Urteko 27. igandea B 2021-10-03
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur, alde batetik, zailtasun berezi bat sentitzen dut hitz egiteko: ezkontza-bizitza! Nor naiz ni gai horretaz hitz egiteko? Bestetik, poza ere sentitzen dut: neure gurasoen ezkontza-bizitza ezagutu eta bizi izan dut; neure gurasoena bezala, beste askorena ere, maila apalagoan izan bada ere.

Zailtasunarena ere leundu egiten dit, pentsatzeak, Jesusek dioenaz, eta Hasiera liburuak dioenaz, eta ni baino jantziago diren beste batzuen esperientziaz balia naitekeela.

Lehenik eta behin, Hasiera liburukoa (gaurko lehen irakurgaia: 2,2,18.21-24). Ez da on gizonezkoa bakarrik bizitzea, lagun egoki bat emango diot, esan digu. Askotan, «lagun / laguntza» hori zentzu faltsuan hartu ohi da: gizonezkoa protagonista izango balitz bezala eta emakumea menpeko zerbait. Baina adituek diotenez, jatorrizko hizkuntzan ez omen da horrelakorik; dagokion «lagun/laguntza» horrek parekotasuna adierazten omen du: biek elkarri begietara begiratu behar diotela, parez pare begiratu behar diotela. Bestetik, biak haragi bat izango dira; adituek diotenez, «haragi bat» hori adierazteko, jatorrizko hizkuntzan erabiltzen den termino edo hitza, israeldarren «Shema» otoitz famatuan erabiltzen dena bera omen da: «Jauna bakarra da» esateko erabiltzen dena bera. Ez al da benetan handia ezkontza-bikoteen bokazioa?, bat izatea gogoz, bat izatea sentimenduz, bat izatea helburuari dagokionez?

Bigarren, gaurko ebanjelioa (Markos 10,2-16). Juduek zilegitzat zuten gizonezkoak emaztea uztea, emaztea zapuztea, emaztea etxetik bidaltzea. Baina emazteak ez zuen zilegi senarra uztea. Beste hau zuten eztabaidagai: gizonezkoak emaztea uztea, edozein arrazoirengatik egin al zezakeen. Eta fariseuek saltsa horretan nahasi nahi dute Jesus: «zilegi al du senarrak emaztea zapuztea?» Jesusek, beti bezala, ez du tranpan erori nahi. Goragoko ikuspegi bat du ezkontza-bizitzaz. Eta esango die, Moisesek baimena eman zizuen, bai, emaztea uzteko; baina zuen bihotz gogorkeriagatik izan zen hori. Jainkoak gizonezkoa eta emakumea kreatzea erabaki zuenean, ez zuen buruan horrelakorik. Eta gaurko lehen irakurgaiko printzipioa bera hartuko du: biak haragi bat izango dira. Beraz, ezkontza-bikoteen bokazioa ez da «gogoak ematen didanean bai, gogoak ematen ez didanean ez». Helburua garbi dago Jesusentzat.

«Haragi bat bera» hori, San Joan Krisostomoren iritzian, ezkontza-bizitzaren hondo-hondokoenari dagokio; elkartasuna, batasuna, komunioa adierazten du; bata besteari estu itsatsirik bizitzea esan nahi du. Denbora-muga bat jartzen zaion maitasuna ez da maitasuna. Dena den «haragi bat bera» esatean, «haragi» hori ez da hartu behar «arimari» kontrajarritako zerbait bezala; baizik eta giza errealitate osoa adierazten du, gorputz-arima-espiritu den gizakia osoa.

Bestetik, Biblian, Jainkoak herriari dion maitasunaren sakramentutzat hartu da ezkontza-bizitza: Jainkoak gizadi osoari dion maitasunaren sakramentu edo seinale; Kristok Elizaren dion maitasunaren sakramentu eta seinale. Askoz ere gehiago oraindik: Jainkoak gizadiarekin bizi nahi duen elkartasunaren, batasunaren, komunioaren sakramentu edo seinale da ezkontza-bizitza; Kristok Elizarekin duen batasunaren sakramentu: Kristo Elizaren buru eta beste guztiok Eliza horren atal; Kristo mahatsondo eta beste guztiok aihenak. Ezkonduen bokazioa egundokoa da benetan.

Halere, gizon-emakumeon ahuldadea ere hor dago. Daitekeena da, hasierako maitasuna epeltzea eta desegitea. Bereiztea nahiz dibortziatzea «gerta daiteke moralki beharrezkoa izatea», esan digu Frantzisko aita santuak: ezkontide ahulena defenditu behar izateko, haurrak indarkeriazko giro batetik babesteko.

Ezkontza-bizitza eten, eta beste norbaitekin ezkonduko balira, ez lukete esperantzarik galdu behar. Halakoei dagokienez, Frantziskok idatzi du: «ez daude eskumikatuak, batzuek pentsatzen duten bezala», «eliztar izaten jarraitzen dute». Eta gomendio hau eman digu besteoi: harrera ona eskaini behar diegu geure elizetan, gure kristau-bizitzan. Dibortzia ez da arrakasta bat, baina dibortziatu diren pertsonak besteok bezain maite ditu Kristok. Istripu batean zauritu denak eskubidea du sendatzen saiatzeko; era bertsuan, bizitzan porrot bat izan duenak eskubidea du bere bizitza berregiteko. Gizakia ez da larunbatarentzat, gizakia ez da legearentzat, baizik eta larunbata da gizakiarentzat da.

Dena den, ezkontza-bizitza ez da hartu behar bizitza eroso bat balitz bezala. Pertsona bi dauden lekuan desberdintasuna dago, gatazkak izaten dira. Halere, maitasunaren harira, gainditzeko modukoak izaten dira, hainbat eta hainbat ezkontza-bikotek adierazten diguten bezala. Bidea da, txikitatik, gaztarotik… pertsona helduak egiten saiatzea. Pertsona bat ez da iristen heldutasunera korrika asko egiteaz, gimnasia asko egiteaz, baizik gorputza eta espiritua oreka batera eramaten saiatzeaz. Gorputza eta espiritua, biak.

Otoitza laguntza handia izan daiteke, bai bakarka egina, bai bien artean egina. Jainkoaren Hitza entzun eta irakurtzea laguntza handia izan daiteke, bai bakarka egina, bai bien artean egina. Jesusen Espirituak argitu gaitzala.

Dionisio Amundarain