Urteko 30. igandea C 2016-10-23
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur DOMUND eguna ospatzen dugu: Misioen aldeko Ekintza Eguna. «Munduari ebanjelioa emateko bizi da Eliza» esan zigun Paulo VI.a aita santuak. Ez al da poztekoa eginkizun hau? Jesus ezagutzera, maitatzera eman! Askotan gure atsegina beste leku batzuetan bilatu behar izaten dugu. Baina gure bihotza pixka bat sakontzen badugu… zer poza lagun hurkoari Jesusen berri eman ahal izatea.

Gaurko irakurgaien muina, berriz, Jainkoaren zuzentasuna da. Baina zuzentasun horrek zerikusi txikia du gure zuzentasunarekin. Jarri al gara pentsatzen, noizbait, Jainkoaren zuzentasun horretan? Konparatu al ditugu, sekula, Jainkoaren zuzentasuna eta gurea, nirea? Egokiera on-ona dugu gaur horretarako.

Hitz batean esateko, errukia da Jainkoaren zuzentasuna: ERRUKIA. Har dezagun errukia esateko latinez erabiltzen dugun hitza: MISERICORDIA. Zer esan nahi du «misericordia» horrek? Nolabait esateko, miseriari begira dagoen bihotza (miseria + cors=bihotza). Gizadiaren miseriari, pobretasunari begira dagoen Jainkoaren bihotza da «misericordia» edo erruki hori. Jainkoak ondo asko ezagutzen du zer garen, eta guri begira dago: errukitsu, gupidatsu, bihotzez.

Hona zer dioen gaurko lehen irakurgaiak. «Jainko zuzena da Jauna, ezin izan da partziala; ez da partziala pobrearen kontra». Lehendabizi dio, «ezin izan da partziala»; eta berehala: «ez da partziala pobrearen kontra». Zer esan nahi du honek? Hauxe: Pobrearen alde partziala dela. Pobrea eta aberatsa ezin tratatu ditu maila berean. Azken batean, Jainkoa partziala da: beharra duenaren alde. Zer egiten du ama batek? Hainbat seme-alaba ditu; gehienak osasuntsu dira; bat gaixotia da; ez al du izaten ama horrek ardura berezia seme edo ala gaixoti honentzat?

Gaurko salmoak ere horixe dio: Jainkoa partziala da pobreen kasuan, zapalduen kasuan, atsekabetuen kasuan.

Eta ebanjelioan? A, zer nolako parabola hunkigarria, ederra, pozgarria!

Fariseu bat eta zerga-biltzaile bat tenplura joan dira otoitz egitera. Fariseua, bere ustez eta jendearen ustez, otoizlaria da, «zuzena» da, lege-betetzailea da. Zerga-biltzailea, berriz…? Fariseuaren ustez eta jendearen ustez, lapurra da, zuzengabea da.

Nor bere ustez? Eta Jainkoaren ustez? Fariseuaren zuzentasuna eta Jainkoaren zuzentasuna ez dira gauza bera. Fariseuak bere merezimendutzat dauzka egiten omen dituen ekintza handiak: baraua, hamarrenak ordaintzea… Jainkoaren zuzentasunak beste zerbait ikusten du fariseu horren bihotzean: Jainkoa ez du aintzat hartzen, Jainkoa ez du kreatzailetzat hartzen, Jainkoa ez du hartzen bere laguntzat; gainera, tenpluan bere ondoan duen zerga-biltzailea ez du aintzat hartzen, ez du hartzen lagun hurkotzat, ez du hartzen Jainkoaren maite-maitetzat…

Senideok, Jainkoaren zuzentasunak ez du askotan zerikusirik gure zuzentasunarekin. Egiazko zuzentasuna: Jainkoa aintzat hartzea da, lagun hurkoa aintzat hartzea da. Zer naiz ni Jainkoarentzat? Zer naiz ni Jainkoaren seme-alabentzat?

Errukiaren urtea bukatzen ari gara. Baina Jainkoaren errukiak ez du, ez bukaerarik, ez mugarik. Jainkoaren bihotza gure pobretasunari begira bizi da. Nor bere pobretasunari eta lagun hurkoaren pobretasunari begira bizitzeko deia dugu Jainkoaren bihotz errukitsua.

Dionisio Amundarain