URTEKO 31. IGANDEA A (2017-11-05)

SARRERA

Senideok, urteko hogeita hamaikagarren igandea ospatzen dugu gaur. Gaurko ebanjelioa laburtzeko, egokia da esaldi hau: « Etsenplua ez da modurik hoberena besteei zerbait irakasteko. Modu bakarra da».
Fariseuen kontrako kritika zorrotza dakar gaurko ebanjelioak. Besteak beste, esan die ikasleei Jesusek: egizue haiek esaten dutena, baina ez egin haiek egiten dutena; hain zuzen, ez dute egiten esaten dutena.
Guk ere, adibidez, ezin irakatsiko diegu haurrei gezurrik ez esaten, baldin eta haiek konturatzen badira geuk lotsagabeki esaten dugula gezurra haien aurrean. Eta fedegabe direla esaten dutenen aurrean, nolako fedea agertzen dugu?, garbia?, ebanjelioaren araberakoa?, gizatasuna ontzat ematen duena?…
Ebanjelioko esapide hau guztientzat da: bai agintari erlijioso edo zibilentzat, bai mundu osoarentzat. Jator eta ondradu izatea da kontua: bai hitz egitean, bai jokabidean, bai portaeran. Hitz batean esateko, egiazale izatea da kontua. Geure buruarekin. Lagun hurkoarekin. Jainkoarekin.
Jesus bihotz ireki-irekia izan zen. Bihotz gardena. Eska diezaiogun Jesusen Espirituari eman diezagula egiazale izatea.

LEHENENGO IRAKURGAIA Malakias Profetaren liburutik (1,14b─2,2b.8-10)

Kristo aurreko bostehun eta hamaseian, Babiloniako erbestetik itzultzean, bukatu zuten tenplua berritzea. Aurreko tenplua, Salomonek egindakoa, babiloniarrek erre zuten.
Baina tenplua izan arren, apaizek kultua narrastu egin zuten eta ez zuten ematen behar zuten irakaspenik. Okerrena, injustiziarik handiena defenditzen zuten: erbestetik etorritakoei eskubidea aitortzen zieten bertan bizi zirenei beren lurrak kentzeko. Esan nahi da, pertsonen artean bereizketak eta norkeriak egiten zituzten. Horixe aurpegiratzen die Malakias profetak, eta esaten die, Jainkoarekin egindako elkargoak errespetua, esaneko izatea eta adorazioa eskatzen dituela.
Horixe da guri ere eskatzen zaiguna. Errespetua eta esaneko izatea, lagun hurkoaren zerbitzuan; eta adorazioa, bere esanahi osoan, Jaunaren zerbitzuan.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (2,7b-9.13).

Kristauaren eginkizuna nola ikusten duen deskribatzen du Paulok. Amaren irudira jotzen du: kristauak amaren antzeko izan behar du bere eginkizunean: ama gai izaten da bere burua haurrei emateko.
Lan egiteaz ere hitz egiten du Paulok; berak ez du izan nahi inorentzat zama; berak irabazten du, bere lanaz, bizitzeko behar duena.
Paulok eskatzen duena, ez dira ideia hotz-hotz batzuk. Bere esperientziaz hitz egiten die, bera bizitzen ari den bizieraz.
Hemen egoki dator meza honen hasieran, Sarreran, entzun duguna: «Etsenplua ez da modurik hoberena besteei zerbait irakasteko. Modu bakarra da».

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (23,1-12)

Jesusek Israelgo buruzagi erlijiosoekin izandako tirabiraz ari gara entzuten. Hobeto esan, ebanjelio hau idatzi zen mementoan, Kristo ondoko 80garren urte inguruan, lege-maisuek eta fariseuek bizi zuten hipokresia salatzen du gaurko ebanjelioak: erromatarrek Jerusalemgo tenplua desegin zutenean, beste inoiz ez bezala sentitu ziren jaun eta jabe, eta kristauen kontrako etsai amorratu.
Lehenengo zatian, fariseuez eta gainerako buruzagiez hitz egiten da. Koherentziarik ez dutela aurpegiratzen die Mateok. «Esan, bai, baina esandakoa egin ez». Besteekin zorrotz edo gogor izatea aurpegiratzen die, eta harroputz izatea.
Bigarren zatian, ikasleei hitz egiten die ebanjelariak. Jakinaren gainean jarri nahi ditu: ez ibili titulu eta ohoreen bila. Denok anai-arreba gara Elizan. Mateo, beraz, bere garaiko, Kristo ondoko laurogeigarren urte inguruko, kristauei ari zaie. Izan ere, ohartu da, badela haien artean ere fariseuen antzeko jokabiderik.
Jakina, bai salaketa, bai gomendioa, gaurko kristau-elkarteei aplikatzekoak dira. Gogora dezagun: Jesus ez zen etorri jendeak bera zerbitza zezan, baizik eta zerbitzari izateko.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Gure Eliza honetan arduradun berezi direnentzat: tituluak, jantzi aberatsak eta ohoreak alde batera utzirik, egiazko zerbitzari izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kristau guztien alde: erosotasunari emanik, beren askatasuna eta erantzukizuna inoren esku utzi gabe, beren buruaz eta beren gaitasunez; besteen onerako, behar bezala baliatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Mundu osoan bakea gero eta egiazkoagoa egiten ahalegindu gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Pobre eta gaixoen alde, bakardadean bakarrik eta triste bizi direnen alde. Eska diezaiogun Jaunari.