URTEKO 25. IGANDEA C (2016-09-18)

SARRERA

Senideok, urteko 25garren igandea ospatzen dugu gaur. Nola Amos profetak, lehen irakurgaian, hala Jesusek, ebanjelioan, diruarekin kontu izateko esaten digute; alegia, ez bihurtzeko dirua jainko. Ezin izan garela bi nagusiren zerbitzari; ezin izan garela Jesus Jainkoaren eta dirua jainkoaren zerbitzari.
Oso kontuan hartzekoak dira Amos profetaren hitzak. Salmentan neurgailuak aldatzea, prezioa igotzea, neurriz aldatutako balantzak erabiltzea, pobre bat diruz edo oinetako-pare batez erostea, zahia gari-irina balitz bezala saltzea. Zuzengabekeria horien kontra oihu egiten zuen Amos profetak, materialki aberatsa zen herri baten erdian (Am 8,4-7).
Zoritxarrez, aspaldi hartako tranpa horiek abusu-mota askotan errepikatzen dira gaur egungo gizartean: legez kanpoko egundoko soldatak, drogatik datozen irabazi zikinak, prostituzioa, etorkinen esplotazioa, arma-salmenta, engainuzko hipoteka eta banku-fondoak, etxebizitzen itxuragabeko prezioak, indarrik gabeko berme edo garantiak.
Gainera, Amosek egiten dituen salaketek erlijio-oihartzuna dute. Ilargi Berri eguna jaia izan ohi zen eta hartan debekatua zegoen salerosketa. Baina egun hartako atsedenaz baliatu ohi zen jende zekena, bere negozioak bideratzeko. Horregatik egiten du oihu hau profetak: injustizia hauek ezin ekarri dute gaitza besterik.
Eska diezaiogun Jaunari zentzutasun-apur bat, bai geuretzat, bai mundu osoarentzat; bereziki dirua eta boterea pilaka erabili ohi dutenentzat.

LEHEN IRAKURGAIA Amos profetaren liburutik (8,4-7)

Amos da lehenengo profeta, idazle deitzen ditugunen artean. Kristo aurreko 8garren mendean bizi izan zen. Hegoaldean, Judan jaioa zen eta bertan bizi zen. Baina Iparraldean, Israelen profeta-lana egitera deitu zion Jainkoak. Iparraldeak, hau da, Israel herriak oparotasun handia bizi du. Baina gizartea hautsirik da: jenderik gehienak egoera izugarri injustua bizi du. Sekulako aldea da pobreen eta aberatsen artean.
Egoera hau salatu du Amos profetak. Aberatsen luxua kritikatu du. Pobreak zapalduz egin dira aberats.
Gaurko pasarte honetan merkatariak salatzen ditu partikularki: gari-zakuak txikiago egiten dituzte, prezioa goratu, balantzetan ere tranpak egiten dituzte. Hau guztia zerura ari da oihuka, dio Amosek.
Senideok, ematen du Amosek begi aurrean duela gaurko gure egoera. Nolanahi ere, gaurko gizarte-egoerari zorrotz begiratzera gonbidatzen gaitu: bai norberarenari, bai gu baino mila bider okerrago bizi diren beste batzuenari, eta, beste aldetik, esku artean milioika pezeta ez, baizik milioika euro darabiltzatenen egoerari. Baina ikustera gonbidatzeaz gainera, egoera hori guztia ebaluatzera gonbidatzen gaitu, eta, hirugarren, lan egitera egoera hori aldatzeko, bakoitzak ahal duen neurrian.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako Bigarren Gutunetik (2,1-8)

Irakurtzera goazen Timoteo bigarrenaren pasarte honetan, autoreak esaten digu, otoitza ez dela memento bateko burukada edo bihozkada baten arazoa. Unibertsala izan behar duela, gizon-emakume guztiak hartzen dituena, agintariak barne. Jainkoak munduaz eta partikularki gizadiaz duen asmoari erantzun behar diola otoitzak; eta, badakigu, Jainkoak gizon-emakume «guztiak salba daitezen nahi du».
Pasarte honetako bi txatal garrantzi handikoak dira; kredo labur bat bezala dira; hona zer dioten: «Jainko bat bakarra, bitarteko bat bakarra Jainkoaren eta gizakien artean; hau da, Jesu Kristo gizona, guztiak salbatzeko bere burua eman duena». Beraz, Jainko bat bakarra eta bitarteko bat bakarra: Jesu Kristo.
Agian, «Jainko bat bakarra» delako honek gaurko ebanjeliora garamatza: ezin izan gara bi jainkoren zerbitzari; ezin izan gara jainko diruaren eta Jesus Jainkoaren zerbitzari.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (16,1-13)

Jesus bidean gora doa, Jerusalemerantz. Bidean bere ikasleak eskolatuz eta heziz doa.
Gaurko pasarte honetan zein jarrera izan adierazten du diruaren aurrean, aberastasunen eta Jainkoa ez den guztiaren aurrean.
Aberastasunak Jainkoak eginak eta emanak ditugu. Administratzaile huts gara gu. Gizakiaren zerbitzurako dira aberastasunak.
Gaurko parabolak hiru zati ditu. Lehena: administratzaile bat kargutik bota du nagusiak; baina, kargua erabat utzi aurretik, oso azti jokatu du administratzaile gaiztoak: zordunei zor-agiria faltsutzeko aukera eman die; zor-agirian egiaz zor dutena baino gutxiago jartzeko aukera eman die; guztia, zordun horiek bere adiskide egiteko. Bigarren zatia: ondasunez zuzen baliatzeko esaten digu; azti jokatzeko. Hirugarren zatia: esaten du, ezin izan garela Jainko bakarraren eta jainko bihurtutako ondasunen zerbitzari.
Labur esanik, alde batetik maitasuna da irizpidea ondasunez baliatzeko orduan: maitasuna, anai-arreba artekotasuna, eskuzabaltasuna, elkartasuna; bestetik, berriz, probetxu egoista dago, eta gauzak metatzeko antsia.
Bi bide horien artean, zein hartuko dugu?

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gizon-emakume guztien alde: zuzentasunaren eta anai-arreba arteko harremanen bidean hazten eta handitzen joan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: beste guztiak baino gehiago saia gaitezen pobreen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ikasturte honetan katekesian parte hartuko duten guztien alde: katekisten eta ikasleen alde: Jesus ezagutzen eta harekin bihotzez elkartzen joan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gerlan bizi diren herrien alde: bakerako bidea, elkarrizketa dela ikas dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.