HANDIAK DIRA, BEREK EZ JAKIN ARREN Markos 10,35-45
Urteko 29. Igandea B 2021-10-17

Beraien izena ez da ageri ohi egunkarietan inoiz ere. Inork ez die aurretik pasatzen uzten inon ere. Ez dute, ez titulu, ez kontu korronte inbidiagarririk, baina handiak dira. Ez dute aberastasun handirik, baina badute diruz ezin erosi den zerbait: onberatasuna, harrera-gaitasuna, txera eta errukia premian denarentzat.

Pilo bateko gizon-emakumeak dira, inork ere baliorik doi-doi ematen dion oinezko jendea, baina bizitza beren ingurumenean maitasuna eta txera jarriz bizi dutenak. Jende xumea eta onbera, eskua luzatuz eta on eginez bakarrik bizitzen dakitenak.

Harrokeria zer den ez dakien jendea, asmo handi-mandirik ez duena. Gizon-emakumeak, une egokian aurkitzen dituzunak, aupada-hitz bat, begiratu bihozkoi bat, esku hurbil bat behar duzunean.

Aita xume eta onak dira, seme-alaba txikiei entzuteko, berauen ehunkada galderei erantzuteko, berauen jokoetan gozatzeko eta berauen ondoan bizitzako alderik onena birtopatzeko astirik hartzen dutenak.

Ama nekaezinak dira, etxea bero eta pozgarri egiten dutenak. Preziorik ez duten emakumeak, bai baitakite ematen beren seme-alabei beharrezkoen dutena geroari konfiantza osoaz aurre egiteko.

Senar-emazteak dira, beren maitasuna egunez egun heldutasunera eramaten dakitenak, amore ematen ikasiz, bestearen zoriona eskuzabal zainduz, batak besteari barkatuz eguneroko ehunkada sesio koskorretan.

Jende ezezagun hau da mundua bizigarriago eta bizitza gizatiarrago egiten duena. Hauek dute airea garbi eta arnasgarri bihurtzen gure gizartean. Hauez esan du Jesusek handiak direla, gainerakoen zerbitzura bizi direlako.

Jendea: berek ez dakite, baina berauen bizitzari esker zabaltzen da gure kaleetan eta etxeetan energiarik antigoalekoena eta zinezkoena: maitasunaren energia. Mundu honetako basamortuan, batzuetan hain ez bizigarria, zeinetan ematen baitu areriotasunak eta mutur joka ibiltzeak bakarrik dutela lekurik, oasi txiki izaten da jende hau, adiskidetasuna, konfiantza eta elkar laguntza ernetzeko bide. Ez dira nahaspilatzen diskurtso eta teorietan. Hau dute berena: isil-isilik maitatzea eta laguntza eskaintzea premian denari.

Gerta dakieke inoren esker onik ez jasotzea sekula santa. Agian, ez zaie egingo omenaldi handirik. Baina gizon-emakume hauek handiak dira, gizatiar direlako. Horretan datza berauen handitasuna. Berauek dira Jesusen jarraitzailerik hobenak, berau bezala, mundua duinago eginez bizi baitira. Berek jakin gabe, Jainkoaren erreinuari bide irekitzen ari dira.

Jose Antonio Pagola