DIRUA (Lukas 16,1-13)
Urteko 25. igandea C 2016-09-18

OHARRA: Aste honetan nonbait izango naizelako, garaiz doazkizu 25. igandekoak

Jesusek ezagutu zuen gizartea gurea ez bezalakoa zen oso. Jerusalemgo familia boteretsuek eta Tiberiades inguruko lurjabe handiek soilik metatu zezaketen urrezko eta zilarrezko monetarik. Landa-jendeak doi-doi eskura zezakeen brontzezko edo kobrezko monetaren bat, nolanahi ere balio eskasekoak. Jende asko dirurik gabe bizi zen, produktuak trukatzera mugatzen zen, bizitze hutseko erregimenari loturik.

Gizarte horretan, maiztasun harrigarriz mintzo da Jesus diruaz. Lurrik eta lan finkorik gabe, Profeta ibiltari huts bizi delarik eta Jainkoaren arazoei emanik, erabateko askatasunez hitz egiteko aukera ematen du. Bestalde, pobreekiko maitasunak eta Jainkoaren zuzentasunarekiko grinak baztertuak defenditzera eragiten diote beti eta estu.

Hizkuntza oso bereziaz mintzo da diruaz. Berez bezala atera zaio esapide hau: «diru zuzengabea» edo «aberastasun zuzengabea». Itxuraz, ez du ezagutzen «diru garbirik». Jende boteretsu haren aberastasuna zuzengabea da, zeren modu zuzengabean metatua baita eta pobreekin eta gose direnekin partekatu gabe gozatzen baitu hartaz.

Zer egin beharko lukete aberastasun zuzengabe horren jabe direnek? Jesusen hitz bitxiak dakartza Lukasek. Esaldia laburraren laburraz iluna gerta daitekeen arren, haren edukia ezin ahantzizkoa da. «Nik diotsuet: Irabazi adiskideak diru zuzengabeaz, honen falta izango duzuenean betiko egoitzan har zaitzaten».

Hau diotse Jesusek aberatsei: «Erabili zeuen aberastasun zuzengabeak pobreei laguntzen; irabazi haien adiskidetasuna zeuen ondasunak haiekin partekatuz. Haiek izango dituzue zeuen adiskide eta, heriotzako orduan dirua ezertako baliozko eta on izango ez duzuenean, haiek onartuko zaituztete Aitaren etxean». Beste hitz batzuez esanik: diru zuzengabea Jainkoaren aurrean «zuritzeko» erarik egokiena haren seme-alaba pobreenekin partekatzea izango duzue.

Jesusen hitzek ez zuten izan harrera onik. Lukasek diosku ezen «fariseu batzuk zirela gauza hauek entzuten ari zirenak, aberastasun zale batzuk, eta Jesusi burla egiten ziotela». Ez zuten gogoko hari diruaz hitz egiten entzutea. Legea ezagutu eta leial betetzea bakarrik zuten gogoko. Jainkoak haien bizitza bedeinkatu izanaren seinaletzat zituzten beren aberastasunak.

Tradizio bibliko luzeak baietsia izan arren, aberastasunak bedeinkapen-seinaletzat hartu nahi izate hori ez da ebanjelioaren araberakoa. Ozenki esan beharra da hori gau egun, zeren bai baitira pertsona aberatsak berez bezala pentsatzen dutenak beren ekonomi arrakasta eta beren oparotasuna direla Jainkoak beren bizitza onesten duenaren seinale argiena.

Jesusen jarraitzaileak ezin egin du edozer gauza diruaz: bada zuzengabea den dirua irabazteko ere bat, oker gastatzeko era bat, oker gozatzeko era bat, zeren behartsuez ahaztuz egiten baita.

Jose Antonio Pagola