Urteko 27. igandea C 2016-10-02
HOMILIA

Anai-arrebok!

Habakuk profetak, lehen irakurgaian, hitz handi bat bota digu: «Pertsona zintzoari fedeak emango dio bizia». Zeinek ez du bizia maite? Ez da edozein batek esandako hitza. Bere garaian, zuzengabekeria eta txarkeria nagusi zirela ikusi zuen Habakukek. Eta Jainkoagana jo zuen kexuka: Zer egiten duzu zuk –esaten dio− hau guztia ikusi, eta erremediatzen saiatu gabe? Eta Jainkoak esaten dio: izan konfiantza, izan fedea Jainkoagan.
Bai. Jainkoak zuzentasuna egiten ikusi nahi du gizakia, zuzengabekeriari, indarkeriarik gabe gogor egiten ikusi nahi du Jainkoak gizakia, esperantzaz bizitzen eta esperantza sortzen ikusi nahi du Jainkoak gizakia.
Fede horrek, konfiantza horrek emango dio bizia gizakiari.
Ebanjelioan, apostoluek eskari handi bat egin diote Jesusi: «handitu ezazu gure fedea, gure konfiantza». Apostoluek ez dute engainatu nahi beren burua: beren barnera begiratu eta ez dute ikusten nola jarraitu Jesusi, ez dute ikusten nola bizi Jesusen jokabidea, ez dute ikusten nola izan konfiantza Jesusengan.
Senideok, esker handia zor diegu apostoluei. Egiazale izaten erakutsi digute. Maite al dugu egia? Maite al dugu geure burua egiaz den bezala ikustea eta agertzea? Jesusi benetako egiazaletasuna eskatu beharko genioke.
Baina gatozen harira. Zer da fedea? Zer da konfiantza? Zer da bizia emango digun fedea?
Fedea, batetik, konfiantza da. Gure kasuan, Jesusengan konfiantza izatea. Gure ustea Jesusengan jartzea. Seguru sentitzea da, neure bizitzan ez nagoela bakarrik, lagunartean bizi naizela, lagunak ditudala, Jesusekin bizi naizela, Jesusen Espiritua neugan dudala uste izatea.
Fedea, bestetik, adorea da, indarra da, konbentzimendua da. Fede horrek ditu mugiarazten mendiak. Fede horrek dit bizia ematen.
Azkenik, fedea ez dugu nahastu behar txikitan esan zigutenarekin: «ikusten ez dena sinestea da fedea», esan ziguten. Fedea horrela hartzeak, Jainkoaz uste faltsu bat izatera eramango gintuzke. Irakaspen batzuk sinestera eramango gintuzke. Eliz hierarkiak irakasten omen dituen dogma batzuk, irakaspen batzuk itsu-itsuan sinestera. Geure buruak esaten diguna alde batera uztera.
Eta ez da hori. Fedeak ez du baztertzen gure adimena, gure arrazoimena. Fedeak ez du desegiten norberaren kontzientzia, eliz hierarkiak esaten duena itsu-itsuan onartzeko.
Jainkoa ez dabil jolasean gure kontura. Nor izateko kreatu gaitu Jainkoak. Geure burua, geure adimena, geure arrazoia… aintzat hartzeko eskatzen digu Jainkoak.
Horrenbestez, fedea, Jesusek berak bizi izan duen eta agertu digu jarrera da. Zuzentasun-ezari gogor egitea da. Egiaren bila saiatzea da. Mundua nola doan eta nola joan beharko lukeen ikusi, eta ebanjelioaren ildora eramaten saiatzea da. Jesusen jarrerak adoretsu bizitzera gonbidatzen gaitu. Horixe esan dio Pauloren ikasle izan den Timoteori gaurko bigarren irakurgaiak: «Jainkoak ez digu eman gogo koldar bat, baizik gogo adoretsu bat, gogo maitale bat, zentzuzko gogo bat… Ez izan beldur gure Jaunagatik edozeini aurre egiteari». Senideok, Jesusen beraren jarrera datorkit gogora: gogor egin zion gaiztakeriari; hainbat eta hainbat martiriren jarrera datorkit gogora; hainbat eta hainbat jenderena… Gai izango ote naiz jarrera hori neure egiteko? Gai izango ote gara horretarako hemen elkartu garenok?
Bukatzeko, hauxe esaten digu idazle horrek berak: «bizi zaitez kristau-fedez eta kristau-maitasunez. Gorde ezazu altxor hori, gugan bizi den Espiritu Santuaren indarrez».
Horra, senideok, giltzarria: Espiritu Santua.

Dionisio Amundarain