Urteko 27. igandea C 2019-10-06

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioan bi zati bereiz ditzakegu; biak, ordea, estu erlazionatuak.

Batetik, ikasleek eskari hau egin diote Jesusi: «Handitu ezazu sinesmena gugan». Eskari hau ulertzeko, Lukasen ebanjelioak lerro gutxi batzuk lehenago dakarrena hartu behar da kontuan. Jesusek esan die: batetik, zoritxarrekoa dela beste bat galbidean hartzen duena; bestetik, irainak barkatu egin behar direla beti.

Ikasleek ez dute ulertu, nola egin daitekeen hori guztia. Horregatik eskatu diote Jesusi fedea handitzeko. Jesusek ez die zuzenean erantzun. Baizik eta adierazi nahi die, arazoa ez dela fedea handitzea, baizik eta beste era batean sinestea. Alegia, konfiantza izatea, bai Jesusengan beragan, bai Jesusen hitzean. Konfiantza! Nork bere ustea Jesusengan ipintzea da. Jesus pertsona fidagarritzat hartzea. Pertsona fidagarri den Jesus hori gurekin bizi dela uste izatea. Gurekin bizi dela. Gurekin sufritzen duela, pozten dela; gure arazoekin bat egiten duela. Gurekin ari dela.

Idazle batek idatzia da: «Hegaztiek hegan egitearen eta guk ezin egitearen arrazoia hau da: hegaztiek fede bete-betekoa dutela, zeren eta fedea izatea hegoak edukitzea baita». Horra, Jesusengan ustea jartzea, hegoak izatea da.

Ebanjelioko bigarren zatian, morroiaren adibidea jarri die Jesusek. Ez du esan nahi, nagusi egoista hori ontzat ematen duenik. Esan nahi du, morroiari eskatzen zaion jarrera hori izan behar duela Jesusengan konfiantza duenari: beti prest egon behar duela Jesusen hitza onartzeko.

***

Gaur, ordea, beste arazo bat ukitu nahi nuke. Erroman Amazoniari buruzko Sinodoa hasi dute. Amazonian 9 estatuk dute zeinek bere zatia. Oihan erraldoia da. 8 milioi km karratuko hedadura du. 33 milioi lagun bizi dira bertan, horietatik 3 milioi indigenak dira. Batetik, arazo ekologikoa dago: planeta osoarekin zerikusia duen “birika” da oihan hori; bestetik, giza arazoa dago: herri indigenei eman izan zaien eta ematen zaien tratu basatia. Sinodoak bere gogoeta egin nahi du arazo gailur horretaz, eta dagozkion erabakiak hartu.

Arazoak: kreazioa zaintzea, herri indigenen arazoa, Elizaren zerbitzu-izaera, nola inkulturatu Eliza bezala kultura desberdinak (alegia, nola txertatu Ebanjelioa eta Jesusen mezua kultura desberdinetan), Eliza bezala nolako harremanak bizi kultura desberdinen artean. Horra labur esateko, jokoan dauden arazo handiak. Esaterako, duela gutxi, titulu hau irakurri nuen: Gotzain bat biluzik Amazonian. Bertako jendea biluzik bizi bada, gotzainak nola joan behar du?: Erromako koloretako jantzi dotorez? Jakina, jantziarena alde txiki bat da.

Sinodoan hainbat arazo planteatzen zaizkio Elizari. Bide berriak hartu beharra, ez Amazoniari bakarrik dagokionez, baizik eta mundu osoari dagokionez: Eliza beste era batean ikusi eta hartu beharra. Adibidez, ez piramide bat bezala, ez gutxi batzuk goiko puntan eta gehiengoa behean, baizik eta herri bezala, Jainkoaren herri bezala.

Hor dago apaiz-falta ere. Beste arazo handia. Europan, batez beste, apaiz bat dago 1.800 katolikorentzat; Amerika latindarrean apaiz bat 7.200 katolikorentzat; Amazonian apaiz bat 13.000 katolikorentzat. Jakina, kopuru hauek beren testuinguruan jartzen badira, ikuspegia beltzagoa da: Europan apaizik gehienak adinean aurreratuak dira; hemendik 10/15 urtera aldaketa handia izango da. Amazoniako apaiz-eskasia dela-eta Sinodo aurreko azterketan gizon ezkonduak apaiztea aipatu da, aski zorrotz: “viri probati” apaiztea; alegia, biziera egokia azaldu duten gizonak apaiztea.

Hor dago Elizan emakumeei aitortu eta eman beharko litzaiekeen egitekoa ere.

Aita Santuak askotan hitz egiten du bertako herriei entzun beharraz ere. Herri indigenei entzun beharraz, alegia. Inork baino hobeto erakutsi digute nola bizi Ama Naturarekin.

Naturaz ari garela, hor ditugu punta-puntan beste arazo hauek ere: zaborra, glaziarren, hau da, munduko izotz-gune handien urtzea, planetaren berotzea.

Jakina, arazo hauek ezin utzi ditugu Erroman Sinodoan bilduko direnen bizkar. Guztioi dagokigu geure egitekoa. Jesusek gaurko ebanjelioan ikasleei eman dien erantzuna geure buruari aplikatu beharko genioke. Konfiantza Jainkoagan, konfiantza gizartean, konfiantza nork bere buruan. Ez konfiantza geldoa, baizik konfiantza eginkorra.

Aita Santuak Asisko Frantziskoren babespean jarri du Sinodoa. Izan ditzagula lagun bero Asiskoa bera, Andre Maria eta Jesusen Espiritua.

Dionisio Amundarain