URTEKO 32. IGANDEA A 2020-11-08

SARRERA

Senideok, urteko hogeita hamabigarren igandea ospatzen dugu gaur. Hiru igande gelditzen dira, gaurkoa barne, 2019-2020 urte liturgiko hau bukatzeko.
Mateoren ebanjelioaren arabera, Jesusen predikua bukatzeko, hiru parabola gelditzen dira: hamar neskatxena (gaurkoa), talentuena (gaur zortzi) eta azken auziarena (gaur hamabost). Horiek izango dira azken hiru igande hauetako irakurgaiak.
Prediku honek guztiak oharpen hau dakar: egon erne, hartu kontuan denbora, fruitu emanarazi hartu dituzuen talentuei.
Testuinguru honetan dator gaurko parabola, hamar neskatxena: axoladunak dira 10 horietatik bost (hartu dute ordezko olioa kriseiluentzat) eta axolagabeak beste bostak (ez dute hartu ordezko oliorik).
Itzaltzen ari diren argimutilek, pertsonak adi, azti eta erne bizitzen saiatu behar duela adierazten dute.
Zain egoteko unea da bizitza, adi egoteko, Jesus benetan aukeratzeko unea da. Izan ere, Jesus da Argia, Jesus da Bidea..

LEHENENGO IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (6,12-16)

«Jakinduria» liburua Kristo aurreko bigarren mendean idatzi zuten. Jakinduria hori pertsona bat balitz bezala agertu du idazleak. Gizakiari bidera atera zaion pertsona bezala. Benetako jakinduriaren gogoa duen gizakiak bakarrik antzematen dio Jakinduria horri. Gizaki bezala bizitzeko eta jokatzeko gogoa duen gizakiak bakarrik, alegia.
Jainkozko Jakinduria da; jainkozkoa delako, Jakinduria bera da gizakioi aurrea hartzen diguna bilatze horretan. «Erraz aurkitzen dute Jakinduria maite eta bilatzen dutenek».
Egiazko Jakinduria bizitzari zentzua ematen jakitea da. Bizitzari zentzua aurkitzen jakitea, bizitza bera baino inportanteagoa da. Testu hau gaurko Eukaristian irakurtzean, Jainkozko Jakinduria hori Jesusi aplikatzeko eskatzen zaigu. Jesus da «Hitza», Jesus da «Jakinduria». Jesus da gure bizitzari zentzua ematen diona.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik (4,13-17)

Tesalonikarrek egin dioten galdera bati erantzun nahi dio Paulok. Izan ere, Jesusen bigarren etorrera atzeratzen ari dela ikusirik, galdera hau egin diote: zer izango da Jesus etorri baino lehen hil den jendeaz?
Eta guztiak piztuko garela erantzun du Paulok: hilak izan nahiz bizirik egon, guztiak piztuko gara. Batez ere, ordea, piztueraren fedea non edo zertan oinarritzen den agertu die: Jesus piztu da, gu ere piztuko gara.
Berpizturik, Kristo Jesusekin biziko gara betiko. Horrenbestez, Paulok aholku hau eman digu pasartea bukatzean: «Kontsola eta anima ezazue, beraz, elkar hitz hauekin» (4,18)

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (25,1-13)

Gaurko parabola honen hondoan, garai hartako ohitura bat dago: ezkontzeko azken unean, senargaia, bere lagunekin, andregaiaren etxera joaten zen.
Kontuan har dezagun, ebanjelioan datorrena parabola bat dela, ipuin bat dela. Beraz, ezin da hartu hitzez hitz. Jesusek zer esan nahi digun bilatzea da kontua.
Bost neskatxa zentzudunek eta bost zentzugabeek, ez dituzte adierazten bi pertsona-talde desberdin. Hau adierazten dute soil-soilik: gutako bakoitzaren baitan bi jarrera izan ohi ditugula, bata bestearen kontrakoak.
Gugan bada zati bat «zentzuduna, jakintsua»; bata, gauzak egiaz diren bezala ikusteko gai dena, edota ikusten saiatzen dena; bestea: «zentzugabea, zozoa», gure izate guztia «ni» egoistara mugatzen duena. Azken honek agintzen duenean, nahasturik eta argirik gabe ibili ohi gara, ilunean. Aitzitik, errealitatea bere osotasunean ikusi nahi dugunean, begiak irekitzen ditugu natura, lagun hurkoa, nork bere burua, Jainkoa ikusteko; argitasuna da hori, hau da, Jakinduria. Kristo da gure argia, gure egia.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau eta gizon-emakume guztien alde: geure argi handitzat Jesus hartu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Hitza beste batzuei hots egiten modu berezian jardun ohi direnen alde; apaizen, katekisten, bestelako laikoen alde: Jesusen argiari utz diezaioten bihotza argitzen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobre, gaixo, preso, gizarteak bazter utzirik dituen guztien alde: benetako biziaren argia suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Europar Batasuneko joan-etorriak gidatzen dituztenen alde; hurbilagoko ditugun agintarien alde: behartsuenak gogoan izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.