Adiskidez eta arerioz ((Markos 9,38-43.45.47-48)
Urteko 26. igandea B 2021-09-26

Jesusek sarritan esaldi laburrez irakasten zuen, erraz oroitzeko modukoez; adibidez, «Gizonaren Semea ez da etorri zuzenei dei egitera, baizik bekatariei». Ebanjelariek elkartu egin zituzten geroago esaldi horiek, edukiaren arabera edota errepikatu ohi zen hitz giltzarri batera harira sailkatuz. Gaurko lehen irakaspena («gure aurka ez dagoena gure alde dago») ulertzeko, komeni da hastea Itun Zaharreko testuak dioena gogoratuz.

Josueren jelosia eta Moisesen ikusmira zabala (Zenbakiak 11,25-29)

Pasadizo hau aukeratu bada, ebanjelioan datorrena aski ondo gogorazten digulako izan da. Basamortuko ibilaldian, Moisesek kexua agertu dio Jainkoari: herria handiegia dela arazo guztiez bera bakarrik arduratzeko. Jaunak agindu dio aukera ditzala hirurogeita hamar pertsona adineko; espiritua jaitsaraziko du haien gainera eta egitekoak egiten lagunduko diote. Hala gertatu da. Aukeratuen arteko bi, Eldad eta Medad, ez dira aurkeztu (beti izaten da jende oharkaberik eta berandu iristen edota iristen ez denik), baina geroagoa profetizatzen hasi dira kanpalekuan. Josuek, sumindurik, Moisesi debeka diezaien eskatu dio. Baina uste zuena ez bezalakoa, guztiz, izan da erantzuna.

Moisesen desira ez da beteko berehala. Joel profetak bere egingo du, eta iragarriko du espiritua guztiengana jaitsiko dela: seme eta alaba, zahar eta gazte, morroi eta mirabe (Joel 3,1-2). Eta Mendekoste egunean gauzatuko da.

Joanen jelosia eta Jesusen zentzarazpena (Marcos 9,38-43)

Josue, sumindurik bada ere, ez da ausartu Eldadi eta Medadi ez profetizatzeko esatera. Joan, ordea, bestelakoa da, erradikalagoa eta erasokorragoa. Zerbaitegatik ezarri zien Jesusek, berari eta anaiari, «trumoi-seme» izengoitia. Horregatik eragotzi dio jardutea Joanek Jesusen izenean deabruak botatzen ari denari, eta kontatu dio egin duena Jesusi harro-harro.

Jesusek, jokabide hori laudatu ordez, jabetu arazi ditu hor ageri den logika-faltaz: Jesusen izenean mirari bat egiten duena ez da mintzatuko beraren aurka. Ondoren, irakaspen orokor bat gehitu du. Alde guztietan arerioak ikusi ordez, adiskideak ikusten irakatsi du: «gure aurka ez dagoena gure alde dago».

Zer dela-eta jokatu dute ikasleek horrela? Ebanjelio hau gaurko lehen irakurgaiarekin erlazionatzen badugu, arrazoia jelosia izango zen; larriago den honekin batean, ordea: Josuek Moisesi eskatzen dio debeka diezaien; ikasleek, berriz, beren gain hartu dute debekatzeko eskubidea, Jesus aldez aurretik kontuan hartu gabe.

Halaz guztiz, komeni da balizko beste interpretazio bat kontuan hartzea. Ikasleek beren jokabidea, azalduz, «gizon hori ez dabil gurekin» esan dute. Beraien arabera, zokoratu beharra dute bidelagun ez duten oro.

Gogoan izan behar dugu, Jesus predikari ibiltaria zela, bidelagun zituela hamabiak, emakume-talde bat eta beste ikasle batzuk. Talde honek, guztiz erradikala, uko egin zien etxe egonkor bati, familiari eta beren ondasunei. Biziera honen testuinguruan, hain gogorra eta ukapen handikoa Jesusi jarraitze aldera, ulertzekoa da Joanen eta ikasleen jarrera zorrotz hori, «gizon hori ez dabil gurekin» esate hori. Beste horrek ez die uko egin etxe egonkorrari, familiari, ondasunei, baina eskubidedun sentitzen da Jesusen izenean deabruak botatzeko.

Kontaerak garrantzi handia izan zezakeen hasiera hartako Elizan; izan ere, indartuz joan ziren Eliza hartan hiri-elkarteak, uko egiten ez zietenak, ez etxe egonkorrari, ez familiari, ez ondasunei. Horrenbestez, kristau ibiltarien tentazioa, berek bizitza hain latza egiten zutelarik, besteak baztertzekoa zen, «gurekin ez dabiltza-eta». Beste horiek ez diete uko egin ez etxe egonkorrari, ez familiari, ez ondasunei, baina beren gain hartu dute Jesusen izenean deabruak botatzea.

Jesusen beste irakaspen batzuk (Mk 9,45.47-48)

Sarritan gertatu ohi denez, ebanjelaria pasadizo honetaz baliatu da Jesusen beste irakaspen labur batzuk tartekatzeko. Kasu honetan, aurreko horren osagarri bat daukagu, adiskideez, eta beste batzuk benetako arerioa zein den azaltzen dutenak.

Baso bat ur ematearen balioa (Mk 9,41)

Aurreko pasadizoa irakaspen honekin bukatu da: «Gure aurka ez dagoena, gure alde dago». Oraingo honek urrats bat aurrera egin du. Mesiasen jarraitzaileen aurrean jarrera baikor bat hartzen duenaz ari da: baso bat ur emateko keinuan sinbolizatua.

