URTEKO HIRUGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren herria Jainkoaren Hitzari ohartzen )

Nehemiren liburutik 8, 1-4a. 5-6. 8-10

Zazpigarren hilabeteko besta egunean,
1 Jende guzia, gizon bakar bat bezala bildu zen,
Uretako ate aitzinean den plazan.
Ezdraz lege-irakasleari erran zioten
Jainkoak Izraeli emana zion Moisen legearen liburua ekartzeko.
2 Orduan Ezdraz apezak Legea ekarri zuen batzarraren aitzinera:
gizon, emazte eta ezagutza zuten haur guzien aitzinera.
Zazpigarren hilabeteko lehen eguna zen.
3 Uretako ateko plazari buruz,
Ezdraz liburuan irakurtzen aritu zen, goizetik eguerdi arte,
gizon, emazte eta ezagutza zuten haur guzien aitzinean:
herri osoa han zagon Legearen liburua entzuten.
4 Ezdraz lege-irakaslea
hartarako altxatuak ziren taulen gainean zagon.
5 Ezdrazek liburua zabaldu zuen herri osoaren aitzinean,
bera besteak baino gorago jarria baitzagon.
Liburua zabaltzearekin, herri osoa xutitu zen.
6 Orduan, Ezdrazek Jauna, Jainko handia, goretsi zuen,
eta herriak, eskuak altxaturik, ihardetsi zuen : “ Amen! Amen!”
Gero, ukurtu eta ahuspez eman ziren Jaunaren aitzinean.
8 Ezdrazek irakurtzen zuen Jainkoaren Legearen liburutik,
gero Lebitarrek itzultzen zuten, erran-nahia agertuz,
eta denek konprenitzen zuten.
9 Nehemi gobernariak, Ezdraz apez eta lege-irakasleak,
eta irakasten ari ziren Lebitarrek, herriari erran zioten:
“ Gaurko eguna Jaunari, zuen Jainkoari, kontsekratua da!
Ez doluan jar, ez egin nigarrik!”
Zeren herri osoa nigarrez ari zen, Legearen hitzak entzutean.
10 Ezdrazek erran zioten ere:
“ Zoazte eta jan haragi guria, edan arno gozoa,
eta igor janaria deus prestatu ez duteneri ere,
egun hau Jaunari kontsekratua baita.

