URTEKO 32. IGANDEA C 2016-11-06

SARRERA

Senideok, urte liturgikoa bukatzen ari gara. Gaur hamabost izango dugu azken igandea. Eta harekin batean, ERRUKIAREN URTEAren bukaera.
Gaurko irakurgaiek badute zerikusirik bukaera horrekin. Hain zuzen, bai lehenengo irakurgaia, bai ebanjelioa geure piztueraz, geure biziaz mintzo zaizkigu. Bizia bizitzera gonbidatzen gaitu Jesusek. «Bizitzea: elkartasunean kreazioarekin, adiskidetasunean anai-arrebekin, irekirik Jainkoaren egintzei eta gizakiaren egintzei, etengabeko esperientzian bizitzako dohainekin» (Hirutasun Santuaren Maria Ebanjelista ahizpa, O. Carm.). Horretan datza Jainkoaren bizia; horretan datza gure espiritualitatea.
Gure benetako giza errealitateari erantzun nahi dion espiritualitateak hiru gauza hauek izan behar ditu kontuan: batetik, begiak ireki behar ditugu biziaren aurrean, geure historian Jainko kreatzailea bera kontenplatzeko; bigarren, Jainkoaren Hitzak eskaintzen digun argira jo behar dugu, bide desberdinen artean egokia bereizteko; hirugarren, horren guztiak mundua eraikitzera eragin behar digu maila desberdinetan.
Espiritualitateak, hain zuzen, Jainkoaren bizian parte hartzea esan nahi du, Jainkoaren lankide izatea. Jainkoa bizia da. Bizia sortu du. Biziari bizirik eusten dio. Jainkoaren izaera kreatzaile edo sortzaile horixe da kristauaren jokabidearen araua: bizia sortu, biziari bizirik eutsi. Gogoan izan dezagun, Jesusek gaurko ebanjelioan esaten diguna: «Jainkoa bizien Jainkoa da».

LEHENENGO IRAKURGAIA Makabearren bigarren liburutik (7,1-2.9-14)

Liburu honen egileak sekulako garrantzia ematen die: bai otoitzari, bai tenpluari, bai Moisesen legea betetzeari.
Gaurko pasarte honetan piztuera, hau da, bizia azpimarratu nahi du. Legea haustera eragin nahi dietenen aurrean, piztueran sinesteak ematen die heriotza bera onartzeko indarra zazpi semeei eta amari. Guztiek esaten dute hau torturatzen dituztenen aurrean: piztuera da neurria, eta ez mundu honetako ongizatea: Jainkoa errukituko da gutaz; Jainkoak piztuko gaitu, bizia emango digu.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik (2,16−3,5)

Segidan entzungo dugun pasarte honek hiru puntu dakartza: batetik, Jainkoari eskerrak ematen dizkio idazleak, tesalonikarrak federa deitu dituelako; bestetik, hainbeste maite gaituen Jesu Kristori, zailtasunen artean kontsola gaitzan eskatzen dio; azkenik, otoitz egiteko eskatzen die tesalonikarrei, Jainkoaren hitza gizon-emakume guztien artean zabalduz joan dadin. Gaur guri ere gauza bera esaten digu: otoitz egin fedea benetan zabaldu dadin, eta, otoitzarekin batean, ahal duguntxoa egin fede hori indartuz joan dadin. Norberagan eta besteengan.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (20,27-38)

Juduen artean, saduzearrek ez zuten sinesten piztueran, ez zuten sinesten betiko bizian. Eta Jesus barregarri utzi nahi dute, galdera maltzur bat eginez.
Legezkoa zuten juduek eginbehar hau: anaia bat seme-alabarik gabe hiltzen bazen, beste anaia batek ezkondu behar zuen haren alargunarekin. Eta alegiazko kasu bat aurkeztu diote: zazpi anaia ziren; zaharrena ezkondu eta ondorengorik gabe hil zen; ezkondu zen bigarren anaia alargunarekin, eta hura ere ondorengorik gabe hil zen; gauza bera beste bostak ere. Galdetu zioten orduan saduzearrek Jesusi: piztuerakoan zeinen emazte izango da halako emakume hura?
Jesusek ez zien erantzun zuzenean. Baizik eta bi adierazpen egin zizkien. Batetik, oraingo bizitza eta geroko bizitza era desberdinekoak izango dira; adibidez, gerokoan ez da ezkontzarik izango. Bestetik, piztuerarik ez dela izango diozue? Ba, zuek fedezkotzat hartzen dituzuen liburuetan dator piztuera badela: Abraham, Isaak eta Jakob hilak diren arren, haien Jainkoaz mintzo dira liburu horiek. Beraz, Jainkoa ez da hildakoena, baizik bizi direnena.
Hau esan nahi die Jesusek: Jainkoa hitzekoa dela, eta bere fededunei biziko direla agindu diela. Jainkoa hitzekoa izate hori da piztuko garen garantia edo bermea. Batez ere, Kristo gure Jauna piztu dela jakin dugunetik.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: geure bizitzan eragile eta motibazio nagusia, beti, piztuera, bizia, izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Jainkoaren hitza munduan, egiazko eran, gero eta ezagunagoa bihurtzen joan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Pobreen eta gaixoen alde: gugan laguntza eta Jainkoagan esperantza ikusteko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Erroman, gaur, errukiaren Jainkoa ospatzeko, Aita Santuarekin elkartuko diren mila eta piko presoen eta gainerako preso guztien alde: Jainkoaz esperientzia bizia lor dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.