Kanpora harrokeria!
Urteko 27. igandea C 2016-10-02

Aberatsaren eta Lazaroren parabolaren ondoren, Jesusek apostoluei emandako lau irakaspen dakartza Lukasek: eskandaluaz, barkazioaz, fedeaz eta apaltasunaz. Esaldi oso laburrak dira, agerian beren artean erlaziorik gabe, Jesusek une desberdinetan jaulkiak. Lau irakaspen horietarik, bi bakarrik aukeratu ditu igande honetako ebanjelioak, bi azkenak: fedeaz eta apaltasunaz (Lukas 17,5-10).

Ateo batek baino fede txikiagoa

Lukasek dio, apostoluek behin batean Jesusi eskari hau egin ziotela: «Handitu iezaguzu fedea». Teologo handi ez zirelako eta gure kristau-ikasbidea ere ikasi ez zutelako, beraien kezkak ez du erdigunetzat ez Kredoa, ez egia-multzo bat. Lukasen ebanjelioa hasieratik apostoluek eskari hau egin dioten arte irakurtzen badugu, ikusiko dugu lau pasadizotan hitz egiten dela fedeaz:

• Jesusek, paralitiko bat dakarkioten lau lagunen fedea ikusirik, barkatu eta sendatu egin du elbarria (5,20).
• Ehuntari batek bere morroia sendatzeko Jesusi eskatu dionean, hura onera itzultzeko hitz bat jaulkitzea aski duela esanez, Jesus harritu egin da eta dio inoiz ez duela ikusi hain fede handirik, ezta Israelen ere (7,9).
• Bere oinetan negarrez duen emakume prostituituari esan dio: «Zeure fedeak salbatu zaitu» (7,50).
• Emakume odoljariodunari: «Ene alaba, zeure fedeak salbatu zaitu» (8,48).

Kasu hauetan guztietan, Jesusen mirari-ahalmenarekin erlazionaturik dago fedea. Pertsona fededuna, Jesusek bera edo beste bat senda dezakeela uste duen hura da.

Apostoluen jarrera, ordea, ez da pertsona horiena bezalakoa. Lukasen 8. kapituluan, aintziran ekaitz batek ontzia hondoratzeko arriskuan ipini duenean, ez dute konfiantzarik Jesusen ahalmenean eta itorik hilko direlakoan daude. Eta Jesusek aurpegiratu die: «Non duzue zeuen fedea?» (8,25). Gaurko kapituluko eskaria, «handitu iezaguzu fedea», oso bat dator Jesusek baretu du ekaitzeko pasadizo horrekin: «fede txikia dugu, egizu zugan konfiantza handiagoa izan dezagun». Baina Jesusek, beste kasu batzuetan bezala, era ironiko eta nahasgarrian erantzun die: «Zuen fedeak ez du mostaza-hazi baten tamainarik ere».

Zerk eragin dio Jesusi hain eskari on bati hain zakar erantzutera? Testuak ez dakar argibiderik. Baina arriska genezake ideia bat: Lukasek nahi izan duena, kristau-elkarteetako arduradunei abisu zorrotz bat ematea izan da. Izan ere, historiak agertzen digu, aita santuak, gotzainak, apaizak, erlijiosoak eta erlijiosak Jainkoaren herriko gainerakoak baino handiago garela uste izaten dugula batzuetan, imitatu beharreko fede-pertsona eta eredu bagina bezala. Ez zen harritzekoa izango hori bera gertatu izana antzinako Eliza hartan ere. Eta Lukasek Jesusen hitzak dakarzkigu gogora: «Ez harrotu fedeaz, ez duzue haren hazi bat ere eta».

