URTEKO 29. IGANDEA C 2019-10-20

SARRERA

Jesusek, bere bizitzako otordu nagusia (Azken Afarikoan Lk 22,15-20: Hona nire gorputz-odolak eta Mt 26,26-29) prestatu egin du, gonbidatu egin ditu ikasleak, ospatu egin du, zentzu berri bat eman dio bizitzari, eta bera oroituz otordu hori berregiteko, eguneratzeko, gertaberritzeko agindu digu. Elkartea bildu, Jesusen hitza hots egin, elkartea janaritu eta bidali (misiolari): horra Eukaristia. Bere gorputz edo bere burua eman du eta eskaini du. Odol isuria da Eukaristia. Jesusen da hitza Eukaristia: horizonte mugagabe eta salbatzaile bihurtu da Jesus.
Eukaristia kristau-bizitzaren oinarria eta jaia da fededunentzat: Lazkaon, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Baionan eta nonahi.
Otoitzaren funtsa dugu Eukaristia. Eredua.
Gaur, bestalde, Domund eguna dugu. Misio-eguna. Eukaristia ospatzean, zer eta zein asmo handiagorik? Jesusen misterio handia, mundua salbatzea da. Gizon-emakume guztiak. Misioa ezinbesteko jarrera dugu. Lagundu gaitzala Jesusek berak misiolari izaten.

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (17,8-13)

Moises Israel herriaren gidari doa, Palestinan bere bizilekua bilatu nahiz. Baina etsai gogor batekin topo egin du; amalektar izeneko tribuarekin. Horretan, Jainkoari otoitz egin diote israeldarrek. Eta etsaiak hiltzeko eskatu.
Horrelako eskari okerrez betea da Itun Zaharra. Israeldarren adiskide ez direnak hiltzeko eskari kriminalez betea.
Bestetik, Israel herriak, bere burua hondaturik ikusten duenean, Jainkoaren zigorra dela pentsatzen du. Hau ere oker handia.
Izan ere, Itun Berriko Jesusen mezua kontuan harturik, ez bata eta ez bestea dira ikuspegi zuzenak. Batetik, Jainkoari ezin eskatu diogu inor hiltzea. Bestetik, gaitz bat datorkigunean, ezin uste izan dugu Jainkoaren zigorra dela. Batetik, Jainkoa ez da Israel herriarena bakarrik; herri guztien kreatzaile eta Aita da. Bestetik, Jainkoa ez dator inor zigortzera.
Jainkoak egiten duen miraririk handiena beste hau da: guk harengan konfiantza izatea, baita ezbeharren artean ere.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (3,14−4,2)

Kristau-bizitzan, Jainkoaren berri izatea zein garrantzizkoa den azpimarratzen du testu honek: «eutsi ikasi izan duzunari», esaten dio idazleak Timoteori. Eta gehitzen du: «txikitatik ezagutzen dituzu Liburu Santuak. Hauetan ikasi duzu, Kristo Jesusengan sinesteak ematen digula salbazioa».
Eta, azkenik, artzain den aldetik, zer egin behar duen esaten dio Timoteori: «hots egin Berri Ona; erregutu bide zuzenean ibiltzen; bihotz eman jendeari, kontsolatu ahul direnak».
Senideok, Biblia dugu Jesus nor eta zer den ezagutzeko tresnarik aberatsena. Jesus ezaguturik, guztiok dugu zeregin hau: Jesusek ekarri digun Berri Ona mundu osoan zabaltzea.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (18,1-8)

Nola otoitz egin adierazteko, emakume alargunaren eta epaile zuzengabearen parabola agertu die Jesusek ikasleei.
Alargun bat erregu eta erregu ari zaio epaile bati: egin diezaiola justizia. Azkenean, gogo txarrez bada ere, epaileak egin dio eskatzen duena.
Epaile zuzengabeak, noizbait ere, eskatzen duena ematen badio, zenbatez seguruago ez digu emango Jainko onak eskatzen duguna.
Jainkoagan konfiantza izatera eragiten digu parabola honek. Aldi berean, ordea, otoitzean jarriak ditugun uste faltsuak baztertzera eragiten digu. Baina kontua ez da Jaunari eskatzea, hark arazoak konponduko dizkigulakoan. Gogoan izan beharko genuke, Grotius idazle holandarraren esapide hura: Etsi Deus non daretur (Jainkoa izango ez balitz bezala). Jainkoari eskari bat agertzea, lagun bati agertzea bezala da: lagun hark ez digu konponduko arazoa; baina barnean dugun kezka eta beharra beste norbaiti agertzeak «lasaitasuna»-edo ematen digu. Otoitzaren kasuan, Jainkoa dugu lagunik handiena.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jesusen lekuko bizi-bizi izan gaitezen; bai geure bizieraz, bai hitz eginez. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erroman Sinodoan bildurik diren guztien alde: esku artean dituzten arazoak beren arazo egin ditzaten: ama lurra zaintzea, urte osoan Eukaristia behin bakarrik izaten dutenen arazoa, etab. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Mundu osoan misiolari bizi diren guztien alde: gotzain, apaiz, erlijioso, erlijiosa, laiko gazte nahiz adineko. Hasierako su hura gal ez dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko agintarien alde: bere indarrez pobreak zapaltzeko kezkarik ez duen jende dirudunari eta boteretsuari bideak mozten jakin dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.