Ikasle trakets, beldurti eta handinahiak (Markos 9,30-37)
Urteko 25. igandea B 2021-09-19

Pedroren aitorpenak («Zu Mesias zara»), joan den igandean irakurri genuenak, Markosen ebanjelioaren lehen zatiaren bukaera markatzen du. Bigarren zatia, Jesusek hiru aldiz iragarritako bere heriotzaren eta piztueraren inguruan egituratu du Markosek; hiru iragarpen horiei hiru kontaerek jarraitzen diete, ikasleen ezin ulertua agerian ipini dutenek. Joan den igandean lehen iragarpena eta Pedroren erreakzioa irakurri genituen: Pedrok ezin jasan du Jesusek sufritu eta hil behar izatearen ideia. Gaur bigarren iragarpena irakurri dugu, guztien ezin ulertuak jarraitzen diola (Mk 9,30-37).

Nekaldiaren eta piztueraren bigarren iragarpena (Mk 9.30-31)

Jesusek bere jardueran beste etapa bati ekin dio: Galilean barna ibiltzen jarraitu du, baina ez da ari jendeari berri ona hots egiten, baizik eta ikasleen formazioa du ardatz. Eta eman dien lehen ikasgaia ez da gai berria, jada esana dien zerbait errepikatu die; oso labur, argi eta garbi geldi dadin: Lehen iragarpenean ez bezala, honetan ez du zehaztu zein izango diren arerioak; apaiz nagusien, lege-maisuen eta senatarien ordez «gizakiak» aipatzen ditu, besterik gabe. Ez ditu aipatzen irainak eta sufrimenak ere. Guztiaren ardatz, heriotza-piztuera binomioa da. Nekaldia eta piztuera Aste Santuarekin erlazionatzen ohituak gaudenontzat, garrantzizkoa da gogoan izatea, Jesusek bere bizitza guztian izan dituela horiek buruan. Jesusentzat egun bakoitza da Ostiral Santu eta Piztuera Igande.

Ezin ulertuaren bigarren agerpena (Mk 9,32)

Lehen iragarpena entzutean, Pedrok Jesusi haserre eginez erreakzionatu du, eta Jesusen erantzun zakarra entzun behar izan du. Ez da, beraz, harritzekoa oraingoan ikasle guztiak isilik gelditu izana, nahiz eta Jesusi ezin ulertuz jarraitzen duten; guk kontsolamendu txiki izan beharko genuke hori Jesusek esaten eta egiten duena, edota bizitzak aurkezten dizkigun misterioak, ezin ulertu ditugunean. Jesus ulertzen duela ozenki esaten duenak garbi agertzen du ez dela oso buru-argi.

Ikasleek ez ulertu izanaren frogarik argiena, Kafarnaumera bidekoa da: beren artean garrantzizkoena zein den eztabaidatu dute. Hobeto esan, zerbait ulertu dute. Izan ere, eztabaida zertaz izan duten Jesusek galdetu dienean, isilik geratu dira; lotsa eman die aitortzeak, beren solaseko gaia Jesusek bere heriotzaz eta piztueraz esan dienaren kontrakoa izan da eta.

Irakaspen labur bat eta ekintza sinboliko bat ez batere erromantikoa (Mk 9,33-37)

Beraien artean garrantzizkoena zein denaz egindako eztabaida eta Jesusen jarrera iraultzailea ulertzeko, merezi du gogoratzea Qumranen bizi zutena. Elkarte hartan hau dute agindua: «Apaizak joango dira lehen postuan, deituak izan direnaren arabera. Haien ondoren lebitarrak, eta hirugarrenean herria (…). Jakin dezala israeldar orok bere zerbitzu-postua Jainkoaren elkartean, beti-betiko egitasmoaren araberakoa. Ez dadila inor beheratu bere postutik, ezta igo ere dagokion postua baino gorago» (Elkartearen Araudia II, 19-23).

Qumraneko hierarkia-hurrenkera hau nabari da beste pasarte batean ere, bilerei dagokienez: «Denak nor bere postuan direla, eser daitezela lehenik apaizak; bigarren, zaharrak; hirugarren, gainerako herria. Nor bere lekuan» (VI,8-9).

Garrantzizkoena zein denaz hitz egiteak, garrantzi gutxienekoa mespretxatzea du berekin, hondo-hondoan. Beste irakaspen bat eman nahi die Jesusek ikasleei, era solemnean. Ez da mugatu hitz egitera. Eseri egin da, dei egin die Hamabiei, eta Qumranekoen irakaspenarekiko gauza iraultzaile bat agertu die: «Lehena izan nahi duena izan dadila guztietan azkena eta guztien zerbitzaria». (Joan ebanjelariak adibidetzat Jesusek oinak garbitu izana gogoraziz bistarazi nahi izan du.)

Segidan, keinu sinboliko bat egin du Jesusek, antzinako profeten estilokoa: haur bat hartu eta besoetan estutu du. Norbaitek har lezake hau keinu erromantikotzat, baina Jesusek jaulki dituen hitzak beste alde batetik doaz, oso desberdinetik: «Txiki hauetako bat nire izenean onartuko duenak ni neu onartuko nau, eta ni onartuko nauenak, ez nau ni onartuko, baizik eta ni bidali nauena». Jesus ez da ari haurrak txeratsu onartzeaz, baizik eta halakoak beraren izenean onartzeaz, halakoak kristau-elkartean onartzeaz. Eta handiena izateaz eta zerbitzari izateaz esan duena bezain iraultzaile da hau.