Ez eskerrik, ez eskupekorik

Ildo berekoa izango litzateke apaltasunaz emandako irakaspena. Apostoluek, misiolariek, elkarteetako arduradunek izan lezakete tentazioa uste izateko, gauza handi bat, besterik ez bezalako bat, egiten ari direla. Berriro, kolkotik behera ur-txorrota bat bota die Jesusek, tranpadun parabola bat kontatuz. Hasieran, irakurleak edo entzuleak jabe handi bat dela senti lezake, aginduak ematen ahal dizkien morroi asko dituena. Azkenean, esan diote, jabe bakarra Jainkoa dela, eta bera zerbitzari gizajo bat besterik ez dela, agintzen diotena egitera mugatzen dena. Mezua, agian, hobeto ulertuko dugu gaur egungo egoera bati egokituz.

Emazue taberna batera sartu zaretela. Zuetako zeinek esaten dio zerbitzariari: «Zer hartu nahi duzu?» Ez ote diozue esaten: «Garagardo bat», edota «kafe bat»? Eskerrak eman beharrean izango al zarete ekarri dizuelako? Behartuak al zaudete eskupeko bat ematera? Ba, zerbitzari horren pareko zarete zuek. Jainkoak gomendatu dizuena egingo duzuenean, ez uste izan gauza harrigarri bat egin duzuenik. Ez dizue zor ez eskerrik, ez eskupekorik.

Hizkuntza latza, zaurgarria, oso tipikoa Jesusek ikasleekin erabili ohi duena.

Habakuk profeta eta fedea (Habakuk 1,2-3; 2,2-4)

Lehen irakurgaia ere, Habakuken profeziatik hartua, fedeaz mintzo da, ikuspuntua oso desberdina duen arren. Profeta honen mezua laburrenetakoa da, eta ezezagunetakoa. Pena da, zeren eta darabilen gaia egun-egunekoa izango baita beti: inperialismoaren zuzengabekeria. Habakuken garaian, asiriarren arestiko zapalkuntzaren oroitzapena egiptoarren eta babiloniarren zapalkuntzarekin lotzen dute. Hiru inperio desberdin, zapalkuntza bat bera. Jainkoari kexu eginez hasi da profeta. Ez du ulertzen nolatan ikusten dituen Jainkoak sor eta gor bere garaiko zoritxarrak, faraoiaren eta honen txotxongilo den Joakim erregearen zapalkuntza. Eta Jaunak erantzun dio, egiptoar zapaltzaileei beste inperio baten, babiloniarraren, bidez erantzun nahi diela (1,5-8). Baina Jainkoaren erantzuna ez da batere asegarria: ordutik gutxira, asiriarrak eta egiptoarrak bezain despota eta anker izango dira babiloniarrak. Eta berriro kexatuko zaio profeta Jainkoari: min ematen dio inperio berriak ageri duen poza nazioez jabetu eta herriak gupidarik gabe jo eta garbitzen dituenean. Ezin ulertu du Jainkoa «traidoreei, errugabea irensten duen errudunari, sor eta gor begira egotea». Eta horrela, adi-adi, beste erantzun bat espero du Jainkoagandik.

Berandutu gabe iritsiko den ikuskaria, Babiloniaren suntsipena izango da. Babiloniar inperioa da zuzengabea, Jainkoak zigortuko duena. Zuzena, berriz, judu-herria da, eta Jaunaren egintza salbatzailean konfiantza duten guztiak.

Habakuken gai honek ez du erlaziorik ikasleen eskariarekin. Baina azken hitz hauek, «pertsona zuzena bere fedeaz biziko da», garrantzi handia izan zuten San Paulorentzat: Jesusengan fedea izatearekin erlazionatu zituen. Hau izan daiteke gaurko ebanjelioarekiko lotura. Zeren eta, gure fedea ez iritsi arren mostaza-hazi bat izatera, eta ez izan arren mendi bat lekuz aldatzeko usterik, Jesusengan dugun fede-apurtxo horrek bizia ematen baitigu, eta on da eskaria egiten jarraitzea: «handitu iezaguzu fedea».

José Luis Sicre