Urte latzak eta kontsolamendu hitzak
Urteko 33. igandea B (2015-11-15)

Hiru urte latz (k.a. 169-167)

K.a. 169-167 urteak partikularki latzak izan ziren juduentzat. Hain zuzen, 169an, Antioko Epifanes Siriako erregeak inbaditu egin zuen Jerusalem, tenpluan sartu eta objektu baliodun guztiak ostu, odol asko isuri ondoren. Eta 167an, herri-altxorreko ofizial batek, erregeak bidaliak, israeldar asko hil zuen, hiria arpilatu (harrapatu), etxeak eta harresiak bota, emakumeak eta haurrak gatibu hartu eta ganaduaz jabetu. Aldi berean, Antiokok, bere lurralde guztietan kultura grekoa ezartzeaz obsesionaturik, debekatu egin zien juduei tenpluan sakrifizioak eskaintzea, larunbata eta jaiak betetzea, mutikoak erdaintzea [guri eukaristia ospatzea eta haurrak bataiatzea debekatuko baligukete bezala zen], eta tenplua kutsatzeko agindu zuen, idoloei aldareak eta kaperak eraikiz, eta bertan txerriak eta animalia lohiak opari eginez.
Gertaera hauek bi erreakzio guztiz desberdin eragin zituzten: bat militarra, Makabearren matxinada; bestea teologikoa, esperantza apokaliptikoa, gaurko lehen irakurgaian islatua.
Apokalipsi terminoak «errebelazioa», «ezkutuko zerbait agerian ipintzea» esan nahi du. Literatura apokaliptikoak ezkutuan dagoen sekretu bat azaldu nahi du, munduaren azkenari dagokiona: zein mementotan gertatuko den, zein seinale izango dituen aurrekari, Jainkoaren Erreinua behin betiko ezartzea. Zapaltze-aldiko literatura da, hil ala biziko aldikoa, kontsolamendua eta bizitzari zentzua ematen ahal dioten ideien bila ibiltzearen aldikoa. Aterabide bakarra Jainkoak berak parte hartzea da, oraingo mundu gaizto honi Jainkoak azken ostikada ematea, eta bide ematea geroko mundu onari, erregetzaren munduari.

Danielen erantzuna

Danielen liburuko puska laburrak ideia hauetako batzuk dakartza. Profetari iragartzen zaio, inoiz izan ez den bezalako larrialdia gertatuko dela; baina, azkenean, salbatuko dela beraren herria, gaiztoak zigortuak izango direlarik. Hau guztia ezin gerta daiteke mundu honetan; idazlea konbentziturik dago, mundu honek ez duela erremediorik. Etorkizuneko munduan gertatuko da, batzuk piztuko direnean saria jasotzeko eta beste batzuk zigorra hartzeko. Jende onaren artean, hauek nabarmendu ditu autoreak: jakintsuak, jendetzari zuzenbidea irakatsi ziona: izarrek bezala egingo dute distira, betikotasun osoan. Horrenbestez, argi utzi du bere aukera politiko eta erlijiosoa: aterabidea ez datza armetan, Makabearrek uste dutenaren kontra.

Hamarkada izugarria (K.o. 60-70)

Ez dakigu ziur noiz idatzi zuten lehen ebanjelioa. Alabaina, lehen mendeko 60ko hamarkadan gertatu zenak asko laguntzen digu ulertzen igande honetako ebanjelioak dakarrena.
K.o. 61ean lurrikara handi bat izan zen Asia Txikian, gau bakar batean hamabi hiri suntsitu zituen (Pliniok dio bere Natur Historian 2.86). Ponpeian eta Herkulanon beste lurrikara bat izan zen 63an, 79ko Vesubioren erupzioa ez bezalakoa. 64an, berriz, Erromaren sutea gertatu zen, itxuraz Neronek berak eragina baina kristauei leporatu ziena. 66an juduen matxinada gertatu zen Erromaren aurka; gerla honek 70a arte iraun zuen eta tenplua eta Jerusalem errez bukatu zen. 68an beste lurrikara bat gertatu zen Erroman, Neron hil baino lehentxeago. 69an, krisialdi bortitza gertatu zen Neron hil ondoren: urte batean hiru enperadore (Oton, Vitelio eta Vespasiano).
Gogo-ikuskera apokaliptikoan, lurrikara, sutea, gerla, gatazka munduaren azkena gain-gainean dela uste izatearen seinale eztabaidaezinak dira.
Bestetik, era guztietako problemak jasaten ari da kristau elkartea. Batzuk kanpotikoak dira, juduen eta paganoen pertsekuzioek eraginak: Erromaren kontra jardutea leporatzen zaie, haurrak hiltzea eta ospakizun liturgikoetan larru-festak egitea; Jesus gurutziltzatu bezala irudikatzen dute, baina asto-burua duela. Beste problema batzuk barnekoa dira, onartua den egia-sailetik urrundu diren gizabanako eta taldeek eraginak. Joanen lehen gutunak aitortzen du: «antikristo asko etorri dira», eta ez bat bakarra (1 Jn 2,18), eta «gure artetik atera ziren».

