Jainkoari lapurtzearen abantaila
Urteko 25. igandea C (2016-09-18)

OHARRA. Aste honetan nonbait izango naizelako, garaiz doazkizu 25. igandekoak

Jesus egunkaria bildu eta taldeari begira jarri zen:
−Istorio bat kontatu nahi dizuet. Alderdi politiko batek administratzaile bat zuen. Hau erregaliez aprobetxatzen zen Suitzako bere kontu pertsonala puzteko. Susmatu zuen, ordea, errezeloak zituztela bere kudeaketaz. Esan zion bere buruari: «Alderditik botako naute; are gehiago, badaiteke salaketa bat ezartzea ere. Oposizioko alderdiek ez didate lanik emango, ezta bankuek ere. Zer egin nezake? Koaderno batean idatziko ditut nire alderdi honen buruzagiei leporatzen ahal zaizkien oker guztien datuak, prentsan argitara emateko mehatxua egingo diet, eta ezagutuak izango diren beldurrez bakean utziko naute. Ondoren, Karibeko uharte batera joango naiz, gelditzen zaidan bizitzaz gozatzeko.
Taldeari begira jarraitu eta galdetu zien:
−Zer deritzozue administratzaile horri?
−… bat dela.
Pedrok egoki moztu zuen hasierakoa, baina argi zegoen zer utzi zuen isilik.
−Lapurreta egin dion alderdia zein den da kontua –komentatu zuen ironiaz Bartolomek.
−Ia guztiek egiten dute hori –bota zuen Tomasek.
−Ba al da inor administratzailearen alde?
Ez zuen ematen inor alde zegoenik, eta Jesusek jarraitu zuen:
−Beste istorio bat kontatuko dizuet orain; oraingoan lurjabe handi batena. Gizon aberats batek administratzaile bat zuen. Beraren ondasunak xahutzen ari zelako salaketa iritsi zitzaion. Hargatik, deitu eta esan zion: «Zer da zutaz esaten didaten hori? Emadazu zeure kudeaketaren balantzea, langabetu egin baitzaitut. Administratzailea bere kalkuluak egin hasi zen: «Zer egin nezake nagusiak lana kentzen baitit? Aitzurrerako ez dut indarrik; eskean hasteak lotsa ematen dit. Badakit zer egin, administraziotik botako nauenean etxean hartuko nauen norbait izan dezadan». Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitzen hasi zen. Lehenari esan zion: «Zenbat zor diozu nire nagusiari?» Eta hark erantzun: «Ehun olio-upel». Eta administratzaileak: «Hona zeure agiria; presaka, eseri eta idatzi berrogeita hamar». Gero esan zion beste bati: «Eta zuk, zenbat zor diozu?» Eta hark: «Ehun anega gari». Eta administratzaileak: «Hona zeure agiria, idatzi laurogei».
Pausaldi bat egin eta galdetu zien Jesusek:
−Ba al dakizue zein izan zen lurjabe handiaren erreakzioa?
−Salatu egin zuen, kartzelan sar zezaten. Aberatsak … dira.
−Oker zabiltza, Felipe. Goratu egin zuen hain aztia izateagatik.
Felipek ezin sinetsirik begiratu zion.
−Eta zuri ondo iruditzen al zaizu?
−Bikain deritzot. Etsenplua da guztientzat.
Pedrok buruan hatz egin eta komentatu zuen sinetsi ezinik.
−Lapurretari eman diezaiogun nahi al duzue?
−Dirua azti erabiltzeari eman diezaiozuen nahi dut. Zergatik egin zituen administratzaileak tranpa horiek? Zeren bila zebilen?
−Lana eman ziezaioten administrazioa kenduko ziotenean –iradoki zuen Sarak.
−Antzeko zerbait –erantzun zuen Jesusek−. Istorioa kontatu dizuedanean, beste esapide bat erabili dut: nahi duena norbaitek etxean har nazan da. Jabetzen al zarete nondik nora nabilen?
−Ez.
Hondo-hondotik hartu zuen Jesusek arnasa. Ezin ohitu zen ikasleek ageri zuten adimen eskasera.
−Administratzailea bezalako zarete zuek ere. Goiz edo berandu, kontu emango beharko duzue dirua nola kudeatu duzuen.
−Dirua, ez. Gure dirua –ausartu zen Levi zuzentzera.
−Zuen dirua, ez. Jainkoaren dirua. Daukagun guztia Jainkoarena da, eta geure esku utzi digu administratzeko. Axolagabe xahutu genezake, eta kontuak eskatuko lizkiguke hartaz. Eta beste batzuei ematen ahal genieke, lurjabe handiaren administratzaileak bezala, eta adiskideak irabaziko genituzke, Kariberako bidaia bat ordaintzeko.
−Karibea zerua da, ezta? –esan zion Mariak txantxetan.
−Horixe. Eta bidaia hori egiteko ezin aurreztu da. Alderantziz, gastatu egin behar da dirua, premian denari emanez.
−Nik nahiago, bidaia nik neuk ordaindu.
−Ezin duzu. Beste batzuek behar dute ordaindu zuretzat.
−Nik ulertzen ez dudana –eten zuen Felipek−, dirua ez dudala neurea da. Okindegia, urte askotako lana eta nekea kostatu zitzaion gure aitari.
−Zuen aitaren okindegia, Judasen furgoneta, gauza ezdeusak dira, baliorik gabeak. Benetan balio duena, Karibeko hotelean gela batez gozatzea da. Baina bizitza honetan gomendatu dizkizun ondasunak ondo administratzen ez badituzu, ez da zutaz fidatuko, eta ez dizu hotelean sartzen utziko.
Pedrok bizarra ferekatu zuen.
−Oso korapilatsua, Maisu, hau dena.
−Ez duzula ulertzen?, ala ez duzula ulertu nahi?