Ez atsegabetu: Jaunaren bozkarioa zuen indarra baita!”
hirugarren igandea
Jerusalemen gira, Jesu Kristo aintzineko 450 inguruan. Babiloneko desterrua iragana da,
Jerusalemeko Tenploa berriz eraikia, bizia berriz hasia. Bainan halere, iduri luke populu horrek
zuen esperantza haundi hura osoki galdua duela.
Oraino iragan mendeko gertakari lazgarrien ondorioak hor dira : orduan herria etsaiak
hartua, hiria errautsia izan baitzen… Desterruaren beraren zakar-herexak, herrirat itzuli ondoko
zakar-herexak ere hor dira. Babiloneko desterruarekin denak galduak izan ziren, eta hoinbeste
idurikatu zuten itzultzea ez zen ametsetakoa izan.
Izraelen fedeak, oso-osoa, miragarriki atxiki zuen, hersturan izanik ere. Idolatria guzien
erdian, Izrael populu bat egon zen, haren kartsutasuna haunditu, eta hori apez eta profeteri esker,
hauiek egin baitzuten ezin akituzko artzain lana : hala nola ordu heietan, Izkirio Sainduen berriz
irakurtzea eta hausnartzea.
Gibelerat itzuli-eta, zailtasun haundia izan zen elkar aditzea : lan xede onez eta asmoz
beterik herrirat itzuli zirenen eta jadanik han kokatuak zirenen artean, ez zen bakarrik arroila bat ,
bainan leize bat. Herrian egon zirenetan batzu paganoak ziren, eta ez zuten axolarik Juduen legearen
zorroztasunaz. Beren etsaigoa erakutsi zuten Tenploa berriz eraiki zelarik. Erlisioneari buruzko
lazakeria hori ikusiz, nagusi eta agintariak arranguratu ziren.
Kenka txar hori xuxendu nahiz, Ezdraz eta Nehemik egin ahal guziak eginen dituzte.
Izraelen historian, populuaren bateratzea egina izan da beti Jainkoarekilako Elkargoaren izenean.
Elkargoaren zimenduak ber-berak dira : Lurra, Hiri Saindua, Tenploa eta Jainkoaren Hitza. Lurra,
hortan gira; Jerusaleme Hiri Sainduaren berriz berreraikitzea Nehemi gobernariak bururatuko du.
Tenploa aldiz jadanik xutik da. Jainkoaren Hitza gelditzen da : oihukatuko dute, kanpo zabalean,
gaitzeko ospakizun batean. Zurezko mintzatoki gora bat eraiki da : hantik dute apez eta itzultzaileek
Hitza ozenki oihukatuko.
Eguna artoski hautatua da. Lehengo ohidura berritzen dute : urte berriaren kariarat,
ospakizun haundi bat : “Zazpigarren hilabeteko lehen eguna.” Mintzaldiak pestarat gomitatzen du :
jan eta edan zazue, huna egun haundi bat, zeren Jainkoaren Hitzaren inguruan biltzen baitzirezte.
Elkartean loturen egiteko Ezdraz eta Nehemik besta bat asmatzen dute Jainkoaren Hitzaren
inguruan.
Herriak Esdrasi “Amen! Amen!” ihardesten dio. Alleluia, Hozanna eta Amen dira gure
liturgian atxikiak izan diren hebrearrezko hitz bakarrak. “Amen” hitz hortan dira sendotasuna,
iraunkortasuna. Horieri fidantziaz lotzen ahal da. Hebrearrez “egia”, “fedea”, “leialtasuna”, “amen”
hitzaren familiakoak dira. Amen erraiten dugularik, gure oldar guzia biltzen dugu, Jainkoaren
agintzak fidagarriak direla aitortzeko : ikusten dugu beraz, hitz hori ez daitekela Jainkoari buruz
baizik erran : Jainkoa bakarrik baita Egia. “Amen” hitza, betikotz Jainkoaren eta gizadiaren arteko
Elkargorakoa egonen da.

Salmoa 18

Leloa: Jaunaren poza gure indarra betirako.

Jainko legea on ona da,
Bihotz gogoen pizgarria;
Jaunaren hitza ezin alda,
Jende lañoen zuhurtzia.
Haren manuak beti zuzen,
Bihotzarentzat bozkario.
Garbiki dute joanarazten
Soari argi baitzaizkio.
Jainko beldurra zoin garbia,
Menderen mende garbi doa.
Jaunak errana zoin egia,
Gezur izpirik gabekoa.
Nik erran hitzak onar-zkitzu,
Nere bihotzak derrautzuna.
Zuri ari naiz: zu zaitut zu
Nere harria, nere Jauna.

