Susanaren zapatak (Amos 6,1a.4-7; Lukas 16,19-31)

Urteko 26. igandea C.- 2019-09-29

−Judas, zapatak puskatu zaizkit. Dirua eman beharko didazu berriak erosteko.
−Zenbat behar duzu? –galdetu dio Judasek hotz samar.
−Batzuk oso soilak ikusi ditut. Bakarrik, seiehun eta hogeita bost euroan daude…
Jauzi bat egin du Judasek.
−Seiehun eta hogeita bost euro! Burutik al zaude, Susana? Jantzirik daramatzadan hauek hogeita hamar ordaindu nituen!
−Ba, zapatekin bat datorren poltsa, mila eta laurehun eta berrogeita hamar euroan dago.
Bartolome irribarrez dago eszenari begira. Susana taldearen ongile handia da, bere diru guztia eman du, ezer gorde gabe, eta orain Judas estu samar jartzen ari da. «Judasek ez du umore-zentzurik», uste du Bartolomek. «Uste du Judasek, Susana benetan ari dela».
−Nire ustez, zapata horiek ez dira garestiak –komentatu du adarra joz−. Uste dut, dirua eman beharko zeniokeela.
−Ez dugu hirurehun euro ere, zoroa halakoa.
−Hartara, ezin alokatuko dut gau bakoitzeko hogei mila euro kostatzen den luxuzko suitea.
−Ez al duzue gauza seriosagorik hitz egiteko? –tartekatu da Jesus.
−Oso seriosa da hau, maisu. Ba al dakizu nola botatzen duen dirua jendeak, batzuk nolako luxuz bizi diren?
−Bai, noski. Aski da telebista ikustea.
−Oso atzera bizi zara zu, maisu. Internetera jo behar zenuke. Bilatu Googlen. Luxuzko etxeak, luxuzko erlojuak, luxuzko autoak, luxuzko zapatak… Ez duzu imajinatzen izango zenukeen ezustekoa.
−Ezustekoa, ez. Amorrua. Nahiago dut ez begiratu.
−Eta dirua horrela xahutzen duten kabroiak, salbatuko al dira? –galdetu du Tomasek, Jesus xaxatzeko.
−Jada jakin beharko zenuke erantzuna. Kontatu nizuen istorio bat gai horren inguruan.
− Ez dut gogoan.
−Kanpoan egongo nintzen, beti bezala.
−Esazu berriro, maisu –eskatu dio Pedrok.
Jesus eseri, une batez barne bildu eta hasi da:
−Bazen gizon bat, aberatsa, New Yorkeko jostunik hoberenek janzten zuten, bere hegazkin pribatuaz bidaiatzen zuen, diamantedun ordularian ikusten zuen ordua, jatetxerik luxuzkoenetan jaten zuen eta berrogei gelako jauregi batean bizi zen egundoko baso batean. Ba al dakizue zenbat eralgi zuen behin batean Frantzia hegoaldeko jatetxe batean?
Bizkar-zakuan bilatu eta guztiei erakutsi zien faktura bat atera zuen azkenean.
−Ehun eta zazpi mila eta bostehun eta hogeita lau franko frantses. Egunkaritik fotokopia bat egin nuen, ikusten nuena ezin sinetsita.

