Hasiera harrigarri bat
Urteko Urteko 3. igandea B (2015-01-25)

Joan den igandean, Joanen ebanjelioak kontatu zigun, nola hasi zen Jesus harremanetan geroago bere ikasle izango zituen batzuekin. Igande honetan Markosen ebanjeliora itzuli gara; funtsean, B urte honetan guztian, Markosen hau irakurriko dugu. Hiru pasadizotan, Jesusek bere jarduera zer era harrigarrian hasi duen kontatzen digu; azken biak lotura handia dute.

1.-pasadizoa: Jesusen hasierako jarduera.
Hiru datu dakartza Markosek: 1) Jesus jarduten hasi den unea; 2) Jesusen jardueraren lekua; 3) Jesusen predikuaren edukia.

Unea. Joan Bataiatzailea atxilotu duten unea da. Gertaera horrek Jesusen bihotzean Joanen lana jarraitu beharra esnatu balu bezala. Gu ohituak gaude Jesusengan jainkotasuna gehiegi azpimarratzen, une bakoitzean zehatz-mehatz jakingo balu bezala zer egin. Baina oso litekeena da, guri bezala hitz egin izan diola Jainko Aitak, gertaeren bidez. Kasu honetan, Joan Bataiatzailea ezkutatu izana da gertaera eta hutsune hori bete behar izatea.

Jardueraren lekua. Joan Bataiatzailea ez bezala, Jesus ez da kokatu leku jakin batean, jendea bila etorriko zaion zain. Ostera, ardi galduaren bila doan artzaina bezala, Galileako herrixka eta auzoetan barna ibili da; Flavio Joseforen arabera 204 ziren. Galilea 70 km luzeko eta 40 zabaleko lurraldea zen; 300dik 1200 metrorako garaiera-aldea zuen. Jesusen garaian, zonalde aberatsa zen, garrantzizkoa eta izen handikoa, aipatu Flavio Josefok Juduen Gerla izenekoaren hirugarren liburuan dakarrenez (BJ III, 41-43); alabaina, bertako aberastasuna oso gaizki banatua zegoen, Erromatar Inperio guztian bezala.

Judako eta Jerusalemgo juduek ez zieten estima handirik galilearrei: «Norbaitek aberastu nahi badu, doala iparraldera; jakinduria lortu nahi badu, datorrela hegoaldera», komentatu zuen rabino batek, harro. Eta Joanen ebanjelioak ideia horren oihartzuna jaso du, apaiz nagusiek eta fariseuek Nikodemori esaten diotenean: «azter ezazu eta jabetuko zara Galileatik ez dela irten profeta bakar bat ere» (Joan 7,52).

Hasierako mezua. Zer die esaten Jesusek jende pobre horri, mendiko landa-jende eta aintzirako arrantzaleei? Iragarpen batean («Bete da epea, Jainkoaren erregetza hurbil da») eta dei batean («bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona») laburtu du Markosek Jesusen mezua.

Iragarpen hori bat dator garai hartako mentalitate apokaliptikoarekin, garai hartan aski zabaldua judu-talde erlijioso batzuetan. Joera horren arabera, munduan gertatzen diren ezbeharren aurrean, zeini ez baitiote argibiderik ikusten, mundu berri eta miresgarri bat espero dute: Jainkoaren erreinua. Autore hauentzat, oinarrizkoa zen Jainkoaren erregetza hasiko zen unea kalkulatu nahia eta zein seinalek iragarriko zuten. Jesus ez da erori tranpa horretan: ez du hitz egingo, ez une zehatz batez, ez seinaleez. «Hurbil dela» esatera mugatu da.

Garrantzizkoena, ordea, hauxe da: iragarpen hori bihotz-berritzeko eta berri ona sinesteko gonbitarekin lotu duela Jesusek.

Bihotz-berritzeak biok ditu berekin: Jainkoagana itzuli eta jokabidea hobetu. Hori argitzen duen irudirik hobena seme hondatzailearena da: aitaren etxetik alde egin eta beren ondasunak xahuturik, aitarengana itzuli beharrean gertatu da eta bizieraz aldatu beharrean. Bihotz-berritzeko dei hau profeten berezi-berezia da, eta ez zitzaion arrotz gertatuko Jesusen entzuleetako inori (1. irakurgaiak, Jonasen liburukoak, gai horixe du ardatz).

Jesusek, alabaina, Jainkoaren erregetzaren «berri onean sinestera» ere gonbidatu ditu, erromatarrek mota askotako zergak ordaintzera behartzen baditu ere, egoera ekonomikoa eta politikoa guztiz latza bada ere, zokoraturik eta mespretxaturik sentitzen badira ere. Berri on hori, handik laster, gaixoak sendatuz gauzatuko da, hau da, osasun fisikoa berrekuratuz, eta bekatuak barkatuz, hau da, bakea eta barne poza berreskuratuz.

2. eta 3. pasadizoak: Simoni eta Andresi, Santiagori eta Joani dei

Jesusek aste batzuk, agian hilabeteak, eman ditu Galilean barna ibiltzen. Azkenean, bidelagun izango dituen eta beraren eginkizuna jarraituko duten ikasle batzuk bilatzea erabaki du. Ez ditu bilatu Jerusalemen, rabino handien ikasleen artean. Baizik eta arrantzaleen artean bilatu ditu. Ekonomiaz ez dira pobre-pobreak, badute ontzi bat eta badituzte soldatapeko batzuk ere. Baina nekazaritza-gizarte batean –halakoa zen Erromatar inperioan–, esku-langile bat landa-jendea baino beheragoko mailakoa zen, eta, soilik, jende lohia eta mespretxagarria zuen bera baino beheragoko (Gerhard Lenski-ren sailkapenean).

Markosen kontakizuna txundigarria da. Posible al da lau mutilek Jesusi jarraitzea bera ezagutu gabe, beren familia eta lanbidea utzirik? Gaur egungo irakurleak, erantzun baten bila, laugarren ebanjeliora jotzen du, non esaten baita ezagunak zituela Jesusek bataiokoan. Alabaina, antzinako irakurlea, eskura Markosen ebanjelioa bakarrik zuena, harriturik gertatuko zen Jesusen tiramena eta ikasleen erabateko prestasuna ikusirik.

Lau ikasle hauek Jesusen predikuaren lehen fruitua irudikatzen dute: Jainkoaren Erregetzaren berri ona sinesten, Jesusi jarraitzen eta bizieraz errotik aldatzen duten mutilak dira.

Jose Luis Sicre