URTEKO 30. IGANDEA B (2021-10-24)

SARRERA

Senideok, urteko 30. igandea ospatzen dugu gaur.
Igande honetako irakurgaiek Jainkoaren maitasunaren ezaugarri berezi bat agertzen digute: haren errukia, haren onginahia. Ezin utzi du gizadia bertan behera, «Hor konpon!», esanez. Ez. Guztiz kontra: deika eta deika jarraitzen du, beragana joan gaitezen deika. Horixe nabari da lehen irakurgaian, Jeremiasen pasartean: «Aita izango naiz Israel herriarentzat».
Ebanjelioan, berriz, Bartimeo itsua ageri da, bide bazterrean eseria. Haren oihuak entzunik, Jesus errukitu da hartaz; fedea esnarazi du harengan, eta fedeak sendatu eta salbatu du itsua. Eta, itsu zena, Jesusen jarraitzaile bihurtu da.
Hebrearrei egindako idazkian, bigarren irakurgaian, Kristo Apaiz Gorenaren oinarrizko ezaugarri hauek agertu dizkigu: gizadiarekiko solidaritatea eta errukia.
Senideok, honek guztiak Jaunagan konfiantza izatera dei egiten digu. Eta konfiantza horrek, berriz, jende askori geure fedearen arrazoiak ematera eramango gaitu. Hain zuzeb, DOMUND igande honetako ikurra, hauxe dugu: ALDARRIKA EZAZU IKUSI ETA ENTZUN DUZUNA.

LEHEN IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (31,7-9)

Jeremias profetari urte gogorrak egoki zitzaizkion, bizitzeko eta profeta-lana egiteko. Inperio handi bat inguruko beste herri guztiak konkistatzen ari zen garaia. Babiloniako inperioaren garaia.
Inperio horren mende eroriko dela aurresaten dio Jeremiasek Israel herriari. Eta hori, Jaunagandik apartatu direlako: konfiantza Jaunagan jarri ordez, beren buruan jarri dutelako.
Zoritxar handi horretan, herritar gehienak erbestera eraman dituzte, Tenplua suntsitu, Jerusalem hiria txikitu; halaz guztiz, esaten die Jeremiasek, Jaunak bere herrian jarraitzen duela, jendearen artean; gainera, aldi berriak hitzematen dizkie: Israelen bizirik geldituak salbatuko dira, askatuko dira; itsuak, herrenak, haurdunak eta haur egin berriak askatzera etorriko da Jauna. «Israelentzat Aita izango naiz ni», dio Jaunak.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (5,1-5)

Gaurko pasarte hau Kristo Apaiz Gorenari buruzkoa da. Itun Zaharreko idazkera eta pentsaera jarraitzen du autoreak.
Bi zati ditu pasarteak. Lehenengoan, Itun Zaharraren arabera deskribatzen du apaiz nagusia. Bigarrenean, Kristori aplikatzen dio modu berezian apaiz izatea.
Apaiz nagusiak hiru osagai ditu: batetik, gizakien eta Jainkoaren arteko bitartekoa da; bigarren, bekataria da eta bekatarien artekoa; hirugarren, Jainkoarekin harremanak ditu.
Kristori aplikatuz, hau esaten digu: Jainkoak aukeratu du Kristo apaiz nagusi; baina Itun Zaharreko apaiz nagusiak ez bezala, Kristo ez dator apaiz-familia batetik, ez da Leviren tribu edo leinukoa ere; Daviden leinukoa da Kristo. Gai da gurekin solidario eta errukitsu izateko.
Jesus apaiz horrek Jainkoarekin lotzen du gure bizitza, bere bizieraren eta Hitzaren bidez. Askatasunerako bidea eskaini digu; agindu edo arau edo lege erlijioso hutsak baino bide gozagarriagoa eskaini digu: maitasunaren bidea.
Izan dezagun gogoan: Jesus, bere Espirituaren bidez, bidelagun dugu geure bizitzan.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (10,46-52)

Gaurko ebanjelioa Bartimeo itsuaren sendatzeaz mintzo zaigu; itsua Jerikotik Jerusalemera doan bide-ertzean dago eseria.
Jesusek, ikasleekin, larunbat jaia Jerikon igaro du. Biharamunean Jerusalemerako bideari ekin dio. Jeriko-Jerusalem bidea, erromesek egin ohi zuten azken etapa zen. Hala da Jesusentzat ere, Erramu Igandean Jerusalemera iristeko.
Bartimeo itsua sendatze hau, Jeriko irteeran kokatu du Markos ebanjelariak, astearen lehen egun horretan, Jerusalemerako azken etapa horretan. Bartimeo ez da beste itsu bat gehiago; ingurune guztiak adierazten du, espero zuela norbaitek sendatuko zuela. Ez zuen ezagutzen Jesus. Baina entzun zuen hartaz hitz egiten. Bazuen errezeloa handik igaroko zela, erromesen ohiko bidea baitzen. Jesusek sendatuko dituen guztien seinalea da Bartimeo. Zeure fedeak sendatu zaitu, esan dio Jesusek. Eta, sendaturik, Jesusen jarraitzaile bihurtu da Bartimeo.
Senideok, Bartimeo hau, itsutasunetik sendatu beharra duten guztien zeinu edo agiritzat hartu beharko genuke: itsutasun fisiko edota moraletik, beren baitan ixten direnen itsutasunetik, beren aurreiritzietan ixten direnen itsutasunetik, etab. sendatu beharra duten guztien zeinu, sinbolo edo seinaletzat.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Modu batean edo bestean, bihotzeko begiak itsu dituzten guztien alde: Jesusen egiak begiak irekitzen lagundu diezaien, eta Jerikoko itsu izanak bezala bidea pozik eta alai egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Ezinduen alde lanean ari diren pertsonen eta erakundeen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Katekisten eta gurasoen alde: beren egitekoa egoki betetzeko, borondate ona izateaz gain, beren burua prestatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Geure burua misiolari senti dezagun, eta geure bihotzeko begiez ikusi eta bihotzeko belarriez entzun duguna, munduari esaten aspertu ez gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.