Urteko 3. igandea B 2015-01-25
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehenengo irakurgaian fabula bat entzun dugu: Jonas profetarena. Berak sinesten ez duen mezua hots egin du Ninive hirian. Profetaren ustearen kontra, ninivetarrak konbertitu egin dira.

Ebanjelioan, Joan Bataiatzailea preso hartu dutelarik, Jesus hasi da haren lekua betetzen. Jainkoaren erreinua predikatuz, eta prediku horretarako lagun batzuk aukeratuz.

Alde batetik, beraz, lehenengo irakurgaia.

Jonasen liburu hau oso laburra da. Kristo aurreko 4. edo 3. mendean idatzia. Fabula bat da, ipuin bat, garai hartako eta gaurko jendearentzat zer esan handia duena.

Profetak Jainkoaren ahotsa sentitu du. Ninivera, gaurko Irak lurraldera, joateko eskatzen dio. Jonasek, ordea, zorakeria bat dela uste du hara joatea: ninivetarrak paganoak dira, gaiztakeriari emanak; alferrik joatea ez ezik, arriskutsua da.

Hartara, Niniverako bidea hartu ordez, guztiz kontrakoa hartu du, itsasoz. Honetan, itsasontzia arrisku handian gertatu da. Jonasek pentsatu du, bere kulpaz gertatu zaiela hori, eta marinelek urera bota dute. Balea batek irentsi du Jonas. Balearen sabeletik otoitz egin dio Jainkoari. Baleak kanpora bota du gure profeta. Oraingoan, zuzenean doa Ninivera. Baita predikatu ere. Bere ustearen kontra, ninivetarrak konbertitu egin dira. Eta Jainkoak barkatu egin die.

Jonas Jainkoaren kontra haserretu da, barkatu dielako. Eta, beroari eta bere haserreari kontra egiteko, arbola baten pean etzan da. Laster, ordea, arbola ihartu egin da. Eta Jonasek penaz gelditu da.

Honetan, Jainkoak hitz egin dio. «Jonas, zu penaz zaude, arbola bat ihartu delako, eta nik ez al nuen pena izan behar nire herri hau galtzeaz?

Hona fabula honek adierazten diguna. Batetik, Jainkoak gizon-emakume guztien salbazioa nahi du. Bestetik, Jainkoari edozein lekutan egin dakioke otoitz; baita balearen sabelean ere. Hirugarren, askotan, paganoek fededun izenekoek baino prestasun handiagoa izaten dute Jainkoaren mezua entzuteko.

Bigarren, ebanjelioa.

Joan Bataiatzailea preso sartu dute. Hark utzitako hutsunea bete beharra ikusi du Jesusek. Esan nahi da, Jainkoak ez duela gizadia umezurtz uzten. Joan preso? Hor dator Jesus. El Salvadorreko Romero artzapezpikua erail dutela? Jendea orduan eta sutsuago zuzentasunaren eta ebanjelioaren alde. Askotan gertatu izan zaigu geure soroetan: belar txar bat galdu nahi eta ezin. Antzeko zerbait Jainkoaren hitzarekin ere. Gogor hitz egiten duelako, Joan Bataiatzailea hil? Profeta handiago bat etorri: Jesus bera. Jainkoak ez du huts egiten; ez dio uzten hitz egiteari. Entzuleek behar diote erantzun.

Eta Jesus, hor hasi da bere prediku-aldi guztian izango du muina hots egiten: Hurbil da Jainkoaren erreinua. Jesus bera da erreinu hori. Erabat eta osorik onartu du Jesusek zeruko Aitaren asmoa: munduan maitasuna, zuzentasuna, solidaritatea, elkartasuna… ezartzea.

Eta bere lan horri segimena segurtatzeko, ikasleak aukeratzeari eman dio. Simoni eta Andres anaiari, Santiagori eta Joan anaiari dei egin die. Hauek, dena utzirik, Jesusen ondoren doaz. Aspaldi hartan Abrahamen egin zuen gauza bera: bere etxea, bere familia, bere herria utzi, eta Jainkoak adierazi zion lekura joan.

Guztiok jaso dugu nork bere deia. Saia gaitezen «bai» handi bat esan eta egiten.

Gaur, azkenik, Haur Misiolarien eguna. Guztiok gara deituak misiolari izatera. Bakoitza bere txokotik. Atzo, urtarrilaren 24an, ospatu genuen Salesko San Frantziskok argi asko adierazi zigun nola bizi dezakeen bakoitza kristautasuna bere txokotik: etxekoandreak, langileak, apaizak, gotzainak… Zeure lanbidea utzi gabe, Jainkoaren ikuspegia biziz.

DIONISIO AMUNDARAIN