URTEKO 31. IGANDEA C 2016-10-30

SARRERA

Senideok, gai zoragarria dakarkigu gaurko ebanjelioak. «Gaur zure etxean bazkaldu nahi dut» esan dio Jesusek Zakeori. Zakeo bekataria zen herri osoaren ustez; halere, berak ezer esan aurretik, Jesusek onbera begiratu dio. Jesus ez da arduratu eta kezkatu haren bekatuez; honi erreparatu dio bakar-bakarrik: Akeo ere Abrahamen semea da. Aski izan du Jesusek Zakeo bere bila dabilela ikustea. Bila, bila eta bila.
Baina zergatik dabil bila Zakeo? San Agustinek argi esaten du: «Jauna, ni ez nintzen zure bila ibiliko, zu aurrez nire bila ibili ez bazina».
Horra. Lehenengo irakurgaian entzungo dugunez, Jainkoak gutako bakoitzaren ardura du. Gure bila dabil. Izan gaitezen sentibera; bizi gaitezen adi eta erne, Jainkoa gure bila dabilela ikusteko. Sentibera, leial, ondradu, bizi, ez lotuegi mundu honetako gauzei. Espiritu Santua izan dezagula lagun.

LEHENENGO IRAKURGAIA Jakinduria izeneko liburutik (11,23−12,2)
Gizon-emakume guztien errukia duzu, Jauna, guztiak maite dituzu. Bai, Jainkoa leiala da. Berak kreatu ditu gizon-emakume guztiak. Ez zituen kreatuko, guztiak bere maitasunean biltzeko izan ez balitz. Maitasunez kreatu gaitu guztiok, eta maitasunez eusten digu bizirik. Bekatuan erotzen bagara ere, guztiok maitatzen jarraitzen du; ez da gu bezalakoa: «Iraindu egin nauzula? Damutuz zaitez», esan ohi dugu; Jainkoak ez; Jainkoak lehenean jarraitzen: «Gizajo edo gajo hori, zatoz, zatoz; zatoz nire bihotz ondora». Guztioi eskaintzen diguzu aukera, bihotz-berritzeko eta zugan konfiantza izaten jarraitzeko, Jauna. Senideok, jar dezagun geure uste osoa, geure konfiantza Jainkoagan.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako bigarren gutunetik (1,11-2,2)

Jesusen bigarren etorrera berehalako batean izango zelakoan bizi ziren tesalonikarrak. Uste horren kontra idatzi die Paulok. Uste hori dela eta, burua ez galtzeko eskatu die. Eta, batez ere, etorrera hori berehala omen datorrelako, lanik egitea ez duela merezi esaten ari direnen kontra mintzo da Paulo.
Eta, aukera ona eginez, esan die: saia daitezela Kristo berpiztuaren bidean sartzen. Azken batean, tesalonikarrak aintzatsu izatea da Pauloren gogoa. Kristoren aintzaz aintzatsu. Horretarako, Jaunari eskatzen dio, bizi dezatela duintasunez beren kristau-bokazioa.
Senideok, horra Paulok guri ere opa digun erregalua: geure bizitza duintasunez bizitzea.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (19,1-10)

Lukasen ebanjelioari sarritan ematen zaio «errukiaren ebanjelio» izena. Izan ere, askotan aipatzen du Jesusen errukia. Gaurko ebanjelioan argi ageri da erruki hori. Jesus Jerikon sartu da. Jerusalemerako bidean azken etapa izango du hori. Jerusalemen agertuko du bere errukia modurik gorenean: han, gizon-emakume guztiengatik hilko da. Baina horren aurretik, beste behin agertu nahi izan du zertara etorri den mundura eta zertara doan Jerusalemera. Jerikon, bekatari baten etxera joan da bazkaltzera. Jesusen bisita hori salbazio gertatu da Zakeorentzat: goitik behera aldatuko du bere biziera Zakeok: bere ondasunen erdia pobreei emango die; norbaiti bidegabeki zerbait kendu izan badio, lau halako itzuliko dio. Jesusen presentziak goitik behera aldarazi du gure gizona. Jesus, izan ere, galdurik zebilenaren bila etorri da, eta halako hori salbatzera.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: bizieraz aldatzera dei egiten digun Jesusi, kasu egiteko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gure herrian eta mundu osoan, zuzentasunaz ardura gehiago sor dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Torturatzaileen alde: jokabide horrekin beren giza duintasuna galtzen ari direla kontura daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Zuzenaren kontra aberastu direnen eta aberasten ari direnen alde: Zakeo bezala, Jesusen bidera bihur daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.