GEUREA EZ DUGUN DIRUA Marcos 10,17-30
Urteko 28. Igandea B 2021-10-10

Gure elizetan dirua eskatzen da premian direnentzat. Baina jadanik ez da predikatzen teologo eta predikari batzuek diruaz hain sutsu predikatu zutena; adibidez, Treverisko Anbrosiok, Hiponako Agustinek edo Clairvauxko Bernardok.

Galdera bat ageri da etengabe beraien ahoan. Guztiok anai-arreba bagara eta lurra Jainkoak gizadi osoari egindako erregalua, zein eskubidez jarrai dezakegu beharrezkoa ez duguna metatuz, horrela jokatuz besteak bizitzeko behar dutena gabe uzten baditugu? Alderantziz, ez al da esan behar aberatsak sobera daukana behartsuarena dela?

Ez dugu ahaztu behar ezen zerbait jabetzan ukaiteak beti esan nahi duela besteak hartaz desjabetzea. «Jabetza pribatuarekin» beti ari ohi gara guk gozatzen dugunari dagokionez besteak «desjabetzen».

Horregatik, geurea dugun zerbait behartsuei ematean, benetan agian itzultzen ari ohi gara erabat gurea ez den hura. Entzun ditzagun San Anbrosioren hitz hauek: «Ez diozu ematen behartsuari zeurea duzun zerbait, baizik eta berea duena itzultzen diozu hari. Izan ere, komuna edo gizadiarena den hura guztiona da, eta ez aberatsena bakarrik… Zor bat ordaintzen duzu, beraz: ez zara ari beharrezko ez duzuna doan ematen».

Jakina, irudi dakizuke hau dena idealismo soil eta ezdeus bat dela. Legeak modu zorrotzean babesten du pribilegiatuen jabetza pribatua, nahiz eta badiren gizartean miserian bizi diren behartsuak. San Bernardok honela erreakzionatu zuen bere garaian: «Etengabe ematen dituzte legeak gure jauregietan; baina Justinianoren legeak dira, eta ez Jaunarenak».

Ez gara harritu behar, txikitatik agindu guztiak bete dituen gizon batekin topo egitean, Jesusek esan dionaz: artean gauza bat falta zaiola berari jarraitzeko egiazko postura hartu nahi badu: utzi diezaiola aberastasunak metatzeari eta has dadila daukana premian direnekin partekatzen.

Aberats hori triste aldendu da Jesusengandik. Diruak pobretu egin du haren bihotza, askatasunik eta eskuzabaltasunik gabe utzi du. Diruak galarazi egin dio Jainkoaren deia entzutea, bizitza beteago eta gizatiarrago bat egiteko deia. «Zein zaila izango duten aberatsek Jainkoaren erreinuan sartzea». Ez da suertea dirua ukaitea, baizik eta egiazko problema bat da; izan ere, diruak galarazi egiten digu egiazko bideari jarraitzea, Jesusengana eta Jainkoaren erreinuaz berak duen egitasmora garamatzanari, alegia.

Jose Antonio Pagola