Dirurik nahi ez zuen eskekoa (San Markos 10,46-52)
Urteko 30. igandea B 2021-10-24

Igande honetako ebanjelioak, Jesusek jendaurreko bere bizitzan egindako azken miraria dakar. Baina ez da mirari hori beste bat gehiago; kontaerak ezusteko interesgarriak dakarzkigu.

Bartimeo itsuaren protagonismoa

Espero genezakeenaren kontra, protagonista nagusia ez da Jesus. Bidean ibiltari ibiltzera mugatu da hau eta, norbaitek beraz gupidatzeko eskatuz behin eta berriz oihu egiten diola entzutean, ezta hurbildu ere harengana nor den jakiteko. Azkenean, dei egin diezaioten agindu die bere ingurukoei. Eta miraria gauzatu duenean, ez dio leporatu bere buruari; itsuaren merezimendua da dena.

Aitzitik, Bartimeo itsuari arreta berezia eskaini dio ebanjelariak. Itsuaren aitaren izena emateaz gain (beste kasuetan ez da ematen horrelakorik), xeheki deskribatu du egin duen guztia. Leku aproposa aukeratu du limosna eskatzeko: Jerikotik Jerusalemerako bidea, gehienik erabilienetakoa. Eta bidean doana «Nazareteko Jesus» dela jakin duenean, oihuka ekin dio, beraz gupida dadin eskatuz. Gure kaleetan eta eliza-sarreretan ez da falta izaten inoiz ere eskekorik. Oro har, gizalegetsu portatzen dira, batzuetan ez dute hitz ere egiten, aski izaten dute keinu bat. Zer sentituko genuke horietako bat oihuka hasiko balitzaigu, errepikatuz: «Erruki zaitez nitaz»? Jesusek lagun dituenak bezala erreakzionatuko genuke, isildu dadin eskatuz. Baina Bartimeok ez du etsi, gero eta bortitzago egiten du oihu. Eta Jesusek berari dei egitea lortu duenean, ematen du, utzi egin diola itsu izateari. Jauzi batean, estropezu egiteko beldurrik gabe, bere soingainekoa bota eta Jesusenagana doa. Orduan gertatu da gauzarik harrigarriena.

Balizko hiru azken

Imajina dezagun zer gerta zitekeen, gertatua hobeto ulertzeko.

Balizko lehen azkena: Beragandik zer gura duen Jesusek galdetu dionean, Bartimeok ez du zalantzarik izan: limosna ondroso bat. Jesusek eman diezaion agindu dio Judasi; honek marmarka bete du agindua. Eta Bartimeok duda izan du, eskean jarraitu ala etxera joan atsedetera.

Balizko bigarren azkena: Beragandik zer gura duen Jesusek galdetu dionean, Bartimeok ez du zalantzarik izan: «Ikusi». Jesusek, bertakoengandik bereizi harturik (antzeko beste kasu batean egin zuenez), begiak ukitu eta eskatua eman dio. Bartimeo soingainekoa jaso eta etxera itzuli da. Emazteak eta adiskideek lehen uneko ezustekoa gainditu ondoren, esan diote: «Jada ez duzu aitzakiarik lanik ez egiteko». Bartimeo damutu egin da miraria eskatu izanaz.

Hirugarren azkena: Beragandik zer gura duen Jesusek galdetu dionean, Bartimeok ez du zalantzarik izan: «Ikusi». Jesusek ez du ezer egin, baina berehala lortu du Bartimeok ikusmena. Soingainekoaz, familiaz, adiskideez ahazturik, Jesusi jarraitu dio Jerusalemera bidean.

Bartimeo, ikasleak eta gu

Kontaera hau Markosen ebanjelio osoaren mailan irakurtzen dugunean, jabetzen gara, sekulako garrantzia duela.

Ebanjelioaren sail luze bat bukatzen du pasadizo honek, zeinetan Jesus bere ikasleak trebatuz jardun baita gai asko eta askoren inguruan: bizi dituzten arriskuez (handinahia, eskandalua, txikiez ardurarik eza), dituzten eginbeharrez (anai-arreba arteko zentzarazpena, barkazioa) eta jasaten ari diren nahasmenduaz Jesusek ezkontzaz, haurrez eta aberastasunez jaulkitzen dizkien ideiengatik. Irakaspen horien guztien ondoren, ikaslea, eta gutako edozein, itsu sentitzen ahal da, Jesusek bezala ikusteko eta pentsatzeko ezgai garela.

Testuinguru honetan, Bartimeoren jarrera, beraz erruki dadin Jesusi temati oihuka eskatuz, sinbolo bat dugu, Jesusek irakasten diguna ulertzeko edo betetzeko ezgai sentitzen garenerako. Eskatzeko gai izan gaitezen bera ikusi eta berari jarraitzeko kinkarik zailenetan ere.

Kontaeraren beste xehetasun interesgarri batzuk

1.-Bartimeok «Daviden seme» esan dio Jesusi. Gizon honek bakarrik eman dio titulu hori Jesusi Markosen ebanjelioan. Bi zentzu izan ditzake: a) Jesus, «Daviden seme» denez, espero zuten Mesias da, Israelgo erregea; lehentxeago Jesus bere heriotzaz, zerbitzatzera eta ez zerbitzatua izatera etorri izanaz mintzo den arren, itsuak Jesusen duintasuna aitortu du eta bera sendatzeko duen ahalmena. b) Jesus, «Daviden seme» denez, Salomonen pareko da, zeini geroagoko legendek sendatzeko ahalmena egotzi baitzioten. Azken zentzu honetan sarriago erabiltzen da titulu hori Mateoren ebanjelioan.

2.- Jakingarria da ebanjelioak kontatua: Jesusengana hurbildu aurretik «bota zuela soingainekoa». Ematen du alferrikako xehetasuna dela. Halaz guztiz, ebanjelioaren hasieran lehen ikasleez esandako dakarkigu gogora: «sareak utzirik, jarraitu zioten» (Mk 1,18).

3.-Nahiz eta Bartimeok uste izan duen Jesusek senda zezakeela, Jesusek beste hau diotso: «zeure fedeak salbatu zaitu»: fedearen garrantzia nabarmendu du.

4.-Ebanjelio guztian kasu honetan bakarrik ageri da pertsona batek, sendatua izan ondoren, Jesusi bidean jarraitu izana. Testuak ez dioen arren, Jerusalemerantz jarraitu dio, heriotzarantz eta piztuerarantz. Beste behin, guretzat eredu bihurtu da Bartimeo.

Lehen irakurgaia (Jeremias 31,7-9)

Jeremiasen testuak Israel herria kontsolatu nahi du, lehenik asiriarrek erbesteratua eta ondoren babiloniarrek; hitzeman dio herriari, itzuliko dela iparraldetik eta lurraren muturretik. Ibiltzeko gaitasun txikiena dutenak berak ere (itsu, herren, haurdun, ume izan berri) itzuliko dira aberrira. Antzinako atsekabea kontsolamendu handi bihurtuko da.

Lehen irakurgai honek lotura txikia du ebanjelioarekin. Jeremiasen testu hau hautatu, Bartimeok Jesusi Jerusalemera jarraitzen dion bezala, Jerusalemera itzuliko diren itsuez mintzo delako hautatu dute, agian.

José Luis Sicre