BERANDU IZAN BAINO LEHEN (Mateo 25,1-13)
Urteko 32. igandea A 2020-11-08

Jesusen ikasleentzat oso kritikoa zen kinkan idatzi zuen Mateok bere ebanjelioa. Kristoren etorrera luzatzen ari zen. Jende ez gutxiren fedeak epeltzera joa zuen. Premiazko zen lehen konbertsio hura biziberritzea, Jesusen parabola gogoratuz.

Eztei-jai batez mintzo zaigu kontaera. Poz-pozik, neska-talde bat «senarraren zain egotera irten da». Ez doaz denak prestaturik. Batzuek berekin dute olioa, kriseiluentzat; besteei ez zaie otu ere horrelakorik. Uste dute, aski dutela kriseiluak eskuan eramatea. Senarrak etortzen luzatu egin baitu, «logura etorri zaie guztiei eta lokartu egin dira».

Arazoa, senarra badatorrela iragarri zaienean sortu da. Aurrikusle diren neska gazteek piztu dituzte beren kriseiluak eta sartu dira jai-otordurako. Ardura gabeak olioa erostera joan beharrean gertatu dira. Itzuli direnerako, «atea itxirik dago». Beranduegi da.

Ez da zuzena «olioaren» ezkutuko esanahiaren bila ibiltzea; alegoria bat ote da olio hori espiritu-berotasuna, barne-bizitza, egitate onak, maitasuna… adierazteko? Parabolaren deia soil-soila da: Kristorekiko atxikimendua erantzukizunez eta buru-argi bizitzeko deia, orain berean, berandu izan aurretik. Norberak jakingo du zertaz arduratu.

Erantzukizun-falta da, geure burua kristautzat eman eta erlijioa Kristoren antzeko izateko ahaleginik gabe bizi nahi izatea. Errore handia da, buru-atseginez Elizan bizi nahi izatea, ebanjelio-balioetara itzultzeko egiazko konbertsiorik egin gabe. Oharkabe bizi den jendearen okerra da: Jesusen «jarraitzaile dela» uste izan eta berak abian ipini duen Jainkoaren egitasmoan «sartu» gabe jarraitzea.

«Epeltzea», eszeptizismoan erortzea edo betiko bide seguruan arrastaka bizitzea hain erraza den garai honetan, modu bakarra dakusak Elizan egoteko: Jesu Kristogana bihurtuz.

Jose Antonio Pagola