GARRANTZIZKOAK Marcos 9,30-37
Urteko 25. Igandea B 2021-09-19

Dudarik gabe, gure irizpideak ez dira bat etortzen Jesusenekin. Gutako zeinek uste du gaur egun gizon-emakume garrantzizkoenak gainerakoen zerbitzura bizi direnak direla?

Guretzat, garrantzizkoa izen handiko pertsona da, bere buruaz seguru ageri dena, bizitzako alorren batean arrakasta lortu duena, gainerakoen gaineko ageri den eta jendeak txalotu ohi duena. Telebistan etengabe ikus ditzakegun horiek: lider politiko, «Nobel saridun», modako kantari, besterik ez bezalako kirolari… Zein horiek baino garrantzizkoago?

Jesusen irizpidearen arabera, berriz, besterik gabe, beste hauen dira garrantzizko: milaka eta milaka gizon-emakume anonimo horiek, aurpegiz ezezagun direnak, inork ere omenaldirik egingo ez dienak, baina norberaren probetxurik gabe besteen zerbitzuan jo eta ke dihardutenak. Beren arrakasta pertsonalerako bizi ez direnak. Era egoistan beren desioak nola aseko ez, baizik eta gainerakoen zorionaz arduratzen direnak.

Jesusen ustez, bada handitasun bat honelako pertsona hauen bizitzan: ezin asmatu dute zorioneko izaten gainerakoen zoriona gabe. Berauen bizitza buru-eskaintzazko eta buru-ardurarik gabeko misterioa da. Beren bizitza gainerakoen eskura jartzen dakitenak dira. Beren onberatasunak eraginik jokatzen dute. Solidaritateak sustatzen ditu beraien lana, beraien egunean eguneko zeregina, beraien harremanak, beraien bizikidetasuna.

Ez dira bizi lan egiteko bakarrik, ezta gozatzeko bakarrik ere. Beren bizitza ez dute mugatzen beren lanbide-betebeharrak burutzera edota beren egitekoa zorrotz gauzatzera. Jende horren bizitzak badu berekin beste zerbait gehiago. Era sortzailean bizi dira. Beren bidean aurkitzen dute pertsona bakoitza, beren ingurunean sumatzen duten oinaze bakoitza, ondoan sortzen zaien problema bakoitza hartzen dute deitzat, jardutera, zerbitzatzera eta laguntzera eragiten diena.

«Azkenak» diren itxura nabari ahal zaie, baina handia dute benetan beren bizitza. Denok dakigu, maitasun eta buru-axolarik gabeko bizitzak pena merezi duela, nahiz ez garen ausartzen halakorik bizitzera. Agian, apal-apal egin beharko genuke otoitz Teilhard de Chardinek egin ohi zuen bezala: «Jauna, erantzungo diot zure inspirazio sakonari, existitzeko agintzen didanari, arduraz bizirik neure maitasun-indarra eta on egitekoa ez itotzeko, ez desbideratzeko, ez alferrik galtzeko».

Jose Antonio Pagola