Urteko 27. igandea B 2015-10-04
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gai atsegin batez mintzo zaizkigu gaurko lehen irakurgaia eta ebanjelioa. Gizon eta emakume kreatu zuen Jainkoak gizadia: bata bestearen osagarri, bata bestearen adiskide. Biak bat izateko.

Alabaina, gizontasun eta emakumetasun horiek ez dira behin betikoak, ez dira une batekoak. Bien batasun hori ez da behin betikoa, ez da une batekoa. Gizontasuna eta emakumetasuna beren betera eramatea konkista bat da. Bien batasuna bere betera eramatea konkista da bat da.

Konkista den aldetik, eginkizun den aldetik, batasun horrek bere gorabeherak izan ohi ditu. Kristoren gurutzea hartu beharrak, mundu hori ere bere baitan hartzen du.

Zorionez, milaka eta milaka bikotek izan du zoriona eta zoria, kreaziokoan Jainkoak eta Itun Berrian Jesusek argitu dutena ulertzeko. Beste askok, zoritxarrez, kale egin du bere bizitzan.

Asko kostatu zaio gizadiari, Jainkoak kreaziokoan izan duen asmoa ulertzea. Kreaziotik Jesusen egunetara zenbat denbora igaro den ez dakigu. Milaka eta milaka urte. Halere, Jainkoa ezagutzeko aukerarik hobenetakoa izan duen judu-herrian galdezka hasi zaizkio Jesusi. Zer galdetzen? Emakumea ez ote den egina, Jainkoaren asmoan, gizonezkoaren mendean egoteko. Zer galdera! Bai tristea! Azken batean, eta hondo-hondoan, «zilegi al du senarrak emaztea zapuztea?» galdetzean, irizpide horixe dago: emakumea ez dela gizonezkoaren parekoa eta mailakoa. Izatez, halaxe tratatzen zuten Jesusen denboran emakumea: erosi eta saldu daitekeen traste bat bezala.

Ausartuko dira esatera, Moisesek berak eman ziela eskubide hori: emaztea horrela tratatu ahal izatea.

Jakina, Jesusek argi hitz egin die: zuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek eskubide hori. Erantzun gogorra benetan! Nork bere burua lur azpian sartzeko modukoa.

Eta gehitzen die Jesusek: Jainkoak gizona eta emakumea kreatu zituenean ez zituen horrelako egin; ez zituen egin zuen uste hori bezalako. Eta hori esatean, Jainkoak ez zituela horrelako egin esatean, Jesusek esan nahi die, gizakiak bere bihotzean duela txertatua bere benetako izaera zein den; ez dela Jainkoak kanpotik agindutako zerbait; baizik era gizakiak berezkoa duela izaera hori: batak bestea parekotzat hartzea. Gizonezkoak badaki, berak ezin duela haur bat munduratu; era bertsuan badaki bera ez dela emakumea baino handiagoa; jakin beharko lukeela.

Soilik horixe. Bekatuak lausotu egin dizkigula begiak. Eta hasieran aipatu dudan albiste ona, lausoturik gelditzen da askotan. Benetako maitasunak eragindako ezkondu diren bikoteek ondo ulertzen dute Jesusen mezu hori. Zoritxarrez, ordea, gure artean eratzen diren bikote askok eta askok beste arrazoi bat izaten dute ezkontzeko hitza ematen dutenean: ez benetako maitasun-hitza, baizik beste interes batekoa. Orduan ezin ulertu Jesusen mezua. Orduan ezin ulertu bata eta bestea bata bestearen pareko direla.

Zoritxar honen datu ikaragarriak dauzkagu. Espainiako datuak dira. INEren (Instituto Nacional de Estadistica) arabera,
• Espainian, 2008-2014 bitartean 1.172.000 ezkontza ospatu ziren;
• aldi horretan berean, 763.176 apartatze edo dibortzio egin ziren (%65).

Benetan datu ikaragarriak dira. Baina ez ditut eman izua sortzeko. Baizik eta ezkontza maitasun-egintza izango bada, guztiok zerbaitxo bat egin beharko genukeela adierazteko.

Maitasunik ez bada, ofizialki ezkontza deitu arren, ez dago benetako ezkontzarik. Ezkontza ofizial hori ez da izan baliozkoa. Eta honek bere ondorioak dakarzkio Elizari ere. Hain zuzen, hilabete honetan ospatuko den Sinodoan, familia eta ezkontza izango dituzte aztergai nagusi.

Saia gaitezen, ezkontzeko egiazko maitasuna zer den ulertzen: ez da «ni zuretzat» eta «zu niretzat» esatea. Aitzitik, «ni zu» eta «zu ni» esatea da; «ni zugan» eta «zu nigan» esatea da. Zoritxarrez, aipatu ditugun kale egindako kasu horietako gehienen burubidea, hori izan zen: «zu niretzat»; beste batez jabetu nahi izatea; egoismoa.

Jesusek, bere eta Aitaren arteko erlazioa, aipatu dudan moduan adierazten digu: «Aita eta biok bat gara» (Jn 10,30); «jakingo duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin» (Jn 10,38); «Niregan bizi den Aita bere salbamen-egintza burutzen ari dena» (Jn 14,10); «Aitak duen oro nirea da» (Jn 16,15).

Jesusen Espirituak lagundu diezagula gaurko ebanjelioan eredutzat jarri dizkigun haurrak bezalako izaten: xume, apal, umil, konfiantza handiko. Orduan, segur aski, ondo ulertuko dugu Jainkoak kreaziokoan eman digun giza izaera. Otoitz egin dezagun Erromako Sinodoaren alde. Otoitz egin dezagun asten honetan ezkontza-hitza emango duten guztien alde.

Dionisio Amundarain