Parabolaren ironia

Haurreko bi paraboletako bigarrena, Lukasen ebanjelioak osorik dakarrena, eskandalagarri gertatu ohi zaio jende askori: Jesusek administratzaile lotsagabea goratu egin duela eta. Baina parabola ulertzeko zailtasunak, Jesusek oinarritzat dituen beste aurreuste batzuetatik datoz, gure izaeraren kontra doazenetatik.
1.-Gu ez gara jabe, baizik administratzaile. Daukagun guztia, herentziaz nahiz geure lanaren fruitu bezala, ez da jabetza pertsonal bat, baizik Jainkoak eskura utzi diguna, zuzen erabili ahal izateko.
2.- Ondasun material horiek, handienak eta txundigarrienak iruditurik ere, ez dira deus ondasun gorenarekin alderaturik, «betiko egoitzan hartuak izatearekin» (Karibeko hotelean) konparaturik.
3.- Goreneko ondasun hori eskuratzeko, gauzarik hoberena ez da hartutako kapitala handitzea, baizik xahutzea premian direnen mesedetan.
Parabolaren ironia, esaten digun honetan datza: premian denari dirua ematen diozunean, uste izaten duzu, zeurea duzun zerbait galtzen duzula. Egiaz, ordea, Jainkoari ari zara dirua harrapatzen zeuretzat adiskide bat irabazteko, zuretzat erregutuko duena une erabakitzailean.

Diruaren idolatria

Gaurko ebanjelioa oso sonatuak diren hitz hauekin bukatzen da: Zerbitzari bat ezin izan da bi nagusiren zerbitzari, bata gorroto izango baitu eta bestea maite, edota lehenari lagunduko baitio eta besteari ez. Ezin izan zarete Jainkoaren eta diruaren zerbitzari.
Jesus ez da abiatu plurienpleguaren esperientziatik, zeinetan pertsona bat ondo konpontzen baita bi enpresa desberdinetan; asmo eta jarrera guztiz kontrakoak dituzten bi nagusiren zerbitzari den pertsonaren esperientzia du Jesusek buruan. Ezin bizi daiteke gustura biekin. Horixe da gertatzen Jainkoaren eta diruaren artean.
Idolatriaren kontra eta lehen aginduaren defentsan ikusten duen borrokaren («ez duzu nire kontra beste jainkorik izango») ildoan txertatu ditu Jesusek hitz hauek. Itun Zaharra paganoen jainkoen eta idoloen gaitzespena da hein handian, egiazko Jainko bakarraren areriotzat hartzen baitzituzten. Hasiera batean, israeldarrek uste izan zuten Jainkoaren arerio bakarrak auzoko herrietako jainkoak zirela (Baal, Astarte, Marduk, etab.). Baina profetek ikusarazi zieten Jainkoaren arerioak edozein eremutan aurki daitezkeela, arlo ekonomikoa barne. Jesusentzat, aberastasuna idolo bihur daiteke, kultua eskaintzen dioguna, idolatriara garamatzana.
Jakina, gutako inor ez da joango banketxe batera edo aurrezki-kutxa batera diruaren jainkoari otoitz egitera, ezta bankeroei bederatziurren bat egitera ere. Baina, hondo-hondoan, gerta liteke diruaren idolatrian erortzen joatea. Itun Zaharraren eta Berriaren arabera, hiru eratan eskain dakioke kultua diruari:
1) zuzeneko injustiziaren bidez (lapurreta, engainua, hilketa, gehiago edukitzeko). Dirua guztizko ondasun bihurtzen da, Jainkoaren, lagun hurkoaren eta norberaren gainetik hura jarriz. Lehen irakurgaian dator gai hau, Amos profetagandik hartuan.
2) zeharkako injustiziaren bidez, egoismoaz: ez dio zuzenean kalterik egiten lagun hurkoari, baina haren premiez arduragabe izatea ekarri ohi du. Adibide klasikoa, aberatsaren eta Lazaroren parabola da, datorren igandean entzungo duguna.
3) mundu honetako ondasunen estutasuna dela medio: Jainkoaren ardurarekiko fedea galarazten digu.

Zuzeneko injustiziaren kasu batzuk: Amos 8,4-7

Amos K.a. VIII. mendeko profeta judua da. Zorrotz kritikatu zituen bere garaiko injustizia sozialak. Gaurkoan salerosleak kritikatzen ditu, jende apala ustiatzen dutelako. Hiru gauza aurpegiratzen dizkie:
1) Jai erlijiosoak (larunbata, gure igandearen baliokidea, eta ilberria, 28 egunerokoa) zapuzten dituzte; beren dendak irekitzea eta salerosketa egitea galarazten dizkietelako. Adibide argia, «ezin izan garela Jainkoaren eta diruaren zerbitzari».
2) Tranpak egitera jotzen dute, aberasteko: neurriak txikiago egin (800 gr-ko kiloa), prezioak handitu (pezetako ogia euroko egitea izan zen adibide bat, historiara pasatuko dena) eta balantzak faltsutzea.
3) Gizakiak salerostea, esklaboen salerosketan islatua: pertsona batez salneurri barregarrian jabetuz, «sandalia-pare baten pare». Gaur egun ere gertatzen dira, bai benetako esklabotasun-kasuak (adibidez, beren aberkideen lantegietan lan egiteko isilka ekarritako txinatarren kontra), bai tapatuxeagoak diren esklabotasun-kasuak ere (Almeriako negutegiak; miseriazko soldatak, ekonomia-koiunturaz baliatuz, etab.).

José Luis Sicre