Alargun onak eta teologo gaiztoak
Urteko 32. igandea B (2015-11-08)

Emakume alargun bat, fede handikoa (1. irakurgaia)

Kontakizun xume bat da; Asisko Frantziskoren gaineko legendak («Loretxoak») dakarzkigu gogora. Bere garrantzia ez du bere balio historikoan, baizik bere mezuan. Azpimarra ditzadan xehetasun batzuk:
1.- Protagonisten pobretasuna. Antzinako mundu hartan, patriarka-egiturakoan, jenderik marjinatuena emakume alargunak eta haurrak ziren; senarra edo aita hiltzeak, kasurik gehienetan, miserian uzten zituen. Gaurko kontakizunean, egoera larriagotu egin du lehorteak; ez bera eta ez bere semea, ezin bizi izango direla uste izateraino iritsi da emakumea.
2.- Emakumearen fedea eta obedientzia. Askotan, testu hau komentatzean, beraren eskuzabaltasuna azpimarratu ohi da: gelditzen zaion apurra profetari emateko prest baitago. Kontakizunaren autoreak, ordea, beste biok azpimarratu ditu: batetik, haren fedea, irinaz eta olioaz Jaunak esan duenari dagokionez; bestetik, haren obedientzia, Eliasek esan dionari dagokionez.
3.- Eliasen nortasun berezia: Jainkoak bere hitza adierazi dio eta haren bidez mirari handi bat egin du.

Teologo hantusteak eta emakume alargun eskuzabal bat (ebanjelioa)

Kontakizunak bi zati ditu: lehenak lege-maisuak salatzen ditu; bigarrenak alarguna goratzen du. Erlazionatzen dituena, hain kontrakoak diren bien jarrerak dira: lege-maisuek «alargunen ondasunak irensten dituzte»; alargunak «bizitzeko eskura duen guztia» bota du diru-kutxara.

Kontuz lege-maisuekin!

Lege-maisuak jende aditua zen arazo erlijiosoetan, txikitatik Torah ikasteari emanak. Aginpide handia zuten eta egundoko begirunea zieten juduen artean. Jesusek, ordea, ez dio erreparatzen haien zientziari, baizik haien kanpoko itxurari eta haien hantusteari. Ebanjelariak egin duen deskripzioa ezin ironikoagoa da, baita krudela ere. Janzteko era (jantzi zabal-zabalak), hantustea (errespetu-keinuak kalean), harrokeria (sinagogan eta jai-otorduetan lehen postuak), diruzalekeria (alargunen ondasunak irensten dituzte), hipokresia (otoitz luzeren aitzakian). Hau guztia Jesusen bizieraren kontrakoa da guztiz, ikasleei eskatzen dienaren kontrakoa. Horregatik ohartarazten ditu zorrotz: «Kontuz lege-maisuekin!»
Esan beharrik ez da, ikasleek ez ziotela egin jaramon handirik; lege-maisuak bezala janztera iritsi ziren, errespetu-keinuak eta eraztunei musu ematea eskatzera, lehen postuak hartzera, gizon eta emakume alargunen eta ezkonduen diruak irenstera. Zoritxarrez, ebanjelio honetaz ezin esan da: «Edozein antz gaur egungo errealitatearekin kointzidentzia hutsa da», nahiz eta esan beharra dugun egoera aski hobetu dela.

Emakume alargunaren laudorioa

Lehen irakurgaian eta ebanjelioaren bigarren zatian antzeko pertsonaiak ageri dira: emakume alargun bat eta profeta bat (Elias – Jesus). Alabaina, beraien arteko erlazioa era desberdinean ageri da. Erreparatu xehetasun hauei:
Zertaz mintzo dira alarguna eta profeta? Eliasek eta alargunak solasaldi bat izan dute; Jesusek ez dio egin hitzik ere alargunari. Honek egin duena ikusi duenean, ez dio dei egin hizketara, baizik eta ikasleei dei egin die irakaspen bat emateko.
Zer egin du alargunak profetarentzat? Eskura duen guztia ipini du profetaren eskura eta honentzat lan egin du; ebanjelioko alargunak ez du ezer egin Jesusentzat.
Zer egin du profetak alargunarentzat? Mirari handi bat egin du Eliasek alargunaren arazo ekonomikoa konpontzeko; Jesusek ez dio eman txakur txiki bat ere.

Alargunaren irakaspen isila

Markosen gaurko honen aurreko kontakizunek (ez dira irakurri igandeko mezan) hainbat pertsona eta talde aurkeztu dizkigute; Jesusengana etorriak, honekin hainbat puntu eztabaidatzeko: nondik datorkio aginpidea, Zesarri zerga ordaindu ala ez, ba ote hildakoen piztuerarik, zein agindurik nagusiena, etab. Azkenean, emakume alargun hau agertu zaigu; ez du arazo teoriko eta teologikoen kezkarik, ez da arduratu Jesusez ere; kezka bakarra, badela jende pobre bat, duen apurrarekin laguntzen ahal diona.
Gaur egungo jende askoren sinboloa da alargun hori: ez dute harremanik Jesusekin, baina badute kezkarik premian den jendeaz eta laguntzen ahalegintzen dira, kontuan hartu gabe kristauak diren ala ez. Baina azpimarra dezagun: alargunaren kezka ez da mihi puntakoa izan; duen guztia eman du.
Jesusek ez dio deitu alargunari hizketara, ez ikasleen taldean parte hartzera ere; Jesusen hori etsenplu bikaina izan dezakegu, jendearen aurrean izan beharreko jarreraz. Ez da zertan jardun halako jendea itsu-itsuan konbertitzen.
Bizi ditugun egun hauetan, hainbat jende beharrean ikusirik, zer pentsa handia eta zertaz otoitz egina dakarkigu igande honetako ebanjelioak.

José Luis Sicre