JESUSEN HITZAK EZ DIRA IGAROKO Marcos 13,24-32
Urteko 33. Igandean B 2021-11-14

Etsipen-zeinuak ez dira izaten beti guztiz bistako edo ikusgarri; izan ere, esperantza-falta mozorrotzen saiatzen da zenbait jende azaleko baikortasun batez, ekintza zaletasun itsu batez edo ezkutuko pasotismo batez.

Bestetik, aski jendek ez du aitortu nahi izaten beldurra, aspertzea, bakardadea edo etsipena sentitzen duela, zeren eta, gure mundu honetan indarrean dagoen eredu sozialaren arabera, ematen da, bere bizitzan arrakasta duen pertsona bat ezin sentitu dela bakarrik, asperturik edo beldurrez. Erich Frommek, ohiko bere buru-zorroztasunez, adierazi du ezen gizaki modernoa bere burua zenbait errepresiotatik, sexualetik adibidez, liberatu nahian ari dela, baina beharturik gertatzen dela «erreprimitzera nola beldurra eta duda-mudak hala depresioa, aspertzea eta esperantza-falta».

Beste pertsona batzuek geure «esperantza-hutsunetik» defendatu nahi izaten dugu geure burua, ekintzabidean murgilduz. Ezin jasan izaten dugu ezer egin gabe egotea. Zerbaitetan jardun beharra izaten dugu, geure geroari aurre egin behar ez izateko.

Baina saihestezina da galdera: zer dugu zain eta esperoen hainbeste ahaleginen, borrokaren, ilusioren eta atsekaberen ondoren? Ez al dugu gero eta gehiago ekoiztea beste xederik, ekoiztearen ekoizteaz gero eta hobeto gozatzea eta, geure galkortasunak berak kontsumitu gaitzan arte, gastatu eta gastatu jardutea beste xederik?

Gizakiak esperantza baten beharra du bizitzeko. Esperantza bat, «etsipenaren estalki» huts bat izango ez dena; batzuek, izan ere, horretara jotzen dute: bizitza antolatzen saiatzen dira, aski eroangarria, egunean eguneko abentura jasateko. Esperantza bat, esperantza pasiboarekin nahastu behar ez dena; sarritan egiten baita «etsipenaren eta ezinaren forma mozorrotu» huts bat (Erich Fromm).

Gizakiak esperantza baten beharra du bihotzean, bizirik iraungo duena, beste esperantza txiki batzuk kalteturik eta, are gehiago, erabat suntsiturik gertatuko badira ere

Kristauok Kristogan eta «igaroko ez diren» beraren hitzetan aurkitzen dugu esperantza hau. Espero duguna ez da ametsetako zerbait. Jesusen piztueraren gertaera suntsiezina du gure esperantzak bere sostengu. Kristo berpiztuaren baitan bizitzeak ematen digu ausardia orainaldiko bizitza hau «ernaltze-egoeran» ikusteko, bere betetasun osoa Jainkoagan lortuko duen ernamuin gisa.

Jose Antonio Pagola