Azken azterketa prestatzen (Mateo 25,1-13)
Urteko 32. igandea A (2017-11-12

Hurbil da ikasturte bukaera

Urte liturgikoaren bukaerara hurbiltzen ari gara; abenduaren 2an amaituko da. Ikasturtearen bukaera balitz bezala da, azterketa bat egitera gonbidatuko bagintu bezala, eta sakon eta garaiz presta gaitezen nahi du Elizak. Horretarako, azken hiru igande hauetan (32., 33. eta 34. igandeetan), hiru parabola entzungo ditugu, bata bestearen osagarri: hamar neskatxak, talentuak, Azken Auzia. Parabola hauek Mateok bakarrik dakartza, eta helburu jakin batekin gehitu ditu. Markosen ebanjelioa munduaren azkenari dagokion Jesusen irakaspenarekin bukatu da. Mateori, agian, akabera sentsazionalistegia iruditu zitzaion, eta hiru parabola hauek gehitu zituen, bizitza benetan aintzat hartzera gonbidatzen gaituztenak.

Bidaia hilkor bat New Yorkera

Buenos Airesko Ezeiza aireportutik irten zirenean, bost argentinar adiskide haiek ez zekiten zein hurbil zituzten beren eguna eta beren ordua. Jakin izan balute, ez ziren irtengo bidaia hartan. Baina heriotzak, geroago, beste edozein leku eta ordutan harrapatu izango zituen. Beste ezkontza-bikote hark bezala: bizia salbatu zuten Atlantikoan hondoratu zen Air Franceren hegaldi hura galdu zutenean, baina zenbait hilabeteren buruan auto-istripu batean galdu zuten. «Bizi erne, ez baituzue ezagutzen, ez eguna, ez ordua».

Erne bizitzea ez datza antsiaturik bizitzean

San Luis Gonzaga jolasean ari zen behin batean pilotalekuan, eta galdegin zion lagun batek: «Anaia Luis, gutxi barru hilko zarela jakingo bazenu, zer egingo zenuke?» Eta Luisek: «Jolasean jarraitu». Nola uztartu daitezke adi bizitzea eta jolasa? Gaurko parabolak lagundu diezaguke ulertzen.

Hamar neskatxak

Jesusen garaian, ezteiak ospatzen zirenean, neskatxa-talde bat izaten zuen lagun senargaiak andregaiaren bila joateko, zeremonia ospatzera. Gertaera hain arrunt honetatik abiatuz osatu du Jesusek gaurko parabola. Bosnako bi taldetan banatuak diren hamar neskatxa ditugu aurrean: bosteko batekoak zentzugabeak dira, kriseilurako ordezko olioa hartzeaz ahaztu dira; beste bostekoak zentzudunak dira, ordezko olioa ere hartua dute. Orain arteko guztia da posible. Baina bat-batean itxuragabeko tankera hartu du parabolak; izan ere, huts egiten duena ez da andregaia, baizik eta senargaia: gauerdiraino atzeratu da.

Bitarte horretan, lo gelditu dira hamarrak. Eta kriseiluek olioa erretzen jarraitu dute. Senargaia iritsi denean, batzuek eskura dute ordezko olioa; besteen kriseiluak azkenetan daude. Zentzudunek ez diete oliorik eman nahi izan, eta senargaiak ez ditu onartu ateak itxirik zirela iritsi direnei.

Parabolaren ondorioa nahasgarria da: «Beraz, bizi hadi, ez baituzue ezagutzen, ez eguna, ez ordua». Nahasgarria da, hamarretatik inor ez baita adi egon, guztiek eman diote lo egiteari. Horrenbestez, adi bizitzea, kasu honetan, ordezko olioa hartzean agertu duten zentzuzkotasunean datza. Zer esan nahi du honek praktikan?

Bi interpretazio posible

Parabola bi ildo nagusitan interpretatu izan da.

Batak garrantzi berezia eman dio olioari: fedearen, suhartasunaren, egintza honen iruditzat hartu izan da. Behar dena, bihotzez prest egotea da.

Beste ildoak ez dio eskaini aparteko garrantzirik olioaren sinbolismoari: parabolak esan nahi duena, aldez aurretik prest egon behar dela da, bestela berandu izango baita. Bigarren ildo honek ematen du zehatzena, hizkuntza modernoetan eman izan dioten itzulpenak adierazten duenez. Hamar unibertsitario ikasturte-bukaerara iritsi dira. Bost ikasturte-hasieratik ari izan dira ikasten, urte guztian, jardueratan parte hartu dute, oharrak hartu dituzte; beste bostak mugidatik mugidara ibili dira. Azterketa-orduan, beren erantzunak eskatu dizkiete lehen taldekoei. Hauek ezetz, logikoa denez. Azterketa denboraren denboraz prestatzen da, ez da inprobisatzen, ez da kopiatzen.

Lehen irakurgaiaren giltza

Lehen irakurgaiak, Jakinduria liburutik hartuak, ikuspegi guztiz interesgarria aurkezten digu. Pasarte hau aukeratu bada, bost neskatxa zentzudunekin egoki datorrelako da. Irakurgai honetan, jakinduria ez da gauza intelektual bat, ez da ezagutza-multzo bat, baizik eta pertsona bat da, maite duzun bat, bila ibili eta aurkitu duzun bat, edota geure atarian gure zain eserita dagoen bat. Jakinduriaren irudi pertsonalizatu hau Jesusi egotzi zioten lehen kristauek: Jainkoaren Jakinduria da bera.

Honela, parabolak beste zentzu bat hartzen du. Nola bizi gintezke prest? Zertan datza adi bizitzea? Jesusekin harreman hori izatean, geure buruan hura izatean, harekin hitz egitean, berak aurki gaitzan uztean. Senargaiak bost neskatxa zentzugabeei esana gerta ez dakigun: «Ez zaituztet ezagutzen». Jesusekiko adiskidetasuna, harekin elkarrizketa egiteko gaitasuna, ez dira inprobisatzen. Egunero landu behar dira, ondoren ezteietako mahaiaz gozatu ahal izateko. Ahaztu gabe, bigarren agindua lehenengoaren parekoa dela: lagun hurkoarekiko maitasuna eta ardura ere ez dira inprobisatzen azken orduan.

José Luis Sicre