Salmo hunek erakusten dauku, berriz ere, Legearen nausitasuna Izrael herriarentzat. Legea
eta Jainkoaren errespetua ez dira bortitzak. Testamendu Zaharrean, Legea erakutsia zauku bide bat
bezala. Izraeleko seme batek, nahi badu uros izan, ez du ez eskuin ez ezker joan behar, bide hortarik
ez du baztertu behar.
Egun ikus dezagun Izraelentzat Legearen sentsua, eta, Deuteronomioako liburuak emanen
daukun xehetasuna. Berant agertu izan zen Liburu hori, eta ordukotz, Judeako erresuma Legetik
baztertua zen, orduan Liburu horrek deiadar bat egin zuen, eta jakinarazi Moisen manamendueri
behar zela jarraiki uros bizitzekotz. Josias, Jerusalemeko erregeak erlisionearen berrikuntza egin
zuelarik 7. Mende azkenean, Liburu horri arrimatu zen.
Bibliak erakusten dauku beti Legea libertatearen bidea dela, eta guk uste dugu, Legeak zama
batek bezala lehertzen gaituela. Arranoaren irudi bat badugu hemen: « Bainan Izrael bere herritzat
hautatu zuen, Jakoben herria bere ondoretasun berezitzat. Basamortuan aurkitu zuen, orroz
beteriko bakardadean, inguratu eta bere ardurapean hartu zuen, begi-ninia bezala zaindu.
Arranoak, kafiaren gainean hegaldaka, umeak airatzera sustatzen dituen bezala, berdin Jaunak
ere: hegalak zabaldu, israeldarrak hartu eta hegalen gainean eremaiten ditu. » Arranoek hola
erakusten dute ttipieri hegaldaka: umeak azkartzen hasten direlarik, ait’amak ibiltzen dira zeruan
airean, hetarik hurbil inguruka, eta umeak akituak direlarik, burasoen hegalen gainean noiz nahi
pausatzen ahal dira. Huna erakaspen ederra, Jainkoak emaiten du gizoneri legea, bere hegalekin
hegaldaka ikas dezaten, beraz ez da legearen aldetik demendren menpetasunik.
Hori da leialki, gizaldi eta gizalditan, Jainkoak emaiten daukun mezua: « Geroan, zure
seme-alabek galdeginen dauzuetelarik: « Zer dira Jaun Jainkoak manatu dauzkigun lege, erabaki
eta arau horiek ? hau ihardetsiko diozuete: «Faraonaren esklabo ginen Egipton, eta Jaunak ahal
handiz atera gintuen handik. Jaunak mirari handiak eta egintza izigarriak egin zituen gure begien
bistan faraonaren eta haren etxekoen kontra eta Egipto osoaren kontra, gu berriz handik atera
gintuen, eta hunat ekarri gure arbasoeri zin eginez hitzeman lurraldearen emaiteko. Gero, Jaunak
gure Jainkoak manatu zaukun lege horiek guziak betetzeko eta haren ganako errespetuan bizitzeko,
beti zoriontsu izan gintezen eta bizirik iraun ginezan gaur bezala. »
Josias erregea entseatzen zelarik populua bide xuxenean ezartzerat, errepikatzen zion beti
Liburu Sainduak erraiten zuena, libre eta dohatsu izaiteko, bide xuxena zela eta erraiten zion ere,
zuen Iparraldeko anaiak zorigaitzean dira ahantzi dutelakotz gutieneko egia.
Testamendu Zaharreko idazle guziek jakinarazten zioten populuari, Jainkoak gomendatzen
ziola bere Elkargoa: « Gauza gordeak Jaunak gure Jainkoak ezagutzen ditu; harek agertuak, aldiz,
guretzat eta gure ondokoentzat dira, lege huntan erraiten den guzia bete dezagun.» Fiertasuna badu
populuak bainan ez da urgulutan sartzen, eta Deuteronomiako liburuak umiltasuna galdetzen dio: «
Jakizue Jaunak zuen Jainkoak lurralde eder horren jabegoa ez dauzuela zuen merezimenduengatik
emaiten; zeren herri burugogorra baitzirezte. »
Salmo hunek, berriz, umiltasunaren erakaspena emaiten dio: «Jaunaren hitza ezin alda,
jende lañoen zuhurtzia. » Gisa hortan Jainkoak erraiten dio hura dela bakarrik zuhur. Eta hola,
jarraikiz egun guziz, Legeak kanbiatzen ahal duela populu guzia. Salmoak erraiten dauku oraino: «
Haren manuek garbiki dute joanarazten, soari argi baitzaizkio. »
Manamenduak ez dira ezin beteak. Josias erregeak hori erraiten dio populuari : « Gaur nik
emaiten dauzietan manamendua ez da zuen indarrez gaindikoa, eskumenean ez duzuena. Ez da
han, zeruan, zuek erraiteko: « Nor joanen zaiku, zerurat, manamenduaren bila, hura entzun eta
bete dezagun ?»

