Jesusen jardueraren hasiera
Urteko 3. igandea A (2020-01-26)

Aurreko bi igandeetan Jordan ibaian izan gara, Jesusen bataioa eta Joan Bataiatzaileak eskaini zuen testigantza gogoratuz. Liturgiak, gaur, jauzi handi bat egin du. Jesusen tentazioak (Garizumako lehen igandean irakurriko ditugunak) alde batera utzirik, geroagoko une batean jarri gaitu, Herodesek, Joan Bataiatzailearen predikuaz asperturik, hura kartzelan sartzea erabaki duen unean. Segidan gertatu dena hiru pasarte laburretan kontatu du Mateoren ebanjelioak: Jesusen hasierako jarduera, lehen lau ikasleen bokazioa, eta Galileako jardueraren laburpena. Liturgiak lehen pasartea bakarrik hartzeko bidea eman digu, ebanjelioaren zati laburra aukeratuz. Duen garrantzia kontuan harturik, gomendagarriena da hori, agian. Halere, beste biez ere gehitu nahi nuke zer edo zer

1.- Jesusen hasierako jarduera (Ebanjelioa: Mt 4,12-17)

Jesusen hasierako aurkezpena, bataiatua izateko bekatarien lerroan jarri izana, nahasgarri gertatu zaionak, are arrazoi handiagoa du nahasirik gertatzeko haren jardueraren hasiera irakurtzean. Presaka esanik, egin duen lehenengo gauza, ihes egitea izan da; bigarren gauza, herrialderik ahaztuenean jardutea; hirugarren gauza, hitzez hitz errepikatzea Joan Bataiatzailearen predikua. Honek guztiak, ordea, misterio bat du, eta Mateok berak lagunduko digu argitzen.

Jardueraren unea

Pena bat da ebanjelariak hain hitz gutxikoak izatea; izan ere, lehen datua, lehen begiratuan ematen duena baino sakonagoa da. Jesus ez da hasi predikatzen Joan Bataiatzailea preso hartu duten arte. Gertaera horrek kontzientzia esnatu balio bezala: Joanen egintza jarraitu behar duela.

Gu ohituak gaude Jesus era jainkozkoegian ikusten: une bakoitzean zer egin,guztiz argi baleki bezala ikusten dugu. Baina, segur aski, Jainko Aitak Jesusi hitz egin, guri hitz egiten digun bezala hitz egiten zion, gertaerak zirela medio. Eta gertaera handia Joan Bataiatzailea ezkutatu izana da eta haren hutsunea bete beharra.

Baina alde sotil edo fin bat dago Markosen eta Mateoren artean. Markosen arabera, Joan preso hartu orduko hasi da Jesus predikatzen. Mateoren arabera, Jesusek dagien lehenengo gauza Nazaretera erretiratzea izan da. Ikuspegi historiko eta psikologiko batetik, interpretazio egokiagoa ematen du azken honek: Jesus ikusteko ikusmira gizatiarragoa eskaintzen digu, gogoeta egiteko eta erabaki bat hartzeko astialdi bat hartu izan balu bezala ageri da Jesus.

Jardueraren lekua

Harrigarria da jardueraren lekua aukeratzea, Joan Bataiatzailearen kasuan baino gehiago. Joanek ez du hots egin bere penitentzia-mezua Jerusalemen, baina beraren jarduera-lekua, basamortua, oroitzapen sinbolikoz betea da. Jainkoaren agerpena espero den lekua da basamortua. Jesus, berriz, juduen historian inolako garrantzirik ez duen herrialde batera erretiratu da; are gehiago, mespretxuz, «paganoen Galilea» izenpean ezagutzen dute. «Norbaitek aberastu nahi badu, doala iparraldera; jakinduria lortu nahi badu, datorrela hegoaldera» komentatzen zuen rabino batek harro. Joanen ebanjelioak antzeko ideia bat jaso du, apaiz nagusiek eta fariseuek Nikodemori esan dioten hartan: «Ikertu eta ikusiko duzu Galileatik ez dela irten profetarik» (Jn 7,52).

Jesusek Galilea aukeratu izanak bere alde onak eta bere arriskuak ditu. Alde onak: ezaguna den zonaldean ibiltzea, eta iparraldera aise ihes egiteko ahalbidea izatea pertsekuzio batean. Arriskuak: bere mezua Palestinako zonalderik politizatuenean hots egitea, ingurumari aski iraultzailean, gatazkarako bidea ematen duen parajean.

