URTEKO 28. IGANDEA C 2016-10-09

SARRERA

Joan den astean, urriaren 5ean, asteazkenean, eskerrak emateko eguna ospatu genuen Elizan. Gaur ere, lehenengo irakurgaian eta ebanjelioan, modu berezian ageri da Jainkoari eskerrak emate hori. Eukaristia bera eskerrak emateko ospakizuna da.
Aldi berean, ordea, esan behar da: eskerrak ematea bera bezain inportantea dela Jainkoa goratzea, Jainkoa aintzatzea. Halaxe ageri da gaurko ebanjelioan. Bere burua sendatua sentitu duenean, samariar lepraduna «Jainkoa aintzatuz» itzuli da Jesusengana. Eta fede horrexek salbatu du.
Senideok, gure otoitza, gehienetan, zerbait eskatzeko izaten da. Ez da gutxi; izan ere, Jainkoaren beharra dugula aitortzen dugu horrela. Baina sakoneko geure osasunerako, salbamenerako alegia, beharrezkoena Jainkoa goratzea da, Jainkoa aintzatzea. Bai ona izango litzatekeela hori gogoan izatea; adibidez, «aleluia» edo «santu, santu, santua» abesten dugunean. Ez dezagun galtzen utzi aukera hori. Dena den, bizitza oso dugu Jainkoari eskerrak emateko arrazoi: eskerrak bizia eman didalako, eskerrak familia bat, herri bat… eman didalako. Batez ere, eskerrak, naizen bezala maite-maite nauelako: agian epel, urardo, gesal; agian dirdaitsu, bizi, gogo handiko… Jainkoaren maitasun horrek, geure artean nolako izan adierazten digu.

LEHENENGO IRAKURGAIA Bigarren Erregeak liburutik (5,14-17)

Alde batetik, Eliseo profeta ageri da irakurgai honetan. Jainkoagan jarria du bere uste eta konfiantza guztia, eta uste horren arabera bizi da.
Bestetik, Naaman siriarra ageri da. Atzerritarra da hau. Ez du sinesten Eliseoren Jainkoagan.
Baina gaixotasun handia du Naamanek. Eta zerbitzari duen neskatxa israeldar batek esanik, Israelera joan da Eliseo profetak sendatuko duen ustez. Azkenean, Eliseo profetak esan bezala, Jordan ibaian bainatu da, eta sendatu.
Halere, Naamanek, gorputzeko gaitza sendatzeaz gain, bihotza sendatzea lortu du. Ez, ordea, Jordan ibaian bainatu delako, ez juduen erritu hori egin duelako, ez. Eliseo profetaren Jainkoagan sinetsi du. Horrek sendatu du bihotzean. Erritu guztien gainetik, errituak iradokitzen eta eragiten digun fedea dago

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (2,8-13)

Idazkiaren arabera, kristau izatea ez datza lege-sistema bat zehatz-mehatz betetzean. Ebanjelioan ere garbi ageri da hori Jesusengana joan zen gazte aberats haren kasuan. Kristau izatea honetan datza: gure bizitzako eta bizitzaren erdigune pertsona bat, Kristo, bihurtzean. Gure bihotzaren muin Kristo bihurtzea da kristau izatea. Hura bizi izan zen bezala bizitzeko. Horrek gurutzea hartzea esan nahi du, baina zoriona lortzeko. Horrela, gure bizierak Jesusen mezua agertuko die gainerako gizon-emakumeei. Gure esku dago Jesusen hitza kateaturik egotea edo ez egotea. Hau da, Jesusen hitzak munduan fruitua ematea edo ez ematea.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (17,11-19)

Jesusen garaian, gorputz-azaleko gaixotasunak, ia denak, lepratzat ematen ziren. Eta lepraduna gizartetik aparte eta urruti bizi beharrean gertatu ohi zen.
Jesus jokabide horren kontra agertu da. Gizakia sendatzera eta salbatzera etorria da bera. Ez bakarrik azken egunean, baita mundualdi honetan ere. Halaxe egin zuen behin batean etorri zitzaizkion hamar lepradunekin: «Zoazte apaizengana» esan zien. Eta bidean sendaturik gertatu ziren.
Haietako bat, ordea, apaizengana joan ordez, bere burua sendaturik sentitzean, Jesusengana itzuli zen. Beste bederatzien berririk ez dugu.
Jesusengana itzulia samariarra zen. Besteak juduak ziren. Eta samariarra Jainkoa goratuz itzuli zen Jesusengana.
Alde handia, noski, bat honen eta beste bederatzien artean: azken hauek juduen legea betetzea jarri zuten beste gauza guztien gainetik; samariarrak, berriz, beste jarrera bat agertu zuen: sendatze hartan Jainkoa ikusi zuen. Eta bere bihotzak ongileari eskerrak eman beharra eskatzen zion. Eta Jainkoa goratuz itzuli zen, eta, Jesusen aurrean ahuspezturik, eskerrak eman zizkion.
Errepara diezaiegun bi gau hauei: Jainkoa goratu eta Jesusi eskerrak eman. Baina Jainkoa goratu, «oihuka» egin zuen. Honetan badugu guk zer ikasia: alegia, kantuari gogo handiagoz ekin beharko genioke.

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Medikutara joaten diren gaixoen alde: beren osasuna hobeturik sentitzean, Jainkoaren ezkutuko parte hartzea bizi eta aitor dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Sendatu ezina sentitzen eta bizi duten gaixoen alde: beren gaixotasunean Kristoren gurutzearekin bat egiteko argia eta indarra eskura ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Kristau guztien alde: beren erlijiotasuna, ohitura batzuk betetzean jar ez dezaten, baizik eta Jesus pertsona bizi eta maitekor bezala ikusten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde: Meza ospatzean, ahoz, gorputz osoz, adimenez eta bihotzez parte hartzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.