Urteko 34. ig. A Kristo Erregea 2020-11-22

HOMILIA

Anai-arrebok!

Urte liturgikoaren azken igandea da gaurko hau. Dakizuen bezala, igandeko ospakizunari dagokionez, liturgia hiru arotan banatzen dugu: A urtea (Mateoren ebanjelioa irakurtzen dugu nagusiki), B urtea (Markosen ebanjelioa irakurtzen dugu nagusiki) eta C urtea (Lukasen ebanjelioa irakurtzen dugu nagusiki). Ba, urte liturgikoaren azken igandean, hiru aroetan Kristo Errege eguna ospatzen dugu.

Baina, zer gauza bitxia: hiru aro horietan, zein Jesus, nolako Jesus agertzen digute mezako irakurgaiek?

A urtean, gaur: lehen irakurgaian, Ezekiel profetaren bidez, Jainkoak esan digu, «izan dituzuen artzain gaiztoen ordez, ni neu izango nauzue artzain», eta ebanjelioan, azken auziaz mintzo zaigu, esateko, pobreen aldeko auzia izango duela.
B urtean, lehen irakurgaian, Danielen ikuskari bat entzun ohi dugu: gizonaren semearen antzeko bat ikusi du Danielek: herrien gain boterea eman diotena, eta ebanjelioan, Jesusek Pilatoren aurrean egindako aitorpena entzun ohi dugu: «bai, errege naiz, baina nire erregetza ez da mundu honetakoa; nire erregetza egiaren lekuko izatean datza».
C urtean, Jesusen aurre-irudi izan den Daviden egitekoa entzungo dugu, Samuel profetak esana: «Nire herriaren artzain izango zara zu», eta ebanjelioan, hau entzun ohi dugu: batetik, gurutzean dagoen Jesusi idazkun hau ipini diotela: «Hau da juduen erregea» eta, bestetik, gurutzean dagoen Jesusek lapur onari promes egin diola: «Nik diotsut: gaur nirekin egongo zara paradisuan».

Gauza bitxia esan dut. Izan ere, liturgiako irakurgaiek Jesus ez digute aurkezten Errege aintzatsu bezala. Aitzitik, artzain bezala aurkezten digute; pobreen arduradun bezala, gaizkile izango balitz bezala gurutzean hil duten errege bezala.

Jesus, errege ez, baizik eta artzaina da. Beste artzainak, beren probetxurako baliatzen dira ardiez. Jesus da benetako artzaina: «ardien arrastoari jarraituko diot, libratuko ditut, larratuko, loaraziko, bilatuko, bilduko, zauriak bendatuko, gaixoak sendatuko».

Mezako prefazioak ere garbi adierazten digu: Jainkoaren erreinua egitera edo asmoa betetzera etorri da Jesus: jainkozko egiaren eta biziaren erreinua, jainkozko santutasunaren eta onginahiaren erreinua, jainkozko zuzentasunaren, maitasunaren eta bakearen erreinua. Horixe bera agertu du Manzano kantu-egileak gaztelaniazko bere abesti batean: «Bizitza da zure erreinua, egia da zure erreinua, zuzentasuna da zure erreinua, bakea da, onginahia da, maitasuna da zure erreinua. Etor bedi, Jauna, gugana zure erreinua».

Eta ebanjelioak argi eta garbi agertu ohi digu zertan datzan biziaren, egiaren, zuzentasunaren… erreinu hori: goseak zenari, egarri zenari, imigranteari, biluzik zenari, presoari lagundu zenionean, niri neuri lagundu zenidan.

Horixe da Jesusek agertu digun berritasun handia: mundu honetako pobre bati egina, Jesusi berari egina dela.

Jesusen erregetza horretan datza: pobreen aldeko hautua egin du, pobreen aldeko aukera. Jesusen erregetza ez dago otoitz egitearen aurka, ez dago sakramentuak hartzearen aurka, ez dago senarra edo emaztea maitatzearen aurka, ez dago seme-alabak maitatzearen aurka; baina funtsezko gauza pobreen aldeko hautua edo aukera egitea da; beste horiek guztiak bigarren mailakoak dira; lehen mailakoa den pobreen aldeko egitekoa betetzeko bide, tresna, laguntza dira.

Bere bigarren etorreran, gutako bakoitzaren auzikoan, Jesusek kontuan hartuko duen gauza bakarra hauxe izango da: premian direnez arduratu garen ala ez.

Jesus horrek berak eman diezagula poza eta atsegina sentitu eta bizitzea pobreen alde jokatzen dugunean.

Dionisio Amundarain

Manzano: «Tu Reino es Vida, tu Reino ez verdad, tu Reino ez justicia… ez paz, es gracia, ez amor; venga a nosotros, Señor, tu Reino».