JESUSEN ONDOREN JOAN
Urteko 3. igandea B 2015-01-25
Markos 1,14-20

Joan Bataiatzailea atxilotu zutenean, Galileara joan zen Jesus eta «Jainkoaren Berri Ona hots egiten» hasi zen. Markosen arabera, ez da ari preseski doktrina irakasten, ikasleek ikasi eta zuzen zabal dezaten. Jazotzen, bizitzen ari den gertaera bat ari da Jesus hots egiten. Gertaera hori bizitzen ari da bera, eta guztiekin partekatu nahi du bere esperientzia.

Hona nola laburtu duen Markosek mezu hori: «Bete da epea»: ez da jada zertan egon atzera begira. «Hurbil da Jainkoaren erregetza»: hain juxtu, mundua gizatarrago egin nahi du. «Bihotz-berri zaitezte»: ezin jarraitu duzue ezer gertatzen ari ez balitz bezala; aldatu zeuen pentsaera, zeuen jarduera. «Sinetsi Berri On hau». Entzun dezakezuen berririk onena duzue Jainkoaren asmo hau.

Hotsandiko laburpen hau egin duelarik, lankide bila hastea izan da Jesusen lehenengo egintza, bere asmoa gauzatu ahal izateko. Jesus «Galileako aintziraren inguruan dabil». Ekin dio bere bideari. Profeta ibiltaria da, jarraitzaile bila dabil, haiekin ibilaldi zirraragarri bat egiteko: Jainkoaren erregetzarentzat bideak urratuz bizi. Jesus ez da bere katedran eseria dagoen lege-maisua, erlijio-eskola bat moldatzeko ikasleak etorri zain dagoena. Kristau izatea ez da doktrina bat ikastea, baizik Jesusi jarraitzea, haren bizi-asmoari atxikiz.

Jesus da beti ekimenari ekiten diona. Hurbildu, lau arrantzale haiei begira jarri eta beren bizitzari beste norabide bat ematera egin die dei. Jesusen esku-hartzerik gabe, ez da jaio sekula egiazko kristaurik. Fededunok sinesmen handiagoz bizi behar dugu Kristoren presentzia bizia eta gutako bakoitzari egiten dion begiratua. Hura izan ezean, nork eman gure bizitzari beste norabide bat?

Baina gauzarik funtsezkoena nork bere barruan haren deia entzutea da: «Zatozte nire ondoren». Ez da gauetik goizerako eginkizuna. Dei hori entzuteak Jesusekiko konfiantza iratzartzea esan nahi du, harekiko atxikimendu pertsonala biziagotzea, haren egitasmoan uste ona izatea, haren egitarauarekin bat egitea, haren jarrera geugan berregitea…; horrela, haren egitasmorako jende gehiago irabazteko.

Honako hau izan liteke gaur egun ikurritz bat kristau-elkarte batentzat: Jesusen ondoren ibili. Guztien buru hura ezarri. Igandero gogoratu hura, gure aurretik doan lider gisa. Beste dinamika bat sortu. Jesu Kristori hurbilagotik jarraitzea ipini erdigunetzat. Gure kristau-elkarteak egiaz eraldatuko lirateke. Beste bat izango litzateke Eliza.

Jose Antonio Pagola