URTEKO 33. IGANDEA B (2018-11-18)

SARRERA

Senideok, urteko 33garren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean Kristo Errege Eguna ospatuko dugu; gaur hamabost, berriz, Abendualdia hasiko.
Gaurko irakurgaiak harrigarri samar gertatuko zaizkigu, segur aski. Interpretazio sakona eskatzen dute. Zenbat aldiz ez dute esan jakintsu usteko batzuek munduaren azkena halako egun batean gertatuko dela? Baina egun hori etorri, eta munduak bizirik jarraitu du. Behin eta berriz gauza bera.
Kontuan izan dezagun, ebanjelariak ez direla mintzo, behin ere, «munduaren azkenaz», zentzu hertsian; interpretazio okerrak egin izan dira ebanjelioek esaten dutenaren inguruan; ez fedearentzat, ez lagun hurkoarentzat eta ez mundu osoarentzat ere konpromiso seriorik eragin izan ez duten interpretazioak.
Jesusek ez du azaldu munduaren azkena noiz izango den; ez zaio axola. Munduaren astinaldiaz agertu ohi diren irudiak, hala nola izarrak erortzea, eguzkia eta ilargia itzaltzea eta horrelakoak Itun Zaharreko formak dira, gehienbat. Antzinakoentzat, eguzkia eta ilargia jainko paganoen irudikapen ziren.
Esan liteke, kasu asko eta askotan, hau izaten zela kezka: lehena eta geroa ezagutzea; oraina kontuan hartu gabe. Jesusek gauza bakarra eskatu digu behin eta berriz: bizi erne eta adi orain eta hemen.

LEHEN IRAKURGAIA Danielen liburutik (12,1-3)

Daniel azken aldiaz ari da. Oso berezia da idazkera-mota hau, ondo interpretatu beharrekoa. Jakina, munduaren azken aldiko gauzak ezin dira deskribatu; inork ez ditu ikusi. Horregatik, horietaz idazten dena ikuskarietako gauzak dira.
Borroka batez mintzo da Daniel. Borroka horretan ere, beren ondoan dute Jainkoa gizakiek. Gaurko pasartearen aurreko kapitulua, 11garrena hain juxtu, errege pertsegitzailearen zitalkeriez mintzatu da. Halere, Danielek, errege pertsegitzaile horren heriotza kontatuz bukatu du 11garren kapitulu hori. Bai. Danielek idazkera apokaliptikoa darabil. Horren arabera, mundua borroka batean bizi da: Gaizkia Ongiaren aurka. Une batzuetan, badirudi, Gaizkia dela garaile. Baina Danielek dio Ongia aterako dela nagusi. Beraz, esperantza.
Baina bada Danielengan ñabardura bat interesgarria. Garaile aterako direnak jakintsuak izango dira, Jainkoaren araberako jakintsuak. Modu ezkutuan, Danielek esaten du, gaizkia ez dela armaren bidez garaituko, baizik jakinduriaz, Jainkoaren araberako jakinduriaz. Armetan jaiki ziren Makabearrean kontra ageri da Daniel.
Beraz, batetik, esperantza dakarkigu Danielek; bestetik, nola jokatu mundu honetako gaitza gainditzeko: jakinduriaz.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (10,11-14.18)

Gaur bukatuko dugu azken igandeetan irakurgai izan dugun Hebrearrei Idazkia. Gaurko pasarte honen aurretik bi titulu hauek ageri dira:
─Itun Zaharreko legea ez da eginkorra, ez da efikaza;
─ Itun Zaharreko opariak ez-eginkor zirelako, bere burua eskaini du Kristok.
Kristok, bere heriotzaz eta piztueraz, geure bekatuak barkatu dizkigu. Itun Zaharreko opariak ez ziren gai horretarako. Baina Kristoren egintza, oparia edo sakrifizioa baino gehiago, eskaintza bat izan da, bere burua Aitari eta munduari eskaintzea. Jainkoak ez du nahi oparirik. Aitari eskaini dion obedientziagatik salbatu gaitu Jesusek: Jainko Aitari esaneko izan zaiolako.
Senideok, zaindu dezagun geure nahimena, geure gogoa. Izan gaitezen Jainkoaren esaneko.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (13,24-32)

Gaurko ebanjelioaren lehen zatia, Danielena bezala, eskatologikoa da; hau da, azken aldiari egiten dio erreferentzia: munduaren azkenean gertatuko denaz hitz egiten du eskatologiak. Eta, jakina, ebanjelio hau ere irudiz, imajinaz, sinboloz baliatzen da azken hori adierazteko.
Bere helburua kristau-elkartea lasaitzea du, larriturik baitzegoen 70garren urtean Jerusalem erre zutelako eta garai hartan gertatu ziren hondamendi askorengatik.
Bigarren zatian, Jesusen bigarren etorreraz mintzo da. Orduan aintzaz beterik agertuko da, lehenengo etorreran apal, pobre, ahul agertu zen hura. Alde batetik, ematen du, Kristoren etorrera berehalaxe izango dela; eta hala uste izan zuten lehen kristauetako askok; San Paulok berak ere bai hasiera batean. Baina argi dio Jesusek. Azken eguna noiz izango den inork ez daki.
Inporta zaiguna Jesusen erregu hau da: bizi zaitezte erne eta adi, ez dakizue-eta noiz etorriko den Gizonaren Semea. Ez dira beldurra emateko hitzak. Espero duguna ez da gertaera bat; espero duguna NORBAIT da; gugatik gurutzean hil den baina aintzatsu piztu den Jesus da.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Mundu osoko kristauen alde: Kristo bigarrenez etorriko den esperantza dugu; azaldu dezagula esperantza hori munduan zuzentasuna ezartzen saiatuz. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure elizetan arduradun eta gidari direnentzat: esperantzaz beterik direlarik, gainerakoen artean ongizatea sustatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Beren herria eta etxea utzi, eta norabait abiatu direnen alde: guztiek kalitatezko biziera lortzeko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eliza osoarentzat: Kristoren eta haren Ebanjelioaren araberako elkartea egiten eta munduaren aurrean hala agertzen saiatu dadin. Eska diezaiogun Jaunari.