Akabera txarra izan duen eztei-otordu bat
Urteko 28. igandea A (2017-10-15)

Joan den igandean, mahasti-langile hiltzaileen parabola, mahastia «bere fruituak emango dituen beste herri bati emango diola» jabeak (43. txatala) esanez bukatu zen. Antzeko zerbait dio gaurko parabolak ere, eztei-otordura gonbidatuenak, Mateoren eta Lukasen eskutik iritsi zaigunak. Mateoren fokapena ulertzeko, funtsezkoa da kontuan hartzea, ez Isaiasen testua bakarrik, baita Lukasena ere.

Abiapuntua: janari gozo bikaineko jai-otordu bat (lehen irakurgaia)

Ezteietara gonbidatuak izan direnen parabola, Isaiasen liburuko poema batean inspiratu da, «mendi honetan», Jerusalemen, Jainkoak antolatuko duen otordu handiaz ari den hartan, herri guztientzat heriotzaren kontra poza, salbazioa eta garaipena adierazten dituen hartan.

Lukasen berrinterpretazio ironikoa (Lk 14,15-24)

Isaiasen testuak ere edozeini eragiten ahal zion, Lukasek Jesusen entzule baten ahoan jarri duen sentimendu hau: «Zoriontsua Jainkoaren Erreinuan jango duena!» Orduan Jesusek, ironia eta errealismo-dosi handi batekin, parabola bat jaulki du; bi ekintzetan bana dezakegu:

Lehen ekintza:
● gizon batek jai-otordu handi bat antolatu du;
● morroi bat bidali du gonbidatuei dei egitera;
● gonbidatuak era onean desenkusatu dira.
Bigarren ekintza:
● Gizonak, haserre, jai-otordura pobreak, elbarriak, itsuak eta herrenak gonbidatzera bidali du morroia;
● morroiak ondo bete du agindua, baina bada artean lekurik;
● berriro bidali du gizonak «etxea bete arte».
Erakutsia:
«Gonbidatu haietako inork ez du dastatuko jai-otordua».

Lukasen bertsioan, Jesusek jaulkitako parabolak argitzen du, zergatik ez dauden kristau-elkartean (jai-otorduan) espero zitezkeenak (juduak), beste batzuk baizik (paganoak). Isaiasen baikortasunetik Jesusek arazo guztiak fokatzen dituen errealismo izugarrira pasatu gara.

Mateoren berrinterpretazio gogorrago eta kritikoagoa

Lukasen bertsioak eragiten ahal zuen kristau-elkarteetan atsegintasun eta segurtasun faltsu baten sentimendurik. Hori saihesteko, Mateok azken eszena bat gehitu du eta aldaketa interesgarririk ere tartekatu ditu: aipatu bi ekintzak lau bilakatu dira:

Lehen ekintza:
● Errege batek bere semearen ezkontzarako gonbita egin du;
● morroiak (bat baino gehiago) bidali ditu;
● gonbidatuek ez dute joan nahi izan.
Bigarren ekintza:
● Erregeak berriro bidali ditu morroiak;
● gonbidatuek kasurik ez diete egin morroiei; are gehiago, haietako batzuk hil egin dituzte;
● erregeak hil egin ditu hiltzaileak eta su eman dio haien hiriari.
Hirugarren ekintza:
● Erregeak kalean jendea biltzeko agindu du, denetarik, on eta gaizto;
● Aretoa bete da mahaikidez.
Laugarren ekintza:
● Erregeak jai-jantzirik gabeko bat ikusi du;
● halakoa jai-otordutik kanporatzeko agindu du.
Irakatsia:
«Gehiago dira deituak aukeratuak baino».

Geroagoko gertaera batzuen arabera berrinterpretatu du Mateok parabola, eta judu-agintari erlijiosoekin bizi zuten bistako polemikaren harira.
Lehen ekintzan, protagonista ez da edozein gizon bat, baizik eta errege bat (Jainkoa), bere semearen (Jesusen) ezteiak ospatzen dituena. Eta ez du bidali morroi bakar bat, baizik eta asko (antzinako profetei eta kristau-misiolariei beraiei erreferentzia eginez). Gonbidatuei, Lukasen kontakizunean bezala, era onean desenkusatu ordez, ez die gogoak eman, besterik gabe.
Hartan, beste ekintza bat (bigarrena) txertatu du Mateok, zeinetan erregearen gonbitari aurkaritza handiagoa egin baitzaio (morroietako batzuk hiltzeraino iritsi dira), eta gogorra izan da erregearen erantzuna: hiltzaileak hiltzeko agindu du eta haien hiriari su emateko (Jerusalem hiriaren suntsipena 70. urtean erromatarren eskuz).
Hirugarren ekintzak berritasun bat dakar, Lukasenari dagokionez: ez dira gonbidatzen pobreak, elbarriak, itsuak eta herrenak, baizik eta guztiak, on eta gaizto. Lukasen fokapen sozio-ekonomikoaren (jai-otorduan zokoratu sozialak sartu dira) ordez, fokapen morala agertu du Mateok (pertsona-mota guztiak).
Gainera, beste ekintza bat gehitu du Mateok, laugarrena, bere gustukoena: gonbidatu bat eztei-jantzirik gabe etorri da, eta kanporatu egin dute.
Aldaketa hauekin, parabolak argitu du, zergatik dauden moldatuak kristau-elkarteak pertsona hain ez-ustekoez; aldi berean, arreta-dei bat dakar elkarte horientzat guztientzat. Jainkoaren Erreinuan edozein pertsona sar daiteke, on nahiz gaizto. Baina, gonbita onartzen bada, duintasunez jantzirik agertu behar du batek.

Ez frak-ik, ez minigonarik

Meskita batean sartzeko, oinutsik joan behar izaten da. Sinagoga batean sartzeko, burua estalirik. Edozein elizatara joateko, jantzi duin bat aholkatu edo eskatu ohi da. Baina parabolak aipatzen duen jantzia ez da neurtzen zentimetroka, eta ez du nabarmendu behar dotoreziaz. Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin portatzeko era bat da. Edota, San Pauloren metafora bat erabiliz, Jesu Kristo gure Jaunaz jantzi behar du batek. Ez da mozorro-jantzi bat. Bizitzeko eta jokatzeko era bat da, gainerakoei adierazten diena, ahal den neurrian, nola bizi izan zen eta nola jokatu zuen Jesusek berak.

José Luis Sicre