−Eta hori, eurotan, zenbat da? –galdetu dio Judasek.
−Hamasei mila euro baino gehiago, aski gehiago.
−Bazkari bakar batena?
−Bere kirol-autoan hirira joaten zenean –jarraitu zuen Jesusek−, txabola baten aurrean eserita egon ohi zen pobre baten aurretik igaro ohi zen aberats hura; kartoiz egina zen txabola eta uralita-txapa batez estalia. Eskaleak inbidiaz begiratu ohi zion; aberatsak, berriz, beste aldera jartzen zituen begiak. Eskalea aberatsaren etxaundira joan zen behin batean, jateko zerbaiten eske. Burdin sarea itxirik aurkitu zuen, eta segurtasun-guardiak modu txarrean bidali zuen. Handik aldi batera hil zen eskalea eta paradisura joan zen. Handik laster, aberatsa hil zen istripu batean, bere kirol-autoarekin orduko berrehunean zihoala; lur eman zioten eta infernura joan zen. Han bizirik kiskaltzen ari zela, begiak jaso eta eskalea ikusi zuen urrunean; deiadar egin zion: «Mesedez, ekardazu baso bat ur, baso erdi bat izango bada ere; egarriak akabatzen ari naiz eta gogor torturatzen naute sugar hauek». Baina eskaleak erantzun zion: «Sentitzen diat, motel. Izan ezak gogoan, beste bizitzan nahi guztia izan huela eta denetik, eta ni goseak akabatzen egoten nintzela. Zoria trukatu egin duk orain. Gainera, higandik hurbil nagoela uste izan arren, inork gurutzatu ezineko leizea zegok bion artean». Aberatsa isilik egon zen une batean eta galdetu zion gero: «Nola duk izena?» Eta eskaleak: «Beste bizitzan zein izen nuen galdetu bahit, jaten ere emango hidan. Baina hik beti beste aldera begiratzen huen. Horregatik hago orain leizearen beste aldean».
Tomas izan ezik, guztiak gogoratzen ziren istorioaz, beti eragin baitzien zirrara. Susanak eten zuen txundidura.
−Nik katekesia ematen nuenean, txikitan mojek erakutsi zidaten antzeko istorio bat kontatu ohi nuen. Entzun nahi duzue?
Eta inoren baimenik itxaron gabe kontatu zien:
−Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta lihoz jantzi ohi zen, eta egunero otordu bikaina egiten zuen. Eta eskale bat, Lazaro izenekoa, ezkaratzean etzanik egon ohi zen, zaurik josia, eta aberatsaren mahaitik botatzen zutenaz ase nahian. Txakurrak ere hurbiltzen zitzaizkion, zauriak miazkatzera. Hil zen, ordea, eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. (Abrahamen altzoa paradisua-edo da, argitu zuen Susanak; Abraham, berriz, han gauza guztiak antolatzeaz arduratzen dena da). Hil zen aberatsa ere, eta lur eman zioten. Eta infernuan zegoela, tormentu artean, begiak jasorik, Abraham ikusi zuen urrunean, eta Lazaro haren altzoan, eta oihu egin zuen: «Aita Abraham, erruki zaitez nitaz eta bidal iezadazu Lazaro, hatz-punta bat urez busti eta mihia errefreska diezadan, tortura bizi baititut sugar hauek». Eta Abrahamek erantzun zion: «Seme, gogoan izan ezazu bizitzan zuk ondasunak hartu zenituela; Lazarok, berriz, nekeak; horregatik dago hemen kontsolaturik, eta zu hor sufritzen. Gainera, gure eta zuen artean egundoko leize bat dago, inor gurutza ez dadin, nahi izanik ere, ez hemendik zuengana, eta zuengandik gugana.
−Aurrekoaren antz handia du, baina niri gehiago gustatzen zait hegazkinena eta kirol-autoarena –iritzi zion Levik.
−Oraindik ez dut bukatu –eten zion Susanak−. Nire istorioak jarraitzen du esanez, aberatsak Abrahami erreguka jarraitu zuela: «Arren, hortaz, aita, bidal ezazu Lazaro nire aitaren etxera; bost anaia baditut eta horren testigantza dela medio, haiek tormentu-leku honetara etortzea saihestu dezazun» Abrahamek diotso: «Hor dituzte Moises eta profetak; entzun diezaiela». Aberatsak erantzun zion: «Ez, aita Abraham. Hildako bat joaten bazaie, damutuko dira». Eta Abrahamek: «Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, ez dute kasurik egingo hildako bat pizten bada ere».
Susana isildu zenean, Bartolomek ironiko komentatu zuen:
−Arazoa da gaur egun inork ez duela sinesten infernuaz. Aldatu egin beharko litzateke istorioa. Adibidez, eskaleari egokitu dakiola primitiba, eta aberatsak porrot egin dezala.

Zertan edo non oinarritzen da istorio hau?

