Urteko 4. igandea B (2015-02-01)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko bi irakurgaietan, lehenengoan eta ebanjelioan, ideia orokor nagusi hau ageri da: Jainkoa ez da urruneko norbait; baizik eta gizon-emakumeez arduratzen den Norbait da. Baina ez zaie agertzen gizon-emakumeei aurrez aurre eta zuzenean. Profeten bidez hitz egiten die. Profeta horietan, Moises handia izan da bat. Baina Moisesen beraren Jainkoak adierazi du, profeta handiago bat bidaliko duela. Kristauontzat profeta handi hori Nazareteko Jesus izan da.

Profeta, Jesus bera, Jainkoaren berri-emailea da, Jainkoaren mezularia. Jainkoaz hitz egiten digu, gizon-emakumeoz hitz egiteko digu.

Arazoa, profetari antz ematea da. Benetako profeta den antz ematea.
Moisesek berak izan zituen bere aurkariak; besteak beste, bere arreba Mirian eta bere anaia Aaron. Jesusek berak, zer esanik ez: arerioak izan zituen, eta handiak, gurutzean hiltzera eraman zuten. Jende askok ez zion antzeman Jesusi

Alabaina, gaurko ebanjelioan, Jesusek harridura eta miresmena eragin du Kafarnaumeko sinagogan. Ez, ordea, sinagogako denengan.

Jesus hizketan ari dela, Jesusen kontra altxatu da bat. Deabruak hartua dela esaten du ebanjelioak. Edozein kasutan, Jesusen mezuaren kontra dago. Gogor eraso dio Jesusi: «zertara etorri haiz?, gu hondatzera?» Halere, badaki, Jesus zer den: «Jainkoaren Santua haiz hi».

Beraz, ez da egia ez duela ezagutu. Hobeto esan, ez du ezagutu nahi izan. Hor dago koska. Badaki, berak zanpaturik daukan gizakia askatzera etorri dela Jesus.

Baina gaurko ebanjelioaren muina ez da hori. Sendatze horrek, Jesusek mundu honetara etortzean izan duen asmoa agerian jarri arren, beste alderdi bat jarri nahi du agerian Markos ebanjelariak.

Hain zuzen ere, sinagogako jendearen erreakzioa. Jesusek modu berezi-berezia du, bai hitz egiteko, bai jokatzeko. Lege-maisuek ez bezala hitz egiten du. Lege-maisuek ez bezala jokatzen du.

Ez dakigu Jesusek zer irakaspen eman zuen, Markosek ez du esan ezer irakaspenaz. Baina azpimarratu duena, jendearen harridura izan da. «Zer da, gero, hitz egiteko modu hau?» Erabat berria da. Jesusek aginpidez hitz egiten du. Konbentzimenduz. Bere barrutik. Askotan jotzen du Aitagana, haren nahia zer izango, hura goratzera, hari eskerrak ematera. Aita barru-barrutik ezagutzetik hitz egiten du Jesusek.

Hortik datorkio Jesusen hitzari bere indarra. Gizon jatorra da, sinesgarria, engainurik gabea. Haren hitzean ez dago inolako albo-interesik, ez dago inolako albo-gogo edo asmorik. Gauza bat esan, baina esaten ez duen beste asmo buruan erabili. Ez du Jesusen kasua. Eta jendea konturatu da horretaz. Erabat harritu da. Erabat txunditu da.

Senideok, Jesusen Espirituak argi gaitzala. Egin gaitzala gizatasun handiko pertsona. Ez dezala gugan inork ere ikusi eta gutaz esan: Bai, hau eta bestea esaten du, baina hondo-hondoan beste gauza bat du horrek buruan. Lagun diezagula Jesusen Espirituak pertsona jator-jator izaten.
DIONISIO AMUNDARAIN