AZALEKO ATEISMOA (Markos 12,28-34)
Urteko 31. igandea B.- 2021-10-31

Aski jende igaro da, azken urte hauetan, Jainkoarekiko fede arin eta azalekotik ateismo, era berean, arin eta erantzukizun gabeko batera. Badira beren bizitzatik jarduera erlijioso guztiak uxatu dituztenak, eta elkarte fededun batekiko harreman guztiak eten dituztenak. Baina aski al da hori, pertsona batek bizitzaren azken misterioarekin duen jarrera serioski konpontzeko?

Badira esaten dutenak, ez dutela sinesten, ez Elizan, ez «apaizen asmakizunetan», baina Jainkoagan sinesten dutela. Alabaina, zer esan nahi du Jainkoagan zure sinesteak, hartaz sekula gogoratzen ez bazara, harekin sekula hitz egiten ez baduzu, hari sekula entzuten ez badiozu, harengandik inolako gozamenik espero ez baduzu?

Beste batzuek aldarrikatzen dute, badela ordua Jainkoa gabe bizitzen ikasteko, nork bere bizitzari duintasun eta nortasun handiagoz aurre eginez. Baina, halakoen bizitzari hurbiletik erreparatzen diogunean, ez da izaten gauza erraza ikustea, zertan zehazki lagundu dien Jainkoa alde batera uzteak bizitza duinago eta erantzukizun handiagoz bizitzen.

Beste batzuek, aski jendek, beren erlijio propioa eraiki dute eta beren moral propioa eratu, beren neurrikoa. Ez dira saiatu beste ezertan, bizitzan aski eroso kokatzen ez bada, beraien bizitza serioski dilindan ipintzen duen galdekizun oro saihestuz.

Beste batzuek ez lukete jakingo erantzuten, Jainkoagan sinesten duten ala ez. Izatez, ez dute ulertzen zertako den on halako gauza hori. Lanari eta gozatzeari hain emanik bizi dira, eguneroko problemetan, aste-bukaerako telebista-egitarauetan eta aldizkarietan hain zabarturik, non Jainkoak ez baitu inolako txokorik beraien bizitzan.

Baina oker pentsatuko genuke fededunok, uste izango bagenu, ateismo arin hau pertsona horiena bakarrik dela, Jainkoagan ez dutela sinesten ozenki esatera ausartzen diren horiena bakarrik, alegia. Izan ere, ateismo hau sartuz doake geure burua fededun aitortzen dugunon bihotzean ere: batzuetan guk geuk ere uste izaten dugu, Jainkoa ez dela geure bizitzako Jaun bakarra, ezta garrantzizkoena ere.

Egin dezagun proba bakar bat. Zer sentitzen dugu geure kontzientziaren barruenean, hitz hauek entzun ditugunean mantso-mantso, behin eta berriz eta egiazaletasunez: «Entzun: Jainko gure Jauna da Jaun bakarra. Maita ezazu Jainkoa, zeure Jauna, zeure bihotz guztiaz, zeure arima guztiaz, zeure gogo guztiaz, zeure indar guztiez»? Zein eremu hartzen du Jainkoak nire bihotzean, nire ariman, nire gogoan, nire izate guztian?

Jose Antonio Pagola