Lukasen ebanjelioan bakarrik datorren aberatsaren eta Lazaroren parabola hau Amos profetaren testu batean arnasten da, igande honetako lehen irakurgaian. K.a. VIII. mendeko profeta honek gaur egungo egoeraren antzeko bat bizi izan zuen, alde askotatik: alde batetik, jende milioiduna, luxu-mota guztiak bizi ditzakeena; bestetik, hilabete azkenera doi-doi iristen den jendea edota, are gehiago, goseak bizi ohi dena.
Bi hiriburuetako, Jerusalem (Sion) eta Samaria, goiko klaseko jendeaz ari da profeta, eta haien biziera salatzen du: «Marfil-ohetan etzaten zarete, sofatan erdi etzaten, artaldeko arkumeak eta ukuiluko txekorrak jaten dituzue, arparen soinura abesten duzue, musika-tresnak asmatzen dituzue Davidek bezala; kopatik edaten duzue ardoa, lurringai gozoz igurzten zarete eta ez duzue penarik Joseren hondamendiaz».
Eremu guztietara zabaldu da luxua: altzariak, ohe eta marfilezko sofekin; jenderik gehienak, berriz, lurrean lo egin behar; janaria, arkume eta txekor-haragiaz; behartsuek ogi eta uraz, mahats-ale batzuez eta gazta-apur batez konformatu behar; edaria, kopa finetan edo tamaina handikoetan (hebreerazko terminoa bi eratan har daiteke); lurringaia, guztiz garestia; behartsuak, berriz, izerdi-usaina dariela.
Eta luxu-mota guztiez gozatzen den jende honek «penarik ez Joseren hondamendiaz». Jose ez da pertsona jakin bat, baizik herrialde guztia; orduan Joseren Etxe bezala hartua, bertako leinurik nagusienak Efraim eta Manases zirelako, Jose patriarkaren bi semeak.
Profetak esan nahi du, luxu-mota guztiez bizi den jende hori ez dela batere arduratzen gaizki bizi den milioika jenderen sufrimenduaz. Zigortzat, beraien orgiak bukatuko dituen eta erbestera eramango dituen atzerritar gudaroste baten inbasioa iragarri die.

Parabolak txertatu duen aldaketa

Parabolak errotik aldatu du zigorraren gaia. Amosek uste izan du zigorra bizitza honetan gertatuko dela, asiriarren inbasioa dela medio; Jesusek, berriz, beste bizitzara lekualdatu du zigorra. Jesus ez da ameslari bat; bizitza honetan, aberatsak gozatzen jarraituko du; pobreak, berriz, goseak. Ikuspuntuan errotiko aldaketa hau gogoan hartzeak asko laguntzen ahal digu Lukasen ebanjelioko beste baieztapen batzuk ulertzen.
Magnificat-en, Mariak, gure munduari aplikaturik, zoroak eta zinismo biraolari diruditen hitz batzuk jaulki ditu, esatean, Jainkoak «goseak direnak ondasunez beteko dituela eta aberatsak esku hutsik bidaliko dituela». Aberatsaren eta Lazaroren parabolaren argipean garbi ageri da noiz gertatuko den iraultza hori.
Gauza bera dio lautadako (Lukasen ebanjelioan Lautadakoa dena Mateoren ebanjelioan Mendiko Hitzaldia da) Hitzaldiaren hasierak; gaur egungo (orain) egoera gerokoarekin konparatzen du. «Zorionekoak behartsuak, berena baitute Jainkoaren erregetza. Zorionekoak orain goseak direnak, aseak izango baitira. Zorionekoak orain negar dagitenak, barre egingo baitute… Baina, ai zuek aberatsok!, hartua baituzue kontsolamendua. Ai zuek, orain aseak zaretenok!, gosea izango baituzue. Ai orain barre dagizuenok!, negar egingo baituzue, lantu egingo» (Lukas 6,20-25).

Aberatsa ez zen hiltzaile bat

Hau da gehienik kezkarazi behar gaituena (zeren parabolak kontzientziari astindu bat eman nahi baitio): aberatsa ez dela, ez ustiatzaile bat, ez kriminal bat; ez da esaten langileei huskeriazko soldata ordaintzen dienik, ezta narkotrafikoaz aberastu denik ere. Hau da parabolak salatzen duena: aberatsaren janzteko era fin-fina (purpura eta lihoa), haren otordu-mota (egunero otordu bikainak), ate ondoan etzanik den pobreari erreparatu gabe. Egoismoak eragindako zeharkako zuzengabekeria da.

Bi testu zaharkitu?

Nola Amos hala Jesus, gurea ez bezalako gizarte batean bizi izan dira, oso bestelakoan (gutxienez, Lehen Mundua izenekoarekin konparatuz). Orduan ez zen existitzen erdiko klaserik. Esku gutxitan metatzen zen aberastasuna; jenderik gehiena, berriz, oso egoera gogorrean bizi zen. Parabola gaur egungo multimilioidunei, arabiar jekeei, industria-jende handiei, zine-artistei, eliteko kirolariei… aplikatzeak, beste asko eta asko kontzientzia lasaiaz uztea esan nahiko luke: munduko jendetzarik handiena baino egoera mila bider hobean bizi garenok lasai-lasai uztea, alegia. Orain berean zail baldin bada pobre hauen begiratuari eustea, askoz zailagoa izango da Jainkoak begiratuko digunean.

José Luis Sicre