Bigarren irakurgaia

( Menbro desberdinak Kristoren Gorputz bakarrean )

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 12, 12-30

Laburra : 12, 12-14. 27

Haurrideak,
12 gorputzak bat izanik ere, menbro ainitz ditu;
bainan menbro guziek, ainitz izanik ere,
gorputz bat bera osatzen dute.
Gauza bera da Kristorekin ere.
13 Gu guziak, Judu ala pagano, esklabo ala libre,
Izpiritu bat berean bataiatuak izan gira, gorputz bat bakarra egiteko.
Eta guziek Izpiritu bat beretik edan dugu.
14 Gorputza, alabainan, ez du menbro bakar batek osatzen,
bainan ainitzek.
15 Oinak erran baleza:
“ Eskua ez naizenaz geroz, ez naiz gorputzekoa ”
halere gorputzekoa litzateke.
16 Beharriak erran baleza:
“ Begia ez naizenaz geroz, ez naiz gorputzekoa ”
halere gorputzekoa litzateke.
17 Gorputz guzia begi balitz, non entzumena?
Eta dena beharri balitz, non usaimena?
18 Bainan gorputzean, Jainkoak menbro bakotxari bere tokia eman dio,
berak nahi bezala.
19 Denak menbro bat balira, zer nolakoa litzateke gorputz hori?
20 Bainan ez, menbroak ainitz dira; gorputza, ordea, bat bakarra.
21 Begiak ez diezoke eskuari erran: “ Ez dut zure beharrik”;
ez eta buruak ere oineri: “ Ez dut zuen beharrik”.
22 Gehiago dena, ahulenak iduri duten gorputz-zatiak
beharrezkoenak dira.
23 Eta gure gorputzean arruntenak uste ditugunak,
itzal handiagoz inguratzen ditugu;
eta lotsagarriak, ohore gehiagoz erabiltzen.
24 Alabainan, berez ohoragarri direnek ez dute horren beharrik.
Jainkoak gorputza apailatu du,
berez ohoregabekoak diren menbroeri
ohore handiena emana izan zaien.
25 Nahi zuen ez zadin zatiketarik izan gorputzean,
bainan menbro guziek elkarren griña izan zezaten.
26 Menbro batek min duenean, beste guziek harekin min dute;
eta menbro bat ohoretan delarik,
beste guziak harekin bozkariotan dira
27 Zuek, bada, Kristoren gorputza zirezte,
eta zuetarik bakotxa gorputz horren menbro
28 Jainkoak Elizaren baitan ezarri dituenen artean, badira
lehenik apostoluak, bigarren profetak, hirugarren irakasleak,
gero, mirakulu egileak,
sendatzeko dohaina dutenak, beren haurrideen laguntzekoa
edo gidatzekoa,edo misteriozko hitzen erabiltzekoa.
29 Guziak apostolu ote dira? Guziak profeta?
Guziak irakasle? Guziak mirakulu egile?
30 Guziek ote dute sendatzeko dohaina?
Misteriozko hitzen erabiltzekoa?
Edo hitz horien interpretatzekoa?