Markosen ebanjelioaren erantzuna

Ingurumen zail honetan, Markosen ebanjelioak orobat eskaintzen ditu esperantza eta kontsolamendua, hitzaldi luze bat dela medio (13. kapitulua). Jesusen behingo iruzkin batekin hasi da guztia. Oliamendian zegoela, nondik tenpluaren ikuspegi eder bat goza baitaiteke, esan zien ikasleei: «Ikusten al dituzue eraikin handi horiek? Ba, lurra joko dute, harririk harri gainean gelditu gabe».
Kolpetik, tenpluaren suntsipena munduaren azkenarekin lotu du ikasleek. Orduan, Pedrok, Santiagok, Joanek eta Andresek galdetu zioten isilka: «Noiz gertatuko da hori guztia? Eta zein da seinalea hori guztia gertatuko dela? Apokaliptikak amorratzen amesten dituen bi gaiak: zein izango diren munduaren azkenaren seinale aurrekariak eta zehazki noiz gertatuko den.
Igande honetako pasarteak hitzaldiaren bukaerako esaldi batzuk aukeratu ditu; bi galdera horiek hartzen dituztenak, baina kontrako hurrenkeran emanik: lehenik, seinaleak aipatzen dira; gero, aldia. Erdian, berritasun handi bat, ikasleek aipatu ez dutena: Jaunaren etorrera aintzatsua.

Azkenaren seinaleak eta Jaunaren etorrera

Seinaleak ez dira lurrean gertatzen, baizik ortzian: eguzkia ilundu, ilargiak argirik ez, izarrak ortzitik erori. Alabaina, gertatuak ez dio izurik eragiten gizadiari. Izan ere, antzinako unibertsoa galtzeak bide ematen baitie Jaunaren etorrera aintzatsuari eta hautatuen salbazioari. Aipa ditzadan txatal hauetako xehetasun interesgarri batzuk.
1) Jainkoa ez da aipatzen. Guztiaren erdigunetzat, une gailur bezala, Jesusen agerpen aintzatsua eman da.
2) Juduen testu apokaliptiko batzuen arabera, hautatuen salbazioa azpimarratu da. Hitzaldiaren izaera baikorra ageri da hor; ez du xede inor izutzea, baizik kontsolatzea eta esperantza eragitea, nahiz ez dituen ezkutatzen Elizak bizi beharko dituen une zailak.
3) Beste testu apokaliptiko batzuek ez bezala, geroko mundua deskribatzeari garrantzi handia ematen baitiote, hemen ez zaio egiten erreferentziarik txikiena ere gai horri, Jesusengan jarri beharreko arreta oztopatuko balu bezala.

Azkenaren unea

Azken zatiak hiru baieztapen desberdin ditu: 1) zuek jakin dezakezue noiz hurbilduko den azkena (pikondoaren parabola); 2) azkena zuen belaunaldian berean gertatuko da; 3) eguna eta ordua inork ez dakizki Aitak baizik.
Bigarren baieztapena da problematikoena. Jerusalem erortzeari baldin badagokio, ez da problemarik, 70. urtean gertatu baitzen. Baina, munduaren azkenari baldin badagokio, ez zen gertatu. Halaz guztiz, daitekeena da kristau askok hala hartu izana, uste baitzuten berehalako gauza zela munduaren azkena. Horrela uste izan zuen Paulok bere jarduera apostolutarraren lehen urteetan,
Baina irakurleak garbi izan behar du azkenean esaten den hau: inork ez daki ez ordua, ez eguna; garrantzizkoa ez da eztabaida eta kalkulua, baizik jarrera ernea [gai hau, joan-etorri handikoa, alde batera utzi du liturgiak, era ezin ulertuzkoan].

José Luis Sicre