URTEKO 33. IGANDEA A 2017-11-19

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 33garren igandea ospatzen dugu gaur. Datorren igandean, Kristo errege eguna ospatuko dugu; urte liturgiko azkena.
Lehenengo irakurgaia emazte jatorraz, emazte ariaz, aritzen denaz, mintzo da. Emazte hori Jainkoaren Jakinduriaren sinbolotzat hartzen da, batez ere. Baina ez da sinbolo hutsa. Gainera, emakumea bera goraipatzen du. Biblia ez da esaten den bezain antifeminista, nahiz garaiko giro patriarkala nabari ageri duen.
Ebanjelioa, berriz, jaso ditugun abildadeez, dohainez, mintzo da; honek ere baditu zailtasun batzuk ondo ulertua izateko. Beraz, bietan ibili beharko dugu kontuz, alea eta zaborra bereizteko.
Ebanjelioko parabola gure bizitzako alderdi guztiei dagokie. Nagi eta alfer izatearen kritika da. Geure baitan ditugun ahalbideak eta gaitasuna handiak dira. Astia hartu behar da horiek behar bezala, buruz eta zentzuz, erabiltzeko; zeinentzat da on nire lana? Batez ere, beldurra baztertu behar da, gaitasun horiek abian jartzeko.
Nagikeriarik gabe, alferkeriarik gabe, beldurrik gabe lan egiteaz mintzo zaigu parabola. Gizakiaren bekatua izango litzateke gauzak –materialak, kulturalak, sozialak, espiritualak– arin eta azaletik hartzearekin konformatzea; gauzak sakondu gabe bizitzea, besteek lortu dutenaren peskizan bizitzea. Gizakiak bere ahalbide guztiei kutsua ateratzeari emanik bizi beharko luke, bere abildadeei fruitu emaraziz.
Halere, «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi». Kontua ez da produzitzea. Kontua da, zer produzitu, nola produzitu, norentzat produzitu. Batez ere, datorren igandean irakurriko dugun ebanjelioa izan behar dugu kontuan: «gose nintzen, egarri nintzen, biluzik nengoen, kartzelan nengoen, gaixo nengoen, eta laguntzera etorri zinen».
Jakin dezagun, Jesusen Espiritua geurekin dugula beti, bila ibiltze horretan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Esaera Zaharrak liburutik (31,10-13.19-20.30-31)

Esaera Zaharrak liburua, Salomonena balitz bezala dator. Alabaina, jakinduriazko esapide-saila da; esapide horiek bizi-egoera jakin batzuetan pertsona jakintsu batek jasotakoak dira. Batzuetan kontraesanak ere ageri dira. Liburua, oro har, biziaren bila ibiltzeaz ari da, biziaren nolakotasunaren bila, bizia bere betera eramatearen bila. Alde horretatik, gaur egunerako oso interesgarria izan daiteke.
Garrantzi handia ematen dio emakumeari. Batetik, Jainkoaren Jakinduriaren sinbolotzat hartzen du emakumea. Bestetik, ezaugarri handi eta miresgarriak aitortzen dizkio emakumeari. Babiloniako erbestealdi ondoko literaturan emakumeari horrelako inportantzia eman izanak, pentsarazi behar digu, emakumeak gizarte hartan bazuela bere ospea edo izena. Adibidez, gaurko pasarteko 31garren txatalean datorren esaldiak zerbait baino gehiago adierazten du alde horretatik: «Kanta iezaiozue [emakumeari] bere lanarengatik, goretsi [emakumea] herri osoaren aurrean berak egiten dituenengatik».
Emakumea Jainkoaren sinbolotzat hartua izateaz gain, garai hartan emakumeaz zabaldua zegoen ikuspegi ederra ageri da.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (5,1-6)

Esan dezagun, beste behin: gutun hau Itun Berriko lehenengo idazkia da. Gaurko pasarteari dagokionez, gaurko honen aurreko zatian hildakoez hitz egin die Paulok tesalonikarrei; esaten die: ez dutela zertan atsekabetu hildakoak direla-eta; Jesusen heriotza eta piztuera direla medio, kristau fededun guztiak «Jaunarekin egongo dira».
Gaurko pasarte honetan, gizadiaren azkenaz beste puntu bat aipatu da: gizadiaren azken hori noiz izango eta zein inguruabarrez inguratua izango. Baina Paulok ez du horretaz aparteko argibiderik.
Soil-soilik, tradizioak bildu duena errepika dezake. «Jaunaren eguna» ustekabean etorriko da; gauez lapurra bezala.
Baina pax romanaren segurtasunean eta ilunpean bizi direnentzat azken hori mehatxagarri izango bada ere, kristauek ez dute zertan kezkatu, «argiaren seme-alaba» baitira. Baina horretarako, erne eta adi bizi behar dute.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (25,14-30)

Gaurko ebanjelioan aipatzen diren talentuek ez dute zerikusirik adimenarekin. Zilar-puskak ziren talentu haiek. Baina guri, Jainkoak emanak ditugun abildadeak adierazten dizkigute.
Abildade horiek nola erabili adierazi nahi digu parabolak.
Jesus laster joango da. Ikasleak bakarrik utziko ditu, fisikoki behaintzat, berak hasi duen egitekoari segida emateko. Nork bere erantzukizuna du egiteko hori gauzatzeko orduan.
Parabolako bi lagunek bikoiztu egin dute hartutakoa. Biak goratu ditu nagusiak. Hirugarrenak ez du arriskurik hartu nahi izan, eta hartutakoa bakarrik itzuli dio nagusiari. Honek gutxietsi egin du, ezer egin ez duelako.
Gaurko ebanjelioaren mezuak, gu animatzea du helburu guztia. Erdi lo egotetik irteteko eskatzen digu; beldurra alde batera uztera animatzen gaitu. Jakina, Ebanjelioaren arabera, gure abildadeak gizadiaren onerako erabiltzen saiatu behar dugu. Kontua ez da ekin eta ekin aritzea, helburu zuzenik gabe. Dezente aldiz entzuten dugu EITBn «pertsona helburu» delako esapidea. Hala izan beharko luke. Hala ote da, ordea, oro har, gure gizartean? Duda handiak izateko froga asko ditugu. Baina era berean galdetu behako genuke: «gizakia helburu» al da gutako bakoitzaren kasuan? Jesusen Espirituak arnastu gaitzala, geure lanean, geure denbora-pasan, geure harremanetan.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Gizon-emakume guztientzat: inguruan ditugun guztientzat, animatzaile eta eragile izan gaitezen; batez ere, lur jota-edo ikusten ditugunean. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Alderdi politiko txikientzat, lanbide politikoan ordezkapen txikiagoa dutenentzat: pesimismoan erori gabe, gatz eta akuilu izan daitezen, zuzenbidea jatorrago egiteko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, bakarti, preso, goseak sufritzen ari direnentzat: ARGI handira gidatuko dituen izarra zeru-sabaian ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Enpresari eta langileentzat: lanari ekitean, pentsa dezaten: zer lan, nolako lana, nola egina, zeinen probetxurako lana egin nahi dut. Eska diezaiogun Jaunari.