Urteko 27. igandea A (2017-10-08)
Maitasun-kantutik hilketa-kantura

Lehen ekitaldia: Jerusalemeko tenpluaren ataria. K.a. 735. urte inguruan.

Murmurioa isildu da pixkana. Bildua den jendeari hitz egiten hasi zaio Isaias: «Maitasun-kanta abestuko dut. Nire adiskideak mahastiari dion maitasunaz». Jendetzak irribarre egin du, sinesgabe. Ez du imajinatzen profeta maitasun-kantari. Gauzarik ohikoena harengan salatzea da eta deitoratzea.

Isaiasen adiskideak mahasti bikain bati eskaini dion gogobeteko lanaz ari da kanta: lurra aitzurtu, babestu, landare ona landatu, begiratoki bat eraiki eta, uzta oparo baten zain, dolare bat egin. Denbora baten buruan, mahastiak, mahats eder eta gozo bat eman ordez, mahats garratza eman du.

Zitara alde batera utzi eta jendetzari begira-begira jarri da Isaias: «Orain zuei dagokizue epailearena egitea nire adiskidearen eta haren mahastiaren artean. Egiten ahal zuen nire adiskideak harengatik egin zuena baino gehiago?»

Jendea isilik eta Isaiasek aurrera: «Esango dizuet zer egingo duen nire adiskideak: mahastiaren hesia botako du ardi eta ahuntzentzat barruti izan dadin, mandoek eta zezenek zapaldu dezaten; hondatuko du laharrak eta karduak estali dezaten, eta eragotziko die hodeiei haren gainera euri egitea.

Etenaldi bat egin eta berriro galdetu dio profetak jendeari: «Zein da nire adiskidea eta zein haren mahastia?» Baina ez dio eman inori astirik erantzuteko: «Zuek zarete Jaunaren mahastia, Israelgo eta Judako gizon-emakumeok. Gauza asko egin du zuentzat, eta espero zuen trukean zuzenbidea eta zuzentasuna biziko zenituztela, ondo jokatuko zenutela lagun hurkoarekin. Baina soilik hilketak egin dituzue eta intziria eragin.

Bigarren ekitaldia: Jerusalemeko tenpluko ataria. Gure aroko 29. urte ingurua.

Jesusek kontatu berria die apaizei eta senatariei bi anaien parabola; adierazi die, segidan, prostituituek eta zerga-biltzaileek aurrea dietela Jainkoaren erreinurako bidean. Berehala, erreakzionatzeko eta erantzuteko astirik eman gabe, diotse:

−Entzun beste parabola hau. Mahasti bat landatu zuen jabeaz ari da; hesi batez inguratu zuen, dolare bat eraiki…
−Hori ezaguna dugu −komentatu du ahots batek ozenki−. Hori ez duzu zeurea, Isaiasena da.

Jesus ez da asaldatu. Eta parabolak ustekabeko norabidea hartu du bat-batean. Isaiasen mahastiak ez bezala, Jesusen honek eman du fruiturik. Arazoa ez dagokio mahastiari, baizik mahasti-langileei, uko egin baitiote fruituak legezko jabeari emateari.

Drama hiru etapatan garatuko da. Lehen bietan, jabeak morroi batzuk bidali ditu, eta langileek zigortu, erail edo harrikatu egin dituzte. Hirugarrenean, bere semea bera bidali du jabeak. Hura ere erail dutenean, Jesusek, Isaiasek bezala, entzuleei begira-begira jarri eta beren iritzia eskatu die: «Zer egingo die langile haiei?»

Isaiasen kasuan ez bezala, entzuleek parte hartu dute oraingoan, epai benetan izugarri gogorra jaulkiz: mahasti-langile horiek heriotza merezi dute eta mahastia beste langile ondraduago batzuei ematea.

Hiru irakaspen handi

1.- Isaiasek, mahastiaren kantuan, gaur oraino kristau askori arrotz gertatzen zaion ideia bat azpimarratu du: Jainkoaren maitasuna lagun hurkoa maitatuz ordaintzen da. Jainkoak gauza asko egin ditu israeldarren alde; baina eskatzen diena, ez da kultu-ekintzak eskaintzea, baizik eta zuzentasuna eta zuzenbidea bizitzea. Jesusek esango du, bigarren agindua (lagun hurkoa maitatzea) lehen agindua (Jainkoa maitatzea) bezain garrantzizkoa dela. Eta bere lehen gutunean, Joanek dio: «Jainkoak horrenbeste maite bagaitu, guk ere maitatu behar ditugu… geure anai-arrebak».

2.- Jesusentzat, Isaiasentzat ez bezala, herria ez da mahasti txarra eta agorra. Aitzitik, ematen du fruiturik bere sasoian. Gaitza agintari erlijiosoengan dago, mahastia jabetza pribatutzat hartzen baitute, benetako jabea aintzat hartu gabe. Horregatik, modu ulertezinean liturgiak alde batera utzi duen iruzkin bat dakar Mateok bukaeran: «Jesusen parabolak entzun ondoren, apaiz nagusiak eta fariseuak jabetu ziren beraien kontra zihoazela» (45. txatala). Guztiz jarrera okerra izango litzateke, igande honetako homiliaz baliatzea, bertaratu den jendeari eraso egiteko, nahikoa eta gehiago egiten baitu gu jasatearekin. Benetan interpelaturik gu geu sentitu beharko ginateke, kristau-elkartearen baitan erantzukizun berezi bat dugunok.

3.- Bere azken bertsioan (ikus segidan «Arazo eztabaidatu bat»), parabolak Jesusen garrantzia eta garaipena azpimarratzen ditu. Profeta (morroi) guztien ondoren, Jesus bera da «semea», Jainkoak bidali ahal izan duen baliotsuena. Eta agintari erlijiosoek gutxiesten eta mespretxatzen duten arren, Elizaren eraikin berriaren zimentarri bilakatu da bera.

Arazo eztabaidatu bat

Parabola hau Mateoren ebanjelioan bakarrik datorrenez, ezbaia dago adituen artean: benetan Jesusek kontatua den ala ebanjelariak asmatua den. Daitekeen da, ordea, beste aukera bat: Jesusek kontatua da parabola, baina Mateok geroago egokitua.

Azken hipotesi honetan, jatorrizko parabola morroiak, profetak, bidaltzeaz bakarrik ari bide zen, mahasti-langileek zigortu, erail edo harrikatu zituztenez bakarrik. Eta hitz hauekin bukatu bide zen: «Horregatik diotsuet, zuei kendu egingo dizuela [Jainkoak] Jainkoaren erreinua, eta fruitu emango duen herri bati emango diola».

Jesus hil zutenean, lehen kristauek uste izan zuten horixe zela krimenik handiena, eta semea bidaltzeari eta hiltzeari dagozkien hitzak Mateok gehitu bide zituen. Eta Jesusen garrantzia azpimarratzeko ildo berari jarraituz, Sal 118,22ko hitzak gehitu bide zituen: «Etxegileek baztertu zuten harria, zimentarri da orain. Jaunak egin du hori, begi-bistako miraria izan da». Metafora-aldaketa handia da. Mahasti-langileak etxegile bihurtu dira, eta semea harri. Etxegileek baztertu egin dute, ez dutelako jo zimentarritzat, arku guztiaren zamaren euskarritzat. Alabaina, Jainkoak leku pribilegiatuan ezarri du. Gehitze honekin, parabolak argitasuna galdu du, baina agintari erlijiosoei ohartarazi die, beraien krimenak ez duela ezertako balio izan, eta kristauak poztarazi ditu Jesusen piztueraz ziurtasuna emanez.

José Luis Sicre