Israelen estimatuena zen talde erlijiosoa, kurioski ebanjelioetan aipatzen ez dena, esenioena zen. Hauek ez ziren haur zale. Alexandriako Filonek, bere Hebrearren Apologia liburuan, dio, «esenioen artean ez dela, ez haurrik, ez gaztetxorik, ez gazterik, adin horretako izaera oinarririk gabea eta berrikeriei emana delako, heldutasun-falta dela eta. Badira, aldiz, gizaki helduak, zahartzarotik hurbileko, gorputzaren aldaketak dominatzen ez dituenak, ezta arrastatzen ere grinek, aitzitik egiazko eta bakarra den askatasunaren jabe oso direnak».

Dosa ben Arkinos rabik ere ez zuen estimu handirik haurrekiko. «Goizeko loak, eguerdiko ardoak, haurrekin hizketan jarduteak eta herri xehea biltzen den lekuetan luze ibiltzeak mundutik ateratzen dute gizakia» (Abot, 3,14).

Jesusek, aldiz, dio, beraren izenean onartzen dituenak bera onartzen duela, eta, beraren bidez, Aita. Ezin esan ezer handiagorik haurrez. Ebanjelioan, inon ere ez du esan Jesusek pertsona inportante bat onartzen duenak bera onartzen duenik. Daitekeena da, pasadizo honek, ikasleentzat jarraibide izateaz gain, ebanjelariak zuzentzat eman nahi izana haurren presentzia kristau-batzarretan (batzuetan modu berritsu edo jasanezinekoan portatuko badira ere).

[Jesusen eta haurren gai hau irtengo bide da geroago Markosen ebanjelioan, bedeinkatuko eta Jainkoaren erreinuan sartzeko eredutzat emango dituenean. Pasarte hori, zoritxarrez, ez da irakurtzen igandeetako liturgian.]

Zergatik erail nahi du Jesus zenbaitek? (1. Irakurgaia: Jakinduria 2,12.17-20)

Jakinduria liburua kasik Itun Berriaren garaikidea da (K.a. I. mendearen eta K.o. I. mendearen artean). Grekoz idatzia delako, juduek ez dute hartu inspiratutzat, ezta Luterok eta kanon laburra bakarrik onartzen duten elizek ere. Bigarren kapituluak, judu apostatek Jainkoari leial jarraitu nahi dutenekin bizi duten gerla islatzen du. Testu bikain horretatik txatal bakan batzuk aukeratu dira, Jesusek bere nekaldiaz eta piztueraz egin duen iragarpenarekin erlazionatzeko. Pena da, 12. txataletik 17.era jauzi egin izana, 13-16 pasartea kenduz; nik, ordea, kontuan hartu ditut segidako neure iruzkin honetan.

Ebanjelioan Jesusek iragarri du: «Gizonaren Semea gizonen eskuetara emango dute». Zergatik? Markosek ez du esan. Jakinduria liburuko testu hau lagungarri izango dugu hori ulertzeko. Gaiztoen ahoan ipini du zer ikusten duten gogaikarri harengan eta zer uste duten hartaz. «gogaikarri gertatzen baitzaigu, gure jokaerari aurka egiten diolako: geure bekatuak aurpegiratzen dizkigu, legea haustea aurpegiratzen digu; gogaikarri zaigu, Jainkoa ezagutzen duela dioelako, eta Jaunaren seme izena hartzen duelako eta Jainkoa bere Aita izateaz harrotzen delako. Horrenbestez, zer egin nahi diote? «Irainak eta torturak egingo dizkiogu. Heriotza lotsagarrira kondenatuko dugu. Konbentziturik dago Jainkoak lagunduko diola, baina guk badakigu ez duela horrelakorik izango». Oker dabiltza. «Hil ondoren, hirugarren egunean piztuko da».

Bigarren irakurgaia: inbidiak, borrokak eta gatazkak (Santiagoren Gutuna 3,16¬4,3)

Bigarren irakurgai hau erlaziona genezake gaurko ebanjelioaren bigarren zatiarekin. Kasu honetan, kontua ez da zein den handiena edo inportanteena, baizik eta kristau-elkartean sortuko diren gatazkak; gutunaren idazleak plazer-gogoari, diru-goseari eta handinahiari egozten dizkio gatazko horiek. Nahi dena lortzen ez denean, ase-faltak gatazka-mota guztietara eragiten dio gizakiari.

«Jauna dut ene biziaren sostengu»

Salmoa lehen irakurgaian aipatzen den zintzoari bezain ondo aplikatzen zaio Jesusi. Kasu bietan, «arrotzek eraso didate, gogorkeria zaleak ni hil nahian dabiltza». Baina biak konbentziturik daude: «Baina nik Jainkoa dut lagun, Jauna biziaren benetako babes». Salmoak Jesusi lagun egitera gonbidatzen gaitu, bai bere heriotzan pentsatzen duenean, bai buruan bere piztuera duenean, eta lagun egitera sufritzen ari diren guztiei, eta ez jardutera handiena zein den eztabaidan.

José Luis Sicre