Bi adibide txar eta bat on (Mateo 23,1-12)
Urteko 31. igandea A (2017-11-05)

Hiru irakurgaietako protagonistak (gaur bigarrena ere kontuan izango dut), elkartearen zerbitzura egon beharko luketen pertsonak dira. Batzuek oker jokatzen dute Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin; Paulok, berriz, buru-belarri eskaini die bere burua bere kristauei.

Apaizen etsenplu txarra (1. irakurgaia: Malakias 1,14b−2,2b.8-10)

Lehen irakurgaiak Judara garamatza, K.a. IV. mendean. Garai hartan, pertsiar inperioaren mende daude juduak. Ez dute erregerik, soilik gobernari bat dute, eta apaizek gero eta botere eta aginpide handiagoak ari dira hartzen. Baina ez dihardute legokiekeen bezala. Haien aurka jaiki da profeta anonimo hau (Malakias ez da izen berezia, baizik titulua; «nire mezularia» esan nahi du). Apaizen kontra dakartzan akusazioak oso gogorrak dira, baina generikoak direla ematen du: Jainkoari aintzarik ez ematea, haren esana ez egitea, haren bideari ez atxikitzea, jende askori estropezu eginaraztea. Gure liturgiak testua moztu ez balu, argi agertuko lirateke gauza batzuk, Jainkoa mespretxatzeko apaizek egiten dituztenak: aldarean ogi zikindua, animalia herren, itsu, gaixoak eta, are, lapurtuak eskaintzea. Azken batean, ez diote garrantzirik ematen, ez aldareari, ez Jainkoari eskainitakoari.

Lege-maisuen eta fariseuen etsenplu txarra (ebanjelioa)

Gaurko honen aurreko igandeetan, hainbat judu-talde erlijiosok Jesusen kontra agertu dituen aurkaritzak irakurri ditugu. Oraingoan Jesusi berari dagokio kontraerasoa. Eta diskurtso zabal batekin egin du; horren lehen zatia bakarrik entzungo dugu gaur, lege-maisu eta fariseuei zuzendua; horiek dira juduen ordezkari erlijioso nagusienak 70. urtetik aurrera (erromatarrek urte horretan tenplua erre zutenean, apaizak bigarren mailara pasatu ziren, beren kultu-eginkizuna ezin bete zutelako). Lege-maisuak adituak ziren Moisesen Legean, gure arteko kanon- eta moral-adituen antzeko-edo. Fariseuak, berriz, laiko jainkozale ziren; batez ere, arauak zorrotz betetzeaz arduratzen ziren eta hamarrenak, gauzarik txikienenak berak ere, ordaintzeaz.

Etsenplu ez txar, ez on

Ironiaz betea den baieztapen baten hasten da diskurtsoa. Esaten dutenaren eta egiten dutenaren arteko bereizketa dagi itxuraz. Diotena zuzena da, dagitena… ez baitagite ezer ere. Halaz guztiz, baieztapen honi ñabardura bat zor zaio, gainerako ebanjelio guztia kontuan hartuz. Hartara, nabari da Jesus ez datorrela bat lege-maisuen eta fariseuen irakaspenarekin ere, zeren eta beste kasu batzuetan beraiekiko bere desadostasuna azaldu baitu; are gehiago, beraien irakaspenarekin («lege-maisuen eta fariseuen legamiarekin») kontuz ibiltzeko esan izan die ikasleei. Horixe agertzen du beraien irakaspenari egindako erreferentziak: hura guztia, jendea zama astunez leherraraztean datza, berek hatz-puntaz ere bultza egin gabe. Ondorioz, gaurko diskurtsoaren hasierako hitzak interpretatzeko era egokia ironiatzat hartzea da. Jesus ez dator bat lege-maisuen eta fariseuen jokabidearekin, ezta beraien irakaspenarekin ere.