Pauloren testo luze hunek erakusten du Korintoko girixtino elkarteak gaur egungo gure
problema berak zituela. Paulok mintzaldi baten orde, konparazione bat erabiltzen du : alegia edo
ipuin bat denetaz ezagutua, bainan bere helburuari egokitua. Berak, gorputza eta menbroen
parabola argitzen du. Eta iragan asteko irakurgaia -hamabigarren kapitulu hastapena- nolazpaiteko
ezberdintasunaren aldekoa balinbazen, egungo irakurgaiak bestalderat egiten du. Gure
ezberdintasunetarik haratago elgarrekin bat egin dezagun. Gure ezberdintasunak onak dira,
batasun-tresna gisa erabiltzen baditugu. Judu ala pagano, esklabo ala libre, gure berexketa guziak
deus ez dira. Gaurgoitik, gauza bat da baitezpadakoa : gure bataioa Izpiritu bakarrean, gure
patzuergoa gorputz bakar den Kristoren Gorputz hortan.
Hau beste hura baino gorago edo apalago : gure giza ikus-molde horiek ez dute gehiago
baliorik.. Jainkoaren ikus-moldeak arrunt bestelakoak dira : « Zuen artean ordea, ez da hola izan
behar » zion Jesusek bere apostulueri (Mk 10,43). Ez gehiago gogoan erabil lehentasun,
nagusitasun, goragotasun edo ohoragarriagotasunezko hitzik eta obrarik. Hori bai zaila dela !
Paulo finki ari da denentzat izan behar den errespetuaz. Duintasun haundiena, beharrezkoa
den bakarra : Kristoren Gorputz bakarraren menbro izaitea, edozoin izanik ere. Hemen, Jondoni
Paulok emaiten dauku gaitzeko erakaspena errespetuaz : ezberdintasunen errespetua alde batetik eta
edozoin kargu edo ofizio ukanik ere, bakotxaren errespetua.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jaunak Jesus, bere Zerbitzaria, igorri du,
Behartsueri Berri Onaren ekartzera,
Preso direner libertatea iragartzera.

Jesu Kristoren Ebanjelioaren hastapena san Luken liburutik
1, 1-4; 4, 14-21

1 Ainitz lehiatu dira
gure artean izan diren gertakarien historia idaztera,
2 hastapenetik beren begiez ikusi
eta Hitzaren zerbitzari bilakatu direnek
jakinarazi daukutenaren arabera.
3 Horrengatik, neri ere on iduritu zait,
hastetik artoski ororen berri galdegin ondoan,
zuretzat, Teofilo maitea, kondaira landu baten izkiriatzea,
4 ukan ditutzun irakaspenak segurak direla ikus dezazun.
4,14 Jesus, Izpirituaren indarrez, Galilearat itzuli zenean,
haren omena eskualde guzian zabaldu zen.
15 Juduen zinagogetan irakasten zuen, denek goresten zutela.
16 Nazareterat joan zen, hazia izan zen herrirat.
Ohi zuen bezala, larunbatkari zinagogan sartu zen,
eta xutitu irakurtzearen egiteko.
17 Izai profetaren liburua eman zioten eskurat.
Liburua zabaldu zuenean, hitz hauek aurkitu zituen izkiriaturik:
18 Jaunaren Izpiritua nere gainean dago, Jaunak sagaratu bainau.
Igorri nau berri onaren ekartzera,
preso direneri libro direla iragartzera,
eta itsueri ikusiko dutela,
zapalduak libratzera,
19 Jaunak eman graziazko urtearen berri emaitera.
20 Liburua hetsi, laguntzaileari eman eta jarri zen.
Denak, zinagogan, hari zauden, begiak landatuak.
21 Orduan erraiten hasi zitzaioten:
“ Gaur bete da izkiriatua den hau, entzun duzuenentzat.”

