Urteko 33. igandea B (2015-11-15)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Bai lehen irakurgaia, bai ebanjelioa, ulertzeko zaila den hizkeraz mintzo zaizkigu. Batez ere, irakurgai laburrak dira, beren testuingurutik atereak. Horrela harturik, oso zaila izaten da ulertzea edozein testu eta edozein gertaera. Adibidez, joan den ostiralean Parisen gertatu den atentatua ezin argitu da testuinguru guztia kontuan hartu gabe; esaterako, Amerikako Estatu Batuetako Busch presidenteak Irak inbaditu izana kontuan hartu beharko litzateke; inbasio hark erein zuen, neurri handian, gaur egun problema handia gertatu zaigun ISIS delakoaren hazia.
Beraz, Mezako gure irakurgaiak ere testuinguru zabalean hartu beharko genituzke. Bistan da, hori guztia ezin egin dela igande bateko homilian. Baina saia gaitezen labur-labur, pista bat ematen.
Danielen liburuari dagokionez, kontuan hartu behar da, Danielen garaian, Israel herria pertsekuzio handi bat jasaten ari dela. Batez ere, Antioko Epifanes erregearen pertsekuzioa. Hori dela-eta Danielek salbazioaz duen ikusmolde dakarkigu: munduan Gaizkia Ongiaren aurka ari da; batzuetan ematen du, Gaizkia garaile aterako dela; Danielek, ordea, segurtatu digu, azkenean Ongia aterako dela garaile. Beraz, salbamen-historian, denboraldi zailak biziko dira, baina azkenean herria salbatuko da. Alabaina Danielek badu, lerro artean, beste ikuskera bat ere. Israel herriari egin dioten pertsekuzioaren aurrean, batzuek, makabearrek, borroka armatura jo dute. Daniel horren kontra agertu da. Danielen ustez, jakintsuek dute herria salbatuko. Hona zer dioen gaurko irakurgaiaren bukaeran: «Jakintsuek ortziak bezala distiratuko dute». Daniel gerlaren kontra ageri da. Jainkoaren araberako jakinduriak salbatuko du herria.
Senideok, Jainkoaren araberako jakinduria hori Jesusengan agertu zaigu modurik bizienean.
Markosen ebanjelioak ere Danielen ikuspegia agertzen digu. Historian larrialdi handiak izango dira. Eta hori adierazteko garai hartako irudiez baliatu da: eguzkia itzali, ilargiak galdu bere indarra, izarrak erori etab. Ikasleek uste dute Jesus munduaren azken momentuaz ari dela irudi horiek aipatzean. Orduan galdetu diote, zehazki noiz izango den munduaren azken hori. Eta Jesusek argi eta garbi erantzun die: munduaren azken noiz izango den inork ez daki, berak ere ez, zeruko Aitak bakarrik. Beraz, ebanjelioko irudi horiek guztiak Danielek esan duenaren harira ulertu behar dira: salbamenaren historian pertsekuzioak etab. izango dira; azkenean, ordea, Gizonaren Semea bere aintzan etortzen ikusiko dugu.
Senideok, bai Daniel, bai Markos, esperantza-emaile ditugu. Kristau-esperantza, ordea, ez da gertaera bat noiz gertatu zain egotea. Kristauok espero duguna, pertsona bat da, Kristo da. Kristo berpiztua. Hain juxtu, berpiztu delako espero dugu Kristo. Gure esperantzaren oinarria Jesus berpiztu izana da. Zerua eta lurra igaroko dira. Jesusen Hitza ez da igaroko. Jainkoaren herria salbatuko da.

Gaur, azkenik, geure elizbarrutia izango dugu gogoan. Kristau bakoitza, bataioa dela bidea, apaiz, profeta eta errege da. Esan nahi da, Elizako kide garela, eliztar garela. Lazkaotar garela esaten dugun bezala, eliztar garela pentsatu eta esan behar dugu. Bataioaren bidez hartzen dugun apaizgoa apaiz ordenatuaren apaizgoa baino inportanteagoa da. Bigarren hau lehenengoaren zerbitzurako da. Horregatik geure apaiz-izaera, geure eliztar izaera oso kontuan hartu beharko genuke. Baina ez apaizgoa bakarrik. Baita profeta-izaera ere, baita errege-izaera ere. Profeta izaera, Jainkoaren berri-emaile izatea da, Errege-izaera, Kristo bezala, zerbitzari izatea da; Kristo ez da errege Pilato bezala: zerbitzari izatera etorri naiz esan digu Jesusek. Gure errege-izatea ere zerbitzari izatea da
Eliztar izateari dagokionez, aste honetan, bi santu berezi ospatu ditugu: aita santua San Leon Handia (5. mendekoa): Elizaren batasunaren alde asko arduratu zen. Bestetik, San Josafat gotzaina eta martiria, Ukrainan jaioa; XVI. mendearen azkenean eta XVII.aren hasieran bizi izan zen. Ekialdeko Eliza Erromako Elizari loturik mantentzen saiatu zelako hil zuten.

Jesusen Espirituak lagundu gaitzala salbamen historiaren gorabeherak fedez eta esperantzaz bizitzen. Leon aita santuak eta Josafat gotzainak lagundu gaitzatela Eliza maitatzen.

DIONISIO AMUNDARAIN