Filakteriak eta lepatxuri esaten diegunen lepo-uhaltxoak, borlatxoak eta kolore minak

Ironia-ikusmolde berarekin jarraitzen du diskurtsoak. «Esaten dutena ez dagitela» esan ondoren, gauza asko egiten dutela dio, baina den-dena atentzioa emateko. Eta garrantzi handia ematen dion gauza bati erreparatu dio Jesusek: janzkerari.
Filakteriak, pergaminoz edo behi-larru beltzez estalitako kaxatxoak ziren, barnean lau pasarte biblikoz betetako pergamino-zerrendak zituztenak (Dt 11,13-22; Dt 6,4-9; Ir 13,11-16; Ir 13,2-10). Hamahiru urte beteaz gero, goizeko otoitzaldian, aste-egunetan, israeldar gizonezkoak kaxa bat ipintzen zuen buruan eta beste bat ezkerreko besoan, hitz hauek esanez: «Bedeinkatua zu, Yahve, Jainkoa, Unibertsoko Erregea, zeure aginduez gu santutu eta zure filakteriak eramateko agindu diguzuna». Mateok aipamen bat egin dio filakteriak egun osoan emateari eta borlatxoak handiago egiteari ikusgarriago egiteko judu otoizlarien ohiturari.
Borlatxoen jatorria Zenbakiak 15,38 eta segidan ageri da: «Esan israeldarrei: Josi borlatxoak purpura-hariz soineko-ertzetan, bai zuek, bai zuen ondorengoek. Borlatxoek nire aginduak gogoan edukitzen eta betetzen lagunduko dizuete. Horrela, ez diezue amore emango nirekin desleial izatera bultzatu ohi zaituzteten begi-bihotzen irrikei». Judu otoizlariek handitu egiten zituzten borlatxo horiek, atentzioa emateko. Lege-maisuak eta fariseuak oker horretan erori dira; baita harrokeriazko beste hainbat xehetasunetan ere.

Ez rabi, ez monsinore, ez aita

Jakina, Mateok ez du gelditu nahi ironia erabiltzearekin, baizik eta saihestu egin nahi du kristau-elkartea arrisku horietan erotzea; hala, ohore-titulu guztiak baztertzeko erreguaz bukatu du sarrera-zatia: maisu, aita, aholkulari tituluak, alegia. Beraren ustez, ez da hori bigarren mailako arazo bat: titulu horiek erabiltzeak elkartean aldeak tartekatzea esan nahi du, denok pareko garela ahaztuz: denok anai-arreba, denok Aita bat beraren seme-alaba. Are gehiago, Jainkoari eta Mesiasi berei bakarrik dagokien duintasuna ukatzea esan nahi du, gizaki huts bati leporatzeko. Horregatik, lege-maisuei eta fariseuei nabari zaien itxurazalekeriaren aurrean, kristauen artean beste burubide edo printzipio honek izan behar du nagusi: «zuetan handiena izan bedi zuen zerbitzari». Eta hori onartu nahi ez duena dagokiela ondorioei: «Goratzen dena beheratuko dute, eta beheratzen dena goratuko».

Harira datorren anekdota bat

Duela gutxi kontatu zidaten, nire lagun bat kardinal bat bisitatzera joan zela. Egundoko errore hau egin zuen: «Excelencia» titulua eman zion (gotzain bati dagokiona), «Eminencia» titulua eman ordez. [Euskaraz, zorionez, errazago eta jatorrago jokatuko nuke, hika edo zuka hitz eginez, nola gotzainari eta kardinalari hala aita santuari, faborea lortu ala ez.] Zegokionari aurpegia aldatu zitzaion, halako irainaren aurrean. Eta nire lagunak kale egin zuen: ez zuen lortu eskatu ziona.

Pauloren etsenplu ona (2. irakurgaia: 1 Ts 2,7b-9.13)

Halabehar hutsez, eta aurrekaritzat hartu gabe, gaurko bigarren irakurgaia beste biekin erlaziona genezake. Ardura-ezaren, agintekeriaren, harrokeriaren eta handinahiaren aurrez aurre, Paulok etsenplu bikaina eskaini digu: Tesalonikako kristauei bere burua erabat ematea, ama bat bailitzan, gau eta egun lan eginez, bera inorentzat zama ez izateko.

José Luis Sicre