztiz, Markosek haren ahoan ezarri dituen hitzak funtsezkoak dira: «Zer nahi duzu gugandik, Nazareteko Jesus? Gu galtzera etorri al zara? Badakit nor zaren: Jainkoaren Santua». Hitz horiek biltzen dute Jesusen eta haren jardueraren misterioa.
Itxuraz, Nazareteko gizon arrunt bat da Jesus izeneko hori, Alabaina, «Jainkoaren Santua» da egiaz. Oso bitxia da titulu hau. Hiru pasarte hauetan bakarrik ageri da: Markosen honetan, Lukasen pasarte paraleloan eta Joanen ebanjelioan, jende askok Jesus utzi eta Pedrok aitorpen hau egin duen hartan: «Guk sinetsi dugu eta aitortzen zu Jainkoaren Santua zarela» (Joan 6,69). Pedrok eta gainerako ikasleek halako batean, fede-proba handi bat gaindituz, sinetsi duten hori, hasieratik daki deabrudunak. Jesusen misterioa aurkitzea izango du ebanjelioaren irakurleak eginkizunetako bat.
Jesusen jarduerari dagokionez, argi utzi du deabrudunak: deabruak eta Satanasen boterea suntsitzera etorri da Jesus. Gaur egungo irakurleari, hizkuntza arrotza eta bitxia gerta dakioke. Nahiago du gaur egungo jendeak gaitzaren kontrako borrokaz hitz egin, ongiaren garaipenaz gaizkiaren indarren aurka. Markos, ordea, beste koordenatu kultural eta erlijiosotan mugitzen da.

Azken harridura
Deabruak alde egin ondoren, sinagogan den jendea bihurtu da protagonista. Lehenago, irakastean Jesusek agertu zuen aginpideaz harritu ziren. Orain, berriz, ahozabalik gelditu dira espiritu likitsen gain ere boterea duela ikustean. Eta galdetzen dute: «Zer da hau?» Zer ari da gertatzen hemen?

Zein izango da gure erreakzioa?
Markosek bi erreakzio agertu ditu, bata bestearen guztiz kontrakoak, Jesusen beraren eta haren jardueraren aurrean: harridura eta ukoa. Horrela, garbi gelditu da zer espero duen Markosek irakurleetako bakoitzarengandik.
Greziar pentsalari batek esaten zuen «harridurak filosofatzera» eragin ziela gizon-emakumeei. Markosek, antzeko bidetik, iradokitzen du, ezen harridura dela Jesusengan sinesteko abiapuntua. Pixkana, jendearen «zer da hau?» galdera, «nor da hau?» galdera bilakatuko da.

Oharra lehen irakurgaiaz (Deuteronomioa 18,15-20)
Jainkoak hitzeman du, ezen, Moises hil ondoren, profeta bat sustatuko duela; hobeto esan, profeta-sail bat, beraren hitza herrira helaraziko duena.
Deuteronomioko testu hau lehen irakurgaitzat ematean, liturgiak gogorarazi nahi digu Jesus dela hitzemandako profeta hori. Nolanahi den, ebanjelioak ez du aurkeztu nahi Jesus profeta bezala; ez du esaten ere Jesusen hitzari emandako erantzuna obeditzea dela, baizik harridura. Irakurgaia aski arin egokitua dago.

José Luis Sicre