BIZITZA JAINKOARENTZAT BAKARRIK DA Mateo 22,15-21

Urteko 29. igandea A 2020-10-18

Gaur egungo biblia-exegesiak ez du duda-izpirik. Bizia da Jesusentzat lehenengo gauza, eta ez erlijioa. Aski da beraren jardueraren ibilbideari erreparatzea. Beti, gizarte hartan, bizitza sanoago eta duinago bat sustatu eta garatzeko kezkaturik ageri da.

Ekar dezagun gogora nola jokatu duen gaixoen munduan: beren bizitza murrizturik, mehatxupean eta koloka bizi dutenengana hurbildu ohi da, beraiengan bizitza beteago bat iratzartzeko. Ekar dezagun gogora nola hurbiltzen den bekatariengana: barkazioa eskaintzen die, bizitza duinago bat, umilaziotik eta mespretxutik berreskuratua, bizi dezaten. Ekar ditzagun gogora deabrudunak ere, beren existentziaren jabe izateko ezgai direnak: askatu egiten ditu besterendurik edo alienaturik eta gaitzak jota beren onetik aterea duten bizitzatik.

Jon Sobrinok azpimarratu duenez, beren bizitza zama astun bihurturik duten haiek dira pobre, ezin bizi baitira gutxieneko duintasun batez. Pobretasun hau da bizitzaren Kreatzailearen jatorrizko asmoaren gauzarik kontrakoena. Gizakia duintasunez bizi ezin den hartan, kutsaturik eta ezdeusturik ageri da Jainkoaren kreazioa.

Horregatik kezkatzen da Jesus hainbeste Galileako landa-jendearen bizitza zehatzaz. Jende hark behar duen lehenengo gauza bizitzea da, eta duintasunez bizitzea. Ez da hori azken helmuga, baina bai premiazkoena orain berean. Aitaren azken salbazioan konfiantza izatera gonbidatzen ditu Jesusek, baina jendea gaixotasunetik ateraz batera dagi hori eta oinazea eta sufrimendua arinduz batera. Behin betiko zoriontasuna iragartzen die Jainkoaren altzoan, baina mundu honetako duintasuna, bakea eta zoriona tartekatuz egiten du hori.

Batzuetan, kristauok fedea halako kontzeptu eta hitz-motroiloz adierazten dugu, non, egiazko orduan, jende gutxi iristen baita Jesusek agertu duen Jainkoaren erreinua zehazki zer den ulertzera. Halaz guztiz, gauzak ez dira hain korapilatsuak. Hau da Jainkoak nahi duen gauza bakarra: bizitza gizatiarragoa bat guztientzat eta oraintxetik, bete-betera betiko bizitzan iritsiko den bizitza. Horregatik ez zaio emango inongo Zesarri Jainkoarena dena: beronen seme-alaben bizia eta duintasuna.

Jose Antonio Pagola