Galilean, berriz, Kafarnaum aukeratu du, arrantzaleen, landa-jendearen eta salerosleen hirian, pasabide handi batean, askotariko jenderekin harremanak izateko aukera ematen dion puntuan, eta hurbileko herrixketara joateko modua eskaintzen dion lekuan.
Alabaina, gaur egungo historialariak ez bezala ikusten ditu gauzak Mateok. Galilea aukeratzeak Isaiasen profezia bat dakarkio burura: herrialde horrek, K.a. VIII. mendean, asiriarren inbasiokoan jasandako zoritxar izugarriez mintzo da profezia hori, baina etorkizunean salbazioa izango duela dioena.
Mateorentzat hau da funtsezko gauza: Jesus ez zaiola zuzendu jende inportanteari, mundua eraldatzen ahal duenari, baizik eta «ilunpean bizi direnei», «heriotzaren lurrean eta itzalean bizi zirenei». Jenderik mespretxatuena eta ahaztuena (landa-jendea eta arrantzaleak) izango da Jesusen lehen entzule. Jende honentzat «argi handi» bilakatuko da Jesus.

Hasierako mezua

Mateok bi arazotan laburbiltzen du: bihotz-berritzea eta Jainkoaren erreinua berehala etortzea. «Bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Jainkoaren erregetza».
Bihotz-berritzeak bi alde hartzen ditu: Jainkoagana itzultzea (seme hondatzailea aitagana itzultzea bezala) eta ondoriozko biziera-aldaketa, Jainkoak nahi bezala jokatzeko.

Lehen alde hori edozeinek ulertzen du; Jainkoaren erregetza berehala datorrelakoak, berriz, nahasmendurik sor lezake, batez ere munduaren azkenarekin erlazionatzen bada. Jesusek dioena ulertzeko (Joanek esan zuena bera bezala) esperientzia historikotik abiatu behar da. K.a. VI. mendeaz gero, Israel herria atzerritar botereren mende egon zen (Babilonia, Pertsia, Grezia, Egipto, Siria). Zapalkuntza gero eta garratzago bilakatu zen, eta desira edo irrika hau sortaraziz joan zen: munduan Jainkoa izan zedila errege jasaten ari ziren bidegabekeria eta zuzengabekeria haiek guztiak gal zitzan. Horrela sortu zen Jainkoaren erregetzaren ideia (edota «zeruena», Jainkoaren izena jaulki beharrik ez izateko). Talde batzuek hori guztia era sinbolikoan hartu zuten: Jainkoa errege, judu-agintari erlijiosoak bitarteko direla izango da errege. Beste batzuek zentzu hertsian hartu zuten, Jainkoaren benetako etorrera gisa, mundu berri eta behin betiko bat ezartzeko. Talde apokaliptiko hauek konbentziturik zeuden Jainkoaren etorrera hori, orainaldiko mundu honen azkena, berehalakoa izango zelakoaz.

Ulertzeko gauza da mezu honek garaikideen artean izan zuen arrakasta: jende behartsu, xume, erromatarrek eta lankideek zapalduari mundu berri bat iragartzen zion, zuzentasun-, bake-, lasaitasun- maitasun-mundu bat, zeinetan Jainkoa izango baitzen egiazko erregea. Hori ote Jesusek buruan duen hitzematen duena? Mateok lastek argitu ditu dudak, Mendiko Hitzaldian, datozen igandeetan irakurri dugu hartan.

Gure erantzuna

Pasarte labur honek geure bizitzaz galdera egitera eragiten digu. Erantzun bera izango ote zen Jesus jarduten eta aldarrikatzen hasi ez balitz? Oharturik bizi al gara, gu geu, Galileako jende hura bezala, ilunpean murgildurik bizi ginela eta argi handi bat ikusi dugula? Uzten al diogu Jesusen deiari erronka bizi gerta dakigun Jainkoagana bihurtzeko eta geure biziera aldatzeko deia entzuten dugunean?

2.- Lehen ikasleak (Ebanjelioa: Mt 4,18-22)

Pasarte labur hau, itxuraz ulertzeko oso erraza, da baina misterioz blai eginda dago, protagonista nagusienak gogoan hartzen direnean.