Ebanjelioak noiz eta nola izkiriatuak izan ziren, deus guti dakigu. Izan da, hain segur
Ebanjelioak idatzi aitzin, ahozko predikatzea, zeren Lukek Teofilori baitio : “ Kondaira landu
baten izkiriatzea ukan ditutzun irakaspenak segurak direla ikus dezazun.” Lukek aitortzen du ez
dituela gertakariak bere begiz ikusi, ikusi dituztunek heien berri eman diotela eta ordu hartan oraino
bizi zirela. Kristoren piztearen aipatzea Mendekostez hasi da eta Luken ebanjelioa izkirioz ezarria
izan berantago, lekukoak hil aitzin, Jesu Kristo ondoko 80-90 inguruan. Aitzin-solas hori egin-eta
berehala, Luk hasten da gertakarien “kondaira landu baten” egiten.
Gaurko irakurgaia, Jesus bataiatu-eta, basamortuan ukan zituen tentaldien ondotik aurkitzen da. :
“Jesus, Izpirituaren indarrez, Galilearat itzuli zenean, haren omena eskualde guzian zabaldu zen.
Juduen zinagogetan irakasten zuen, denek goresten zutela.” Itxuren arabera, denak ongi doazko
predikatzaile berriari; horrek ez du iraunen.
Jesus judu on bat da. Bidaiatik sartu-eta, Judu on guziak bezala, Sabato kari, Sinagogako
ofiziorat doa. Ez da harrigarri beraz, irakurgai baten egitea eman dezakoten, zeren fededun
bakotxak baitzuen Izkirio Sainduen irakurtzeko eskubidea. Sinagogan, ospakizuna badoa beraz beti
bezala, Jesusek, ixiltasun haundi eta kartsu batean, Izairen testo ezagutu hori irakurtu arte… eta
gaitzekoa ateratzen du goxo-goxoan : « Gaur bete da izkiriatua den hau, entzun duzuenentzat. »
Jesusen ateraldi hori, guk gaur ez dugu asmatzen ahal zer ausartzia izan zen : zeren orduko
denboran, bere herritarrentzat, Izairen testo ohoragarri hori Mesiasez mintzo baitzen. « Mesias »
hitzak erran nahi du « olioadura ukan duena », hunen bidez Jainkoaren Izpiritua zaukana,
populuaren salbamendurako misioa ukanik. Emeki emeki « Mesias » hitzaren erran nahia aldatuko
da. Bi sentsu baditu : Izpiritua bere gainean zaukana, bainan ere Jainkoaren populua gidatu eta
salbatu behar zuena. Bi sentsu horiek, lehenik erregeari doazko, gero apezeri eta profeteri.
Berantago, « Mesias » hitza emana izanen da Izpiritua bere baitan ageri duenari, ez bada ere
oliostatua izana. Hala nola profetak, Eliseo salbu, (1 Err 19,16), bainan Jainkoaren Izpiritua heien
gainean da, eta Kristoren denboran errege eta profeta izanen den Mesias baten haiduru daude,
haren gainean izanen baita Jainkoaren Izpiritua.
Jesusek diolarik : “Irakurtu dauzuetan Izairen hitza, “ Jaunaren Izpiritua nere gainean
dago, Jaunak sagaratu bainau”, nitan da betetzen, besterik gabe erran nahi du : “Ni naiz Mesias,
igurikatzen duzuen hura.” Bere entzuleak harritzen ditu. Menturaz profeta da, geroxago
ikusiko dute ; hartaz orai arte onik baizik ez dute pentsatzen . Bainan ez da errege! Mesias-Errege
garaitzale baten beha ziren, Izrael Erromanoen eskutik libratuko zuena. Hori zen lehenik,
idurikatzen zuten salbamendua, politika mailako salbamendua. Jesusek bere garaikideak harrituko
ditu oraino : zinez Mesias da, bai, bainan idurikatzen ez zutenaz arrunt beste bat.
Azken oharpen bat ebanjelio huntaz : Jesusek bere gain hartzen duen Izairen testoa egiazko
programa bat da zinez : “Jaunaren Izpiritua nere gainean dago. Igorri nau berri onaren
ekartzera, preso direneri libro direla iragartzera eta itsueri ikusiko dutela, zapalduak libratzera,
Jaunak eman graziazko urtearen berri emaitera.” Horra Izpirituaren egintza, kontsekratu
dituenetan barna. Kristoz erran guzia, gu konfirmatuentzat ere bali da, gure hein ttipian, segurki.