Besteei eta neure buruari tranpak jartzearen arriskua (Mk 9,42-48)

Grekoz, «eskandalu» terminoaren oinarrizko esanahia «tranparena» da, lurrean ezarria, pertsona edo animalia bat erortzeko jarria. Gogoan hartzen badugu kristau-bizitza Jesusi jarraitzea dela, haren ondoren ibiltzea dela, aise ulertuko ditugu ebanjelioak aipatzen dituen bi arriskuak:

a) Txikiei tranpak ezartzea (Mk 9,42)

Hitz hauek enigmatiko dira; ez da ageri zeinez esanak diren. Nork eskandaliza lezake? Kristau batek ala kristau-elkartez kanpoko batek (lege-maisu, fariseu, saduzear, pagano)? Zein dira sinesten duten txikiak: elkartearen baitako talde bat ala kristau guztiak? Elizaren historiak eta bizitza arruntak azaltzen dute kasu hauek guztiak direla gerta daitezkeenak. Oztopo bat pertsona ez-kristau batek ezar dezake, Jesusen eta beraren mezuaren aurkako kritiken eta erasoen bidez. Baina gure edozein jarrera ere, edozein hitz ere gerta daiteke gaitzesgarri, besteak Jesusi jarraitzetik, Jesusek proposatzen duen bizieratik aldentzen baditu.

Eskandaluaren arrisku handi ez dira aldizkari pornografikoak bakarrik, indarkeriazko pelikulak bakarrik, droga bakarrik, baita beste hainbat gauza ere Elizaren baitan arrunki onartzen direnak (luxua, harrokeria, handinahia, ospea), giza maila altuenetan beraietan ere. Pederastia-kasuak, gaur Eliza hainbesteraino larriarazten dutenak, txikien eskandaluaren gaur-gaurko adibide dira, arrazoi horrengatik Jesusengan sinesteari utzi baitio jende askok.

Oso argi ipini du Jesusek eskandalu-bekatu horren larria, merezi duen gaitzespenaz hitz egitean: itsasora botea izatea, lepoan harri handi bat ezarriz. Errota greko-erromatarrak gainean izan ohi zuen harriaz mintzo da ebanjelaria: asto batek, zaldi batek edo esklabo batek jirarazten zuen tiraka. Itsasora edo ibaira botea izatea zigor bereziki krudela zen, gorpua lur eman gabe gelditzen baitzen, gauza latza juduen eta greziarren burubidean.

Hitz guztiz gogor hauek arazo seriosa planteatzen dute: barkaziorik gabea al da eskandalua? Ez al dira aski damua eta penitentzia, bizitza guztikoa bera ere? Barkazioaren posibilitatea ukatzea Ebanjelioaren aurka joatea izango litzateke. Paulo, hainbat eta hainbat kristaurentzat eskandalu-bide izan zena, ez zuten bota itsasora lepoan harri bat zuela; Jesusen fedea zabaltzeari eman zion buru-belarri.

b) Neure buruari tranpak ezartzea (Mk 9,43-48)

Posibilitate desberdinak zerrendatu ditu Markosek, eskuaz, oinaz eta begiaz hitz eginez.
Jesusek esana du, beste kasu batean, arriskua gizakiaren barnetik datorrela. Oraingoan, jarrera ezkor horiek hainbat eratan ipintzen dira abian: egiten dugunaren bidez (eskua), helburu dugun lekuaren arabera (oina), begiratzen dugunaren arabera (begia). Kontzientzia-azterketa egiteko iradokizun dira.

Gerta daitekeenaren larria agerian uzteko, eskua edo oina moztea edo begia ateratzea aholkatzen du Jesusek. Jakina, hitz hauek ez dira hartu behar hitzez hitz; izan ere, eskua edo oina moztu eta begia atera ondoren, beste tentazio batzuk sortuko lirateke, eta gauza bera egiten jarraitu beharko genuke beste eskuarekin, beste oinarekin eta beste begiarekin. Eta ez ginateke sartuko bizian eskumotz, herren eta begibakar, baizik eta itsu eta inolako beste atalik gabe.

Aurreko kasuan, zigorra pertsona itsasoratzea zen; oraingoan, gehenara joatea, «su ezinitzalira», «harra hiltzen ez den eta sua itzaltzen ez den lekura». Gehena, zigor-leku denez, juduen tradizio apokaliptikoan oinarritzen da; harra eta sua, berriz, Isaiasen liburuko hitz batzuetan. Pintore eta predikarientzat inspirazio-iturri aberats izan dira, batzuetan zoro jokatzeraino.

Azken gogoeta

Hitz gutxitan, gogoeta eta azterketa-gai ugaria eman digu Markosek, gainerakoen eta geure buruaren inguruan dugun jarreraz: baztertu gurekin ez dabiltzanak?, baztertu kristautasuna guk bezain zorrotz bizi ez dutenak? Aintzat hartzen al dugu baso bat ur ematearen keinua ala keinu handiak egin beharra amesten dugu azkenean ezer ez egiteko? Ez al dizkiot oztopoak jartzen jende xumearen edo Elizan inportantzia txikiena dutenen fedeari? Ez al dizkiot tranpak ipintzen neure buruari, Jesusekin ibiltzea eragozten didatenak?

José Luis Sicre