Lehenik eta behin. Jesusi dagokionez, nork hartuko lituzke lau bekatari nazioarteko erakunde bat sortu eta gidatzeko? Zoro batek, soilik. Lau horiek ez dute Jerusalemeko edo Babiloniako unibertsitateen titulurik. Ez dute zertan izan rabinorik hoberenen ikasle, ezta zertan buruz jakin Torah osoa. Aski dute, berari jarraitu nahi izatea, gauza guztiei uko eginez.

Misteriotsua bada Jesusen jokaera, halaxe da deitu dituen lauena ere. Zerk eragin die den-dena uztera, aita bera ere, eta Jesusi jarraitzera, aldez aurretik hura ezagutu gabe? Bi arazo desberdin daude hemen: aldez aurretik ezagutzea eta erro-errotik jarraitzea

Jada Jesus ezagutzen zutela segurutzat ematen dute batzuek, laugarren ebanjelioa kontuan hartuz, hartan esaten baita bataiokoan hasi zela Jesus haiekin harremanetan (Jn 1,35-51). Edo esaten duten, gertaeren benetako hurrenkera Lukasen ebanjelioak gorde duena dela (4,31—5,11): espiritu lohiak hartua zuen gizon bat eta Pedroren amaginarreba sendatu ondoren, beste hainbat sendatzeren eta deabruak botatzearen ondoren, Jesus jada sobera ezaguna denean, orduan die lau ikasleei dei egiten eta orduan diote hauek jarraitu

Baina aldez aurretik ezagutze honek ez du askatzen erro-errotik jarraitzearen eta gauza guztiei uko egin izanaren problema. Zerk eragin zien horretara? Markosek ez dakar pasadizo ori une honetan. Geroago adieraziko du Santiagok eta Joanek hori egin zutela, hein batean bederen, gurari politikoagatik: konbentziturik zeuden ezen Jesus iritsiko zela Jerusalemen errege izatera, eta berek lehen postuak nahi zituzten haren gortean (Mk 10,35-37). Simonek ere, Jesus Mesiastzat aitortzean, sufrimenduari eta heriotzari uko eginez, kezka politikoa azaldu du. Lukasek oso argi uzten duen gauza da, Emausko ikasleez mintzo denean eta Igokunde aurreko azken solasaldian: uste zuten Israel askatuko zuea zela Jesus (Lk 24,21) eta bere erregetza ezarriko (Eginak 1,6). Halaz guztiz, aurreko argibide horrek, baliozkoa den arren, datuak aurreratzea suposatzen du. Lauei Jesusi jarraitzera zerk eragin zien jakin gabe gelditzen gara oraingoz.

Dudarik ez duena, jarraitu egin ziotela da. Lau ikasle hauek Jesusen predikuaren lehen fruitua ordezkatzen dute: sinetsi dute Jainkoaren Erregetzaren berri ona, jarraitu diote eta erro-errotik aldatu dute bizieraz.

Eta honek harridura sakona eragin bide zuen ebanjelioaren lehen irakurleengan, Jesusen erakarmenaren indarra eta ikasleen guztizko prestasuna miretsiz. Beren isla ikusiko zuten horretan; izan ere, berek ere sentitua zuten Jesusen deia eta, zailtasunak, kritikak eta guzti, jarraitu egin zioten.

3.-Laburpena (Mt 4,23()

Azken esaldia, hain laburra, oharkabe geldi daiteke. Baina ematen du funtsezko osagarria dela 1. puntuan esandakoari dagokionez. Hartan, Jesusen jarduerak irakaspena du erdigune. Oraingo honetan, irakaspenak ekintza du lagun: ibili, irakatsi, aldarrikatu, sendatu. Gaixotasunak eta oinazeak sendatzeak Jesusen denboraren zati handia hartzen du. Duela bi igande, hitz hauekin laburbildu zen dena: «on eginez bizi izan zen». Baina bada laburpen honetan balioztatzen ez dugun zerbait: Galilea osoa zeharkatu zuen. Ahalegina eskatzen du horrek, sakrifizioa, aintzirako 38ºtik negua elurretan bizi zuten herrixketara igarotzea.

José Luis Sicre