Manamendurik nagusiena (Markos 12,28b-34)
Urteko 31. igandea B 2018-11-04

Bartimeo itsua sendatzearen pasadizoak Jerusalemera bidean utzi gintuen aurreko igandean. Segidan, Markosen kronologian, sarrera garaitsua gertatu da igandean; tenplua garbitzea astelehenean; asteartean, berriz, galdeketa egin diote Jesusi, tenpluko zabalgunean, agintariek bere ahalmenaz, eta fariseuek eta herodestarrek Zesarri eman beharreko zergaz, eta saduzearrek piztueraz. Asmo txarrez egindako aurkaritzak dira; baina ustekabeko eszena gertatuko da azkenean: lege-maisu batek Jesusen jakinduria aitortu du.

1.-Lege-maisu bat da protagonista. Moisesen legean jende aditu dira lege-maisuak; gaur egungo teologia-irakasleen antzeko, baina askoz ere formazio estuagoko; izan ere, buruz ikasi behar izaten zituzten Pentateukoa eta rabinoen interpretazioak; gainera, ezin hasi ziren beren lanbidean berrogei urteak bete arte. Izen handia zuten herritarren artean, nahiz eta legalismoa zuten beren arrisku handia: araua arauagatik, nahiz eta, beren probetxu bila, askotan trikimailu guztiez baliatzen ziren arauari ihes egiteko. Horregatik bizi izan zituen Jesusek hainbat sesio halakoekin. Ebanjelioan, Jesusen arerio bezala ageri dira eskuarki lege-maisuak; halere, oraingo kasu honetan, harreman onak izan dituzte biek, Jesusek eta rabino edo lege-maisuak, bata bestea laudatzeraino.

2.-Galdera manamendu nagusiaz. Antzinako sinagogan 613 arau zituzten (248 agindu eta 365 debeku); haietan zailak eta errazak bereizten zituzten. Errazak: ahalegin txikia edo diru gutxi eskatzen zutenak; zailak: diru asko eskatzen zutenak edo bizitza arriskuan ipintzen zutenak. Adibidez, zailak ziren aita-amak ohoratzea, eta erdainkuntza. Oro har, uste zuten zailak garrantzizkoak zirela; gai garrantzizkoen artean hauek ageri ziren: idolatria, lizunkeria, erailketa, Jainkoaren izena profanatzea, larunbata gordetzea, kalumnia, Torah (Pentateukoa) ikastea. Beraz, manamendu-multzo hau zela-eta logikoa zen gauzak sintetizatu nahi izatea, edo garrantzizkoenak zein ziren jakin nahi izatea.

3.-Jesusen garaikideen erantzuna. Bi kasu aipatuko ditut. Lehenengoa anekdota batean dator, urte gutxi batzuk Jesusen aurretik bizi izan ziren Shammay eta Hillel rabino famatuei dagokien batean. Behin batean pagano bat iritsi zitzaion Shammayri (K.a. 30. urte inguruan), eta esan zion: «Proselito [hau da, judaismora bihurtzeko] egiteko prest nago, txingoka irauten dudan bitartean Torah osoa adierazten badidazu». Shammayk kanpora bidali zuen eskuan zuen neurtzeko makilaz mehatxu eginez. Orduan, paganoa Hillelengana joan zen (K.a. 20. urte inguruan). Hillelek erantzun zion: «Ez egin hurkoari gustuko ez duzuna. Horretan datza Lege osoa; gainerakoa interpretazioa da». Eta proselitotzat hartu zuen paganoa.

Rabi Akibari ere (+K.o. 135. urte inguruan) Lege osoa esaldi batean sintetizatzeko ahalegina aitortzen zaio: Maitatu hurkoa zeure burua bezala (Lebitarrena 19,18); burubide handi orokorra da hau Torah-n».

4.-Jesusen erantzuna. Funtsezkoa esaldi bakar batean biltzeko ahalegina Mendiko Hitzaldiaren bukaeran dator Mateoren ebanjelioan: «besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia» (Mateo 7,12).

Gaurko ebanjelioan, Liburu Santuko aipamen batekin erantzun dio Jesusek: «ENTZUN, ISRAEL: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, arima osoz eta indar guztiz» (Deuteronomio 6,4-5), nahiz eta «zeure gogo osoaz» ere gehitu dion. Hitz hauek edozein judu jainkozalek egunero, jaikitzean eta arratsean, otoizten dituen otoitzetakoak dira. Alde honetatik, Jesusen erantzuna akatsik gabeko gertatu da. Ez du berrikeriarik; fedean etengabe aitortzen ari direna aipatu du.

Honetan datza Jesusen erantzunaren berritasuna: manamendu nagusia zein den galdetu diola lege-maisuak, eta bigarren bat gehitu duela Jesusek, lehena bezain garrantzizkoa: «Lagun hurkoa zeure burua bezala maitatuko duzu» (Lebitarrena 19,18). Maila berekoak dira bi aginduak, bata bestearekin hartu behar dira biak. Jesusek ezin onartu du Jainkoagana bide indibidual eta intimista batetik joan ahal izatea, lagun hurkoaz ahazturik. Jainkoa eta lagun hurkoa ez dira bi izari banagarri. Horregatik, ezin esan da ere Jainkoa maitatzea hurkoa maitatzea baino garrantzizkoagoa denik. Lege-maisuak manamendu nagusiaz (singularrean) egin dion galderari biak (pluralean) direla nagusi erantzun dio. Eta ez da bi hauek baino agindu nagusiagorik.

5.-Lege-maisuaren erreakzioa. Protagonista ez zaio etorri Jesusi tranpa bat jartzera (beste kasu batzuetan lege-maisuek eta fariseuek egin dutenaren kontra), baizik eta zer irizten dion jakitera, eta guztiz konforme gelditu da erantzunarekin. Eta iruzkin guztiz garrantzizko hau egin du: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeak «erre-opari eta bestelako opari guztiek baino gehiago balio du». Hitz hauekin, alde teorikoa utzi eta ondorio praktikoak atera ditu lege-maisuak. Mende askotan, israeldar askok, gaur egun kristau askok bezala, uste izan zuen, Jainkoagana kultu-egintzen, erromesaldien, tenplurako egindako eskaintzen, animaliak hilez egindako kostu handien… bidez iristen ahal zela. Alabaina, profetek irakasten zieten, Jainkoagana iristeko, lagun hurkoa aintzat hartu behar dela, pobreez eta zapalduez ardura izan behar dela, gizartean zuzentasuna eragin behar dela. Ildo honetan mugitu da gaurko lege-maisua.

Nahiz eta beraren ikuspuntua ulerterraza den, hona anekdota interesgarri bat. Lujango Andre Mariaren basilika, Argentinan, erromesaldi nazional handiko lekua da, eta ohitura zuten Andre Mariari lore-sortak eramatea. Han izan nintzen azkeneko aldian, atentzioa eman zidan idazkun batek; era ofizialean eta oso argi jarria zegoen, fededunei ohartaraziz, Andre Mariak gustuago duela goseak denari jaten ematea berari loreak eskaintzea baino